Kataluniatik zehar bira Simfònica del Vallès taldearekin eta David Gimenez Carreras maisuarekin
Tuesday, March 31, 2009

David Gimenez Carrerasek lehendabiziko aldiz zuzenduko du Orfeoia Simfònica del Vallès taldearekin batera Katalunian egingo dituen hiru kontzertutan. Bi musika taldeek Mozarten Requiem obra interpretatuko dute Sabadelleko La Faràndula antzokian, Bartzelonako Musika Jauregian eta Reuseko Fortuny antzokian datozen apirilak 3, 4 eta 5ean. Hiru kontzertu horietan honako bakarlari hauek arituko dira: Maria Gallego (sopranoa), Gemma Coma-Alabert (mezzosopranoa), Joseph Bros (tenorra) eta Alexander Vinogradov (baxua).

Aurreko astean, zuzendari kataluniarra abesbatzaren egoitzan egon zen konpositore austriarrak bukatu ezin eta Süssmayer bere ikasleak, Mozarten gidalerroei jarraituta, osatu zuen obra hori entseatzeko. Mozarten Requiema 1943. urtetik azaltzen da abesbatzaren errepertorioaren barne, urte horretan estreinatu baitzuen Victoria Eugenia Antzokian Ramon Usandizagaren batutapean. Ordutik hona, hainbat izan dira partitura hori zuzentzeko Orfeoiaren buru jarri diren zuzendariak: Lopez Cobos, Edmon Colomer, Hans Graf edota Leopold Hager, besteak beste.

David Gimenez Carreras maisua Bartzelonan jaio zen bere osabaren izena (Jose Carreras) nabarmentzen den familia batean, eta 1994an debutatu zuen Hanburgoko Sinfonikako zuzendari gisa hiri horretan bertan. Hamarkada batean 200 orkestra baino gehiago zuzendu ditu Londreseko Royal Albert Hall, Vienako Konzerthaus edota New Yorkeko Avery Fisher Hall bezalako kontzertu aretoetan. Vienako Filarmonikaren podiumera igo den musikari hispano bakarrenetakoa da, eta Zuricheko Tonhalle Orchester, Londreseko Symphony Orchestra, Pariseko Orchestre eta Londreseko Philharmonia orkestrekin lan egiteko aukera izan du. Opera bere jardunaren zati garrantzitsua izan da, honako antzoki hauetan zuzendu baitu, besteak beste: Vienako Staatsoper antzokian (Carmen eta Sly), Londreseko Covent Garden antzokian (Alagna-Gheorghiu gala), Berlineko Deutsche Oper antzokian (Aida), Gran Teatre del Liceu antzokian (Sly) eta Madrileko Teatro Real antzokian (La Bohème).

2007tik George Enescu Philharmonic Orchestrako zuzendari gonbidatu nagusia da. bere diskografian Koch-Schwann, Erato, Discmedi eta RCA Victor/BMG Classics diskoetxeentzat egin ditu lanak.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.