Donostiako Orfeoiak eta Berlingo filarmonikoak amituko dute Kanarietako 23. Jaialdia Simon Rattle-k zuzenduta.
Monday, February 26, 2007

Donostiako Orfeoiak eta Berlingo Filarmonikoak amaituko dute Kanarietako 23. Musikaldia Simon Rattlek zuzenduta. Hilaren 27an Mahlerren 2. Sinfonia, «Berpizkundea», interpretatuko dute Las Palmas Kanaria Handiko Alfredo Kraus auditoriumean, eta, martxoaren 2an, obra bera Tenerifeko auditoriumean. Bi kontzertuetan Soile Isokoski sopranoa eta Bernarda Fink kontraltoa arituko dira bakarlari gisa. Ekitaldi hauek garrantzitsuak izango dira Orfeoiarentzat; izan ere, Berlingo Sinfonikoarekin berriro ere abestuko baitute, eta, lehendabiziko aldiz, Rattle zuzendaria izango dute gidari. Rattle zuzendari izendatu zuten 2002an Claudio Abbadoren ordez. Espainiako ikusleentzat ere lehen aukera izango da orkestra hau Simon Rattle buru duela entzuteko. Rattle egungo zuzendari karismatikoenetako bezala jotzen dute. Kontzertu hauek ikusmin handia piztu dute, eta azkeneko bi hilabeteetan sarrerak amaituta daude. Musikaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, hamarkadako musika-ekitaldirik garrantzitsuena izango da Kanariar Uharteetan.

«Berlingo Filarmonikoa sinboloa da, Alemaniako kulturaren nortasun adierazleetako bat», adierazi zuen bertako titular Claudio Abbadok. Eta beste lau arrazoi ere eman zituen Filarmonikoaren osasun ona azaltzeko. «Bat: tradizio izugarriko orkestra dela, musikari maitasun bizia diona. Bi: bertako instrumentistek ganbera-musika egiten dute urte osoan. Hiru: betikoari kontra egiteko gogo bizia izaten dute. Eta lau: orkestra etengabe berritzeko prozesuan dago, talde bat biziberritzeko izaten duen garrantzia kontuan hartuta».

Sei zuzendari izan ditu Filarmonikoak bere 125 urteetan: Hans von Bülow (1887tik 1894ra), Arthur Nikisch (1895etik 1922ra), Wilhelm Furtwängler (1922tik 1954ra), Herbert von Karajan (1955etik 1989ra), Claudio Abbado (1989tik 2002ra) eta Simon Rattle 2002tik aurrera.

Donostiako Orfeoiak aurten 110 urte beteko ditu, eta orkestra honekin hamar kontzertu historiko eman ditu 1973. urtetik hona. 1997an, Abbadorekin Mahlerren 2. Sinfonia interpretatu zuen Madrilgo Auditorium Nazionalean, eta, urte horretan bertan, Berlinen, Silvesterkonzertak, Filarmonikoak bere egoitzan ematen dituen urte amaierako kontzertuak. 2001ean Verdiren bi Requiem gogoangarri interpretatu zituen Abbado zuzendari zela, eta Suediako Irratiaren eta Eric Ericson Ganberaren koruekin. Bi kontzertu haiek CD batean bildu zituzten, eta Grammy sarietarako hautagai izan zen. Azkenik, 2001ean Orfeoia berriro ere Berlinera itzuli zen Brucknerren Meza Fan lana interpretatzera. Daniel Barenboim-ek zuzendutako hiru kontzertutan interpretatu zuten obra.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.