Donostiako Orfeoiak handitasunez ospatuko du 110. urteurrena, 2007an egingo diren oroitzapenezko hiru kontzerturekin. Lehena, nazioartekoa, irailaren 20an izango da Austriako hiriburuko Musikvereingo Urrezko Aretoan, Vienako Orkestra Sinfonikoarekin batera. Bi musika-taldeek zarzuela- eta opera-zatietan oinarritutako programa abestuko dute. Bigarrena, Estatu mailakoa, urriaren 11n izango da, Madrilgo Errege Antzokiaren berrestreinaldiaren hamargarren urteurrenean. Kontzertu horretan Madrilgo Orkestra Sinfonikoak hartuko du parte, López Cobosek zuzenduta, eta Verdiren Quattro Pezzi Sacri eta Rossiniren Stabat Mater interpretatuko dituzte. Azkena Donostian bertan izango da, Anoetako Belodromoan, urriaren 27an. Bertan, jarraitzaile guztiek, musika koralaren lagunek eta zaleek, Orfeoiak Sainz Alfarok zuzenduta eskainiko duen Carmina Buranaren bertsioaz gozatu ahal izango dute.
Musika klasikoaren jaiolekuan
Vienako ospakizuna Espainiako Enbaxadak antolatu ohi duen Espainiako Musikaren hirugarren Jaialdiaren barruan izango da. Lehiaketan parte hartzea musika klasikoaren hiriburutzat hartzen den tokian bere ahots-artea erakusteko aukera ezin hobea da Orfeoiarentzat. Vienako Orkestra Sinfoniko musika-talde onenetakoaren laguntza izango du Urrezko Areto mitikoan debuta egiteko. Bertan egin ohi dira zuzenean hirurogei herrialde baino gehiagoko telebistetan eta irratietan ematen dituzten Urte Berriko kontzertu ezagunak. Anzolini Argentinako maisua arduratuko da ekitaldirako bereziki diseinatutako programan orkestra eta korua koordinatzeaz.
Lehen zatian, gure herrialdean oso ezagunak diren zarzuelen zatiak interpretatuko dituzte; hala nola, Gigantes y Cabezudos, Luisa Fernanda, Bohemios, Don Manolito eta Agua, Azucarillos y Aguardiente, besteak beste. Bigarren zatiak Orfeoiaren errepertorioa osatzen duten Verdiren, Bizeten, Borodinen, Prokofieven eta Mascagniren operen hautaketa hartuko du barne.
Errege Antzokian
Orfeoiari oso lotuta egon da Errege Antzokia eta, hori dela eta, koruak eszena hori hautatu du, Estatu mailan, 110. urteurrena ospatzeko. Gainera, ospakizuna
munduko antzoki liriko onenetakotzat emandako antzokiaren berrestreinaldiaren hamargarren urteurrenarekin batera gertatuko da. Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera egingo du, Jesús López Cobosen zuzendaritzapean. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik hona koruarekin intentsitate handiko une artistikoak bizi izan dituen lagun zaharra da hori.
Urriaren 11n, Verdiren 4 Pezzi Sacri eta Rossiniren Stabat Mater antzeztuko dituzte. Batez ere, barnean dituen a capellako zati pare bat direla eta, Zamorako maisuak zailtzat emandako azken lan hori oroitzapenez betea dago koruarentzat eta López Cobosentzat. Errege Antzokian bertan, 1986an ONErekin eta Orfeoiarekin egindako kontzertua euren azken lankidetza izan zen Orfeoiaren aurreko zuzendari Antxon Ayestaranekin. Ondoren, 14 urte pasatu zituen lan hori berriro zuzendu gabe, egun horretan izandako gertaera mingarriak zirela eta; izan ere, bere emaztea egun horretan hil zen. Errepertoriotik baztertu ondoren, 2000ko Musika Hamabostaldian zuzendu zuen lana berriro, Orfeoia berriro ere interpretatzaile koral gisa, baina alde instrumentalean Galiziako Orkestra Sinfonikoa zuela.
