Reficeren meza Azkuerekin, Artzain Onaren katedraleko organo zaharberrituan.
Thursday, April 26, 2007

Artzain Onaren katedralak meza batekin inauguratuko du ofizialki organo zaharberritua datorren igandean, hilak 29, eguerdiko hamabietan. Meza-emaile Donostiako elizbarrutiko gotzaina izango da, Juan Maria Uriarte jauna, eta Jose Manuel Azkue organistak, Donostiako Orfeoiak eta Orfeoi Txikik Reficeren Meza Korala interpretatuko dute, Sainz Alfaro zuzendari dela.

Duela gutxi zaharberritutako Artzain Onaren katedraleko organo neoklasikoa balio handikoa da, monumentu gisa katalogatua dago eta Espainia osoan abian dagoen handiena eta garrantzizkoena da. Azpeitiko OESA enpresak egin zuen, Fermin Lasala Mandaseko dukearen ekarpenari esker. Azpeitiko Bernal-Kortak zaharberritu ondoren, bere distira guztian entzungo da instrumentu hau, oinarrizko soinu ezaugarri guztiak errespetatu baitira. Hala ere, jatorrizkoaren ordez, konbinatzaile elektronikoz hornitutako kontsola berria instalatu zaio. 61 notako (Do-Do) bost teklatu ditu eskuz jotzeko, eta 30 notako (Do-Fa) pedalduna, guztira 125 jokorekin.

Historikoki, Orfeoia eta Artzain Onaren katedrala bat eginda egon dira, hasiera-hasieratik. Katedrala 1897an eraiki zen, abesbatza jaio zen urte berean. Horregatik, elkarrekin ospatu dituzte beren urrezko eta diamantezko urteurrenak eta mendeurrena. Ospakizun horietatik bigarrenean, Orfeoiak eman zion amaiera ekitaldi erlijiosoen asteari Garbizuren meza abestu batekin: Benedicta, Esteban Elizondo organoan zela. 1997ko uztailaren 30ean, berriro meza bat abestu zuen tenpluaren mendeurrena ospatzeko: Mozarten Koroatzea, oraingoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Juan Jose Ocon zuzendari zela, Gerardo Rifón organistarekin eta Ainhoa Arteta, Maite Arruabarrena, Jose Antonio Vega (orfeoikoa) eta Alfonso Etxeberria bakarlariekin. Esandako meza ez ezik, Schuberten Agur Maria, Bachen Suitea Ren konposizioko Aria eta ekitaldi hartarako Gotzon Aulestiak berariaz idatzitako ereserkia ere (Bidez Bide) abestu ziren. Koroatze mezarekin CD bat argitaratu zen, 1997an, eta, urte bereko eguberrietan, katedraleko ohiko jaiotzan, Jesus haurtxoari abesten zioten iruditxo batzuk egon ziren, Orfeoia sinbolizatzen zutela. Irudi horien egileak, Jose Añorga apaiz eta orfeoikideak, modu txeratsu horretan integratu zuen Orfeoia Artzain Onaren katedralean.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.