Aste Santuko kontzertuak Coruñan eta Cuencan, Víctor Pabloren eta Galiziako Orkestra Sinfonikoaren eskuti.
Monday, April 2, 2007

Orfeoiak bi kontzertu emango ditu Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin; Coruñako Opera jauregian, datorren asteazkenean, eta Cuencan, Ostiral Santu egunez, hiri horretako Musika Erlijiosoaren 46. Astearen barruan. Bi hirietan, Víctor Pablo Pérez zuzendari dela, Bruckner-en Meza Fa-n interpretatuko dute. Prestakuntza tekniko handia eskatzen duen obra da, tentsioari etengabe eutsi behar zaiolako. Marie Arnet (sopranoa), Anna Stephany (mezzoa), Dimitri Korchck (tenorra) eta Attila Jun (baxua) abeslariek osatzen dute ahots zerrenda.

Anton Bruckner austriar musikagileak idatzi zuen -bere hiru mezetatik azkenekoa da- eta Bruckner bera zuzendari zela estreinatu zuten, 1872an, Vienan. Zailtasun handiak izan zituen obra eskerga hori estreinatzeko -hala edukiz, nola formatuz-, eta estreinaldiko kostuen zati bat berak ordaindu behar izan zuen. Nabarmentzekoak dira hasieratik izan zituen kritika oso onak.

Orfeoiak askotan interpretatu du azken urteotan. Hona, ondoren, nabarmentzekoenak: Madrilgo Teatro Real antzokian, hiru alditan, 1988an, López Cobos zuzendari zela; beste hiru emanaldi, Alemaniako hiriburuan, 2001ean, Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Daniel Barenboimen zuzendaritzapean; 2001eko Musika Hamabostaldirako eta Santanderko Jaialdirako bertsioak, Marek Janowski eta Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin; eta, azkenik, Tenerifekoa, uharte hartako Orkestra Sinfonikoarekin eta Víctor Pablo zuzendariarekin.

Bruckner da, haren garaikide Gustav Mahler-ekin batera, Víctor Pablo Pérezen espezialitateetako bat. Burgosko maisuaren karrera ez da ulertzen Brucknerren partiturekin egin dituen lan gogoangarriak gabe. Orfeoiaren egoitzan joan den astean egin diren prestatze saioetan adierazi duenez, Brucknerren sinfonia guztiak zuzendu ditu bai Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin, bai Galiziakoarekin. «Ez dakit hori egin duen zuzendari bakarra edo bakanetakoa naizen. Ez dut zergatia ezagutzen -aitortu du- baina oso hurbil sentitzen dudan konpositorea da eta asko sakondu dut haren musikan», adierazi du. Orfeoia ere hurbilekoa du, ez daramate alferrik mende laurden bat elkarrekin lanean. «Lehena Brahmsen Requiema izan zen, Asturiasko Orkestrarekin. Geroztik, emanaldi asko izan dira, Brucknerren Te Deum zoragarri hura, adibidez, 1991n Cuencan interpretatu genuena, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoarekin, artean auditoriumik ez zegoenean eta kontzertuak San Paulo elizan ematen zirenean. Nire ustean, Orfeoiarekin meza hau berriro egitea, Coruñan eta Cuencan, benetako plazera da. 2005ean ere interpretatu genuen, Tenerifen, eta oso pozgarria da orain niretzat, garai zaharrak gogoratzea baita», amaitu du.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.