Verdiren bost Requiem Euskadiko Sinfonikarekin
Tuesday, October 20, 2009

Euskadiko Sinfonikaren abonu-denboraldian Orfeoiak programatutako bost kontzertutan hartuko du parte orkestrarekin. Kontzertuak Andrés Orozco-Estrada titularrak zuzenduko ditu eta Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon izango dira 23tik 29 bitarte. Kontzertu horietan guztietan Verdiren Requiema interpretatuko da. Bakarlari hauek arituko dira: Indra Thomas (sopranoa), Nancy Fabiola Herrera (mezzosopranoa), Aquiles Machado (tenorea) eta Carlo Colombara (baxua).

Kontzertuen egutegia
Ostirala, 23. Kursaal auditoriua, Donostia
Larunbata, 24. Principal antzokia, Vitoria-Gasteiz
Astehelena, 26. Kursaal auditoriua, Donostia
Asteartea, 27. Baluarte auditorioa, Iruña
Osteguna, 29. Euskalduna Jauregia, Bilbo

XIX. mendeko italiar musikaren gailurra da lan hau eta Orfeoiaren errepertorioan dago aspalditik. Orfeoikoek partitura hau ñabardura guztiekin ezagutzen dute, hamaika tokitan eta hainbat zuzendarirekin interpretatu baitute: Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej eta Víctor Pablo Pérezekin, besteak beste. Verdik bere lagun baten omenez sortu zuen, Alejandro Manzoni eleberrigile eta olerkariaren omenez, hain zuzen ere, eta sinfoniko-korala eta operistikoa, liturgikoa eta antzerki izaera konbinatu zituen konposizio honetan. Ez da, beraz, hildakoei eskaintzen zaien ohiko musika. Horren adierazgarri da 1873ko apirilaren 22an Milango San Markos elizan estreinatu zen arren, hiru egun geroago Scalan interpretatu zela.

Orfeoiak hainbat bertsio interpretatu ditu, baina 2001ekoak aipatu beharra dago. Urte hori Verdiren urtea izan zen musikaren munduan, italiar konposatzailea hil zela 100 urte betetzen zirelako. Gogoangarria izan zen Berlinen eskainitako bertsioa, Claudio Abbadoren eskutik eta Berliner Philharmoniker-ekin eta Suediako Irratiaren abesbatzarekin eta Eric Ericson ganbera abesbatzarekin. EMIk argitaratu zuen diskoa Grammyetarako izendatu zuten “Best Choral Performance” alorrean, kontzertu hartan parte hartu zuten beste bi abesbatzekin batera. Urte hartan bertan, Donostiako Musika Hamabostaldian, abesbatzak Requiemaren beste bertsio bat eskaini zuen Royal Philharmonic Orchestrarekin Daniele Gatti zuzendari zela. Kontzertu horretan Kursaaleko eszenatokian inoiz egon den musikari gehien egon zen: 250 instrumentista eta 150 abeslari.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.