Lau kontzertu EOS-arekin
Monday, April 20, 2009

Orfeoiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere abonu-denboraldiaren azken txanpan Iruñean (20an), Donostian (21 eta 23an) eta Bilbon (22an) eskainiko dituen lau kontzertutan parte hartuko du. Kontzertuetan Mahler-en Bigarren Sinfonia interpretatuko da orkestrak berriki zuzendari gonbidatu nagusi izendatu duen Andrey Boreyko-ren zuzendaritzapean. Kontzertuetan ibilbide luze eta sendoa duten bi bakarlarik ere parte hartuko dute, hala nola, Ildiko Komlosi mezzo-sopranoak eta Christiane Oelze sopranoak.

“Berpizkundea” izenez ere ezaguna den eta ordu eta laurden irauten duen sinfonia hau interpretatzeko parte-hartzaile ugari behar dira: orkestra handia, organoa, perkusioko musika-tresna ugari eta soprano eta mezzo-soprano ahotsak. Bestetik, sinfoniaren azken mugimendua interpretatzeko abesbatza ere behar da. Mahler-ek sintonia honetan bere ibilbide artistikoan etengabe agertzen den gaia lantzen du: bizitza eta heriotza. Izan ere, sinfonia honetan Mahler bizitzari eta heriotzari buruz dituen galderei erantzuna ematen saiatzen da, baina oraingoan, itxaropenez betetako mezu batekin bukatzen du. Horregatik eman zaio “Berpizkundea” ezizena. Horrela, piezaren bukaeran gizakiei bidaltzen zaien itxaropenezko mezuak gogora ekartzen du L.V. Beethoven-en Bederatzigarren Sinfonia. Gustav Mahler-ek hitzak, kantua eta giza ahotsa erabiltzen du bere sentimenduak adierazteko eta bizitza eta heriotzaren arteko borroka itzela ezartzeko.

Andrey Boreyko Berner Symphonie-Orchester orkestraren zuzendari titularra eta Stuttgart Radio Symphony Orchestra-ren (SWR) zuzendari gonbidatu nagusia da. 2009/2010 denboralditik aurrera, Düsseldorfer Symphoniker-en musika-zuzendari nagusia eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia izango da. Gainera, urteko opera produkzio bat zuzenduko du Deutsche Operam Rhein-ean. Maiz zuzentzen ditu, adibidez, Berlineko Orkestra Filarmonikoa, Chicagoko Orkestra Sinfonikoa, Munich-eko Orkestra Filarmonikoa, Leipzig-eko Gewandhaus Orkestra, Zurich-eko Tonhalle Orkestra eta New York-eko Philharmonia Orchestra eta Orkestra Filarmonikoa. Bestetik, ondoren aipatzen diren orkestra hauek ere zuzendu ditu, besteak beste: Amsterdam-eko Concertgebouw, Berlingo Deutsches Symphonie-Orchester, Txekiar Errepublikako Orkestra Filarmonikoa eta Pittsburgh, Detroit, Dallas, Los Angeles eta Philadelphiako orkestrak. Laster, Rotterdam-eko Orkestra Filarmonikoa zuzenduko du baita Vienako Orkestra Sinfonikoa eta Milango Scala-ko Orkestra Filarmonikoa ere.

Kontzertuak

Apirilak 20: Baluarte auditorioa, Iruñea. 20:00h.
Aurretiko hitzaldia. Baluarte Auditorioko Gola aretoa. 18:45h. Hizlaria: Isabel Díaz Morlan, musikologoa eta Musikeneko irakaslea.

Apirilak 21 eta 23: Donostiako Kursaal Auditorioa, 20:00h
Aurretiko hitzaldia. Kursaal Auditorioko Foyer-a. 18:45h. Hizlaria: Isabel Díaz Morlan, musikologoa eta Musikeneko irakaslea.

Apirilak 22: Bilboko Euskalduna Jauregia. 20:00h.
Aurretiko hitzaldia. Euskalduna Jauregiko B1 Aretoa. 18:45h . Hizlaria: Carlos Villasol konpositore eta musikografoa.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.