Beraz, urriaren 11ko kontzertuak interpretatzaileen eta zuzendariaren arteko emozio indar eta elkar ulertze aparta izango ditu, eta ez ditu geldi utziko musika-ekitaldi horretara joateko aukera duten entzuleak.
1997an, Orfeoikoek Errege Antzokiaren berrestreinaldia ospatzeko kontzertuetan parte hartzeko aukera izan zuten. Bereziki beraientzako sortutako jantziekin jantzita, Fallaren La vida breve izan zen antzezteko hautatutako lana. Eszenara igo eta, Orkestra Nazionalarekin batera, bi zatiko opera hori antzeztu eta abestu zuten urriaren 11n, 12an, 17an, 19an, 25ean eta 26an. Errege familia eta Estatuko agintari nagusiak atze-oihalaren altxatzearen lekuko izan ziren, berrikuntzaren hamarkada luzearen, eta ia 22.000 milioi pezeta kostatu izan ziren halabeharren ondoren.
Donostiako Belodromoan
Hiriko ospakizuna urriaren 27an izango da Donostiako Belodromoan. Hori 5.000 pertsona hartu ahal izateko egokituko da. Sainz Alfarok zuzenduta, Carl Orff-en Carmina Burana entzun ahal izango duten kideak, lagunak eta euskal zaleak bilduko ditu kontzertuak. Hainbat jatorritako musikariek osatutako orkestra arduratuko da alderdi instrumentalaz.
Lana zaila da katalogatzen; izan ere, hainbat antzerki generoren ezaugarriak, poetikoaren eta pikareskoaren kontrastea duten oratorio uneak eta dinamismo aparta ditu. Horrekin, koruak mugak zeharkatu ditu eta arrakasta handia lortu du hainbat zuzendarirekin, orkestrekin eta solistekin. Abesbatzaren historian oraindik ere garrantzi handia dauka 1964. urtean Lucernako jaialdian (Suitza) aurkeztutako bertsioak. Rafael Frühbeck de Burgosek Carl Orffekin berarekin landu zuen partitura, eta horrek bere oniritzia eman zion, emankizunera ikusle arrunt bat izango balitz bezala joanez. 1973an, beste bertsio gogoangarri bat abestu zuen Orfeoiak, Berlingo Filarmonikarekin batera, azken hauen egoitzan, orduan ere Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean. Nabarmentzekoa da, halaber, 1998an Alemaniako hainbat hiritan egindako bira (Karlsruhe, Kolonia, Dusseldorf, Hannover, Wilhemshaven eta Hanburgo). Aldi hartan ere obra bera interpretatu zuten, Galiziako Sinfonikoarekin eta Víctor Pablorekin batera.
"Etxean" interpretatutako herriko kontzertua izango da koruak hiriari eta Gipuzkoa osoari 110. urteurrenean eskainiko dion oparia.
Oroitzapenezko argitalpenak
Ospakizuna liburu baten eta oroitzapenezko albumaren argitalpenarekin osatuko da.
Y allí también estuvo el Orfeón. 110 años comprometidos con su ciudad izendatutako liburuaren egilea hiriko historialari eta kronista Javier Sada da. Oroitzapenezko albumak 2006ko Kanariasko Jaialdian Berlineko Orkestra Filarmonikoarekin eta Simon Rattle-n zuzendaritzapean egindako Mahler-en Bigarren Sinfoniaren bertsioaren CDa izango du. Halaber, Arturo Reverter kritikariak idatzitako testua ere barne hartuko du. Horrek koruak azken hamar urteetan izandako arrakastak bilduko ditu. Horiez gain, 1997an, Orfeoiaren mendeurrena zela eta, Anoetako estadioan egindako kontzertu ezagunaren DVDa ere izango da.