Larunbatean, hilaren 19, Les Chorégies d’Orange-eko Nazioarteko Jaialdian hasiko du Orfeoiak udako musika lehiaketa ezberdinetan izango duen jarduera bizia. Bere ibilbidea Gironako Cap Roig jaialdiarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin, Santanderreko jaialdiarekin eta Donostiako Jazzaldiarekin osatuko da.
Bere lehenengo agerraldia Orange hiri frantziarrean izango da, zeinean herrialdeko jaialdirik zaharrena ospatzen den. Bertako antzoki erromatar ikusgarrian Verdi-ren Réquiem antzeztuko du Orfeoiak. Kontzertua Tugan Sokhiev-ek zuzenduko du eta koruaz gain, Tolosako (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionala eta hainbat solista izango ditu bere esanahietara, besteak beste Micaela Carosi (sopranoa), Luciana d’Intino (mezzo-sopranoa), Grigolo (tenorra) eta Orlin Anastassov (baxua).
Jaialdi hau 1869. urtean jaio zen, hiriko antzoki erromatarraren babesean eta aurten lehen aldiz izango dugu bertan Orfeoia. Orangetik historiako pertsonaia liriko garrantzitsuenak igaro dira. Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin urrutitik datorren erlazio artistikoa mantentzen du eta Sokhiev maisuarekin duen erlazioa berriagoa bada ere, estua bilakatu da oso. Orangeko antzoki erromatarrean ospatzen dira udako jaialdi honetako kontzertu garrantzitsuenak. Bertan 8.600 lagun elkartzera irits daitezke eta betiko horma akustiko mardulari esker aparteko akustikaz goza daiteke. Augustoren garaian izan zen eraikia eta antzoki erromatarren artean hauxe dugu gorabehera historiko ezberdinen aurrean tinkoen mantendu dena. Unescok Gizadiaren Ondare izendatu du.
Jaialdi frantziarraren ondoren, beste zenbait udako deialdi garrantzitsuetan izango dugu Orfeoia. Bigarrena, koruak Bobby MacFerrin kantariarekin egingo duen bat-egite bitxia izango da. Berau uztailaren 24ko gauean ospatuko da Donostiako Zurriolako hondartzan, Jazzaldiaren testuinguru paregabean. Jaialdiko antolakuntzak “udako ekitaldi handienetakotzat” jo duen emanaldi honetan agerian geratuko da talde koralak doinu mota ezberdinetara moldatzeko duen trebezia. 1997an, Echoes of Ellington Jazz Orchestra talde instrumentalarekin batera aritu zen korua lehiaketa honetan bertan.
Abuztuaren 24an Orfeoiak Gironako Cap Roig Jaialdia itxiko du. Lorin Maazel-en agindupean Beethoven-en Novena antzeztuko du Toskanini Orkestrarekin batera.
Donostiako Musika Hamabostaldian Ataúlfo Argenta-ri omenez eginiko kontzertua eskainiko du eta horretarako Brahms-en Un Réquiem alemán aukeratu dute. Izan ere, lan horrekin Argentak arrakasta gogoangarria eskuratu zuen Orfeoiarekin batera 1957an Pariseko Champs Elysées antzokian. Honako honetan, abuztuaren 28an, EON (Espainiako Orkestra Nazionala) arituko da, bere lehenengo zuzendaria den Josep Pons-en agindupean.
Bukatzeko, Santanderreko Jaialdiko 57. edizioa dugu. Bertan ere oroitzapen berezi bat eskainiko zaio jaialdiko arima eta eragile nagusi izan zen Ataúlfo Argentari bere heriotzaren 50. urtemugan. Jaialdia irailaren 1ean itxiko da Zubin Mehta-rekin, Maggio Musicale Fiorentino-ko Orkestrarekin, Orfeoiarekin eta Beethovenen Novena-rekin. Bitxikeri gisa, aipatzekoa da koruak Mendelssohn-en Elías abesteko ohorea izan zuela lehiaketa honen seigarren edizioan (1957), Argentaren agindupean. Huraxe izango genuen zuzendari kantabriarraren azkeneko agerraldia Santanderreko Jaialdian.