Orfeoi Donostiarrak Gazteen Kontzertu Solidarioaren 15.edizioan parte hartuko du
Asteazkena, Urtarrila 31, 2024

Ayete Ikastetxe Nagusiak Gazteen Kontzertu Solidarioaren 15. edizioa aurkeztu du. Donostiako Orfeoia protagonista eta Caritas Gipuzkoaren alde, otsailaren 23an egingo da, ostirala, arratsaldeko 19:30etan, Koruko Andre Mariaren Basilikan. Oraingo honetan, Donostiako Orfeoiak (José Antonio Sainz Alfarok zuzenduta) eta Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren katedraleko organistak "De la plegaria a la resurrección" emanaldia eskainiko dute.

Nabarmentzekoa da Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko ikasleek eta Ayete Ikastetxe Nagusiko egoiliarrek antolatutako Kontzertuko sarrerekin bildutako dirua Hotzaldira bideratuko dela, Caritas Gipuzkoaren gaueko harrera-zentrora. Sergio Corchónek, Caritas Gipuzkoako Etxerik Gabeko Pertsonen arloko arduradunak, ekimena aurrera ateratzeko egindako ahalegina eskertu du: "Bereziki pozten gaitu gazte konprometituak ikusteak, kalean askotan entzuten denetik urrun".

Bestalde, Gonzalo Arangurenek, Ayete Ikastetxe Nagusiko zuzendariak, kontzertuaren helburua nabarmendu du, hots, “gazteak konturatzea gure ingurune gertutik kanpo, kalean, gure laguntza beharrezkoa dela". Era berean, ekimena duela 15 urte nola sortu zen gogoratu du, arrakasta izango zuen ala ez jakin gabe. "Orain arte, proiektu hau hainbat lekutan aurrera eramatea lortu dugu, hala nola, Kursaalean, Victoria Eugenia antzokian eta Aieteko edo Koruko Santa Maria parrokietan. Orfeoiaren laguntza eskertzen dugu, musika beti gure bizitzekin batera doan artea baita, denborak aurrera egin arren”, azpimarratu du.

Jose Antonio Sainz Alfarok, Donostiako Orfeoiaren zuzendariak, adierazi duenez, "plazer handia da Gazteen Kontzertu Solidarioan parte hartzea. Musikaren eta ahotsaren bidez ere, egunero ikusten ditugun desberdintasun sozialeko egoeren inguruan sentsibilizazioa zabaldu nahi dugu". Era berean, "kontzertu ederra" izango

dela azaldu du, Orfeoiaren denboraldiko lehena. "Tomas Garbizuren Ave María, Madinaren Aita Gurea, Gustav Mahlerren Berpizte 2. Sinfonia eta Lloyd Weberren Pie Jesu bezalako lanak ez dira faltako errepertorioan".

Hotzaldi

Hotzaldi Caritas Gipuzkoaren gaueko harrera-zentro bat da, etxerik gabeko pertsonentzako 30 plaza dituena (26 gizon eta 4 emakume). Zentroan gizarte eta hezkuntza laguntza eskaintzen da boluntarioen, hezkuntza-talde eta gizarte-langile baten eskutik; baita ostatua eta gosari eta afari zerbitzuak ere. Hotzaldi Donostiako Jose Elosegi etorbidean dago eta egunero dago irekita, gaueko 21:00etatik goizeko 09:00etara. 2023an, 110 pertsona baino gehiago hartu zituen, gehienak jatorri atzerritarreko gizonezko gazteak.

SARRERAK EROSI

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.