Quincena musical
Thursday, July 21, 2011

Koruak ez du oporretan ixten eta abuztuan emanaldi gehiago egin ohi ditu; aurten bi saio eskainiko dituDonostiako Musika Hamabostaldiaren 72 edizioan, hiru kontzertu Madrilen Aita Santua buru izango duen Gaztediaren Munduko Jardunaldia 2011n, eta Aste Nagusiko ekitaldi erlijiosoetan beti bezala parte hartuko du. Gainera, Orfeoiak topaketa bat antolatu du EHUko Udako Ikastaroen barruan, bi erakundeen arteko lankidetzaren hamargarren urteurrena ospatzeko.

 

Bere hiriko jaialdiari leial izanik, 72 edizioetatik zortzietan bakarrik huts egin baitu, aurten koruak bi kontzertutan parte hartuko du. Abuztuaren 13an Orfeoiko ahots txuriekMahlerren 3. sinfonia interpretatuko dute,  Orfeoi Txikiko haurren ahotsak lagun dituztela,  Rotterdameko Filarmonikoarekinbatera eta Yannick Nézet-Séguinen zuzendaritzapean. Bakarlari gisa jardungo du Karen Cargill mezzosopranoak. Sinfonia hau, hasiera batean “Udako goiz bateko ametsa” azpititulua zuena, kontzertuan oso noizean behin interpretatzen da,  Mahler-en lanik luzeena baita (90 eta 100 minutu bitartekoa). Azken mugimendu hunkigarriaz Malherrek idatzitako musikarik eder saminena zela esan zuen Leonard Bernsteinek. Obra guztia Lurraren eta Izadiaren ingurukoa da, Nietzcheren eta Mahlerren testuak erabiliz.

Rotterdameko Filarmonikoa, 1918an fundatua, Herri Beheretako orkestrarik nagusienetako bat da eta 2008-2009 denboralditik Yannick Nézet-Séguin da musika zuzendaria. Langaietako bat mundu klasikoaren eta musika arinaren arteko mugak arakatzea da. Abonuko 70 kontzertuez gain, orkestrako agendak denboraldi guztietan sartzen du Rotterdam Philharmonic Gergiev Festival jaialdia.

Yannick Nézet-Séguin kanadiarra, Rotterdameko Filarmonikako zuzendari titular izateaz gain Filadelfiako Orkestrako musika zuzendari izendatu zuten 2010ean, eta lan horretan 2012an hasiko da. Orchestre Métropolitain du Grand Montréal orkestrako zuzendari nagusia da, eta London Philharmonic Orchestrako zuzendari gonbidatu nagusia.

Karen Cargill, hau ere kanadiarra, maiz aritzen da kontzertuetan BBCren Orkestra Sinfonikoarekin, Hallé Orkestrarekin, Liverpooleko Erret Orkestra Filarmonikoarekin, Londreseko Orkestra Sinfonikoarekin eta Orkestra Filarmonikoarekin, eta Scottish Chamber Orchestra-rekin.

 

Hamabostaldiko bigarren kontzertua abuztuaren 29an izango da. Egitarauan hiru lan: Friede auf Erden, Schönbergena, Sainz Alfarok zuzendu eta koruaka capella interpretatua; Schickalslied, Brahms-ena, eta Beethovenen Bederatzigarrena, biak Jukka-Pekka Sarastek zuzenduta, Colonia-WDR Irratiko Orkestra Sinfonikoak esku hartzen duela. Bederatzigarrena interpretatuko duen bakarlari laukotea hau da: Jeanne-Michèle Chabonet, Gerhild Romberger, Christian Elsner eta Michael Volle. 

Dituen 60 eta gehiago urtetan,  WDR Sinfonieorchester Köln Europako irrati orkestra nagusienetako bat bihurtu da. Gaur egun konpromiso handia hartuta dauka musika garaikidea zabaltzearekin. T. Koopman, C. Hogwood eta R. Goebel zuzendariekin maiz jarduten du lankidetzan. 2010-2011 denboralditik zuzendari titularra Jukka-Pekka Saraste da. 

Finlandiako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan da 1987tik 2001era, eta musika zuzendaria Torontoko Orkestra Sinfonikoan eta zuzendari gonbidatu nagusia BBCko Sinfonikoan. 2006ko abuztuaz geroztik Osloko Filarmonikako musika zuzendaria da.

Tammisaari jaialdia fundatu zuen Finlandiako Kamera Orkestrarako. Gainera,  Latí-ko Sinfonikoaren musika aholkularia da, hau ere Finlandian.

 

Urtero bezala, Orfeoiak berriz parte hartuko du Ama Birjinaren Salbean, Santa Mariako basilikan hilaren 14an. Lehenagoko orfeoilariak eta Orfeoi Txikikoak ere ariko dira, etaJosé María Usandizaga-ren Agur Maria interpretatuko dute eta  Réfice-ren Salbea, data horretan Orfeoiak berariaz interpretatzeko konposatua izan baitzen. Ekitaldia Agur Jesusen Ama-rekin bukatuko da, eta bertan dauden guztien artean kantatuko dute. Hurrengo egunean, abuztuaren 15ean, donostiarrentzat egun handia izanik, koruak tenplu horretan bertan emango du Réficeren Misa Choralis.  

 

Gaztediaren Munduko Jardunaldia 2011n, Aita Santua buru delarik, orfeoiak hiru emanaldi izango ditu Madrilen. Hitzordu hauetako lehena hilaren 17an izango da Auditorio Nazionalean: kontzertua eliz agintarientzat eta diplomatikoentzat, Orquesta Excelentia-rekin batera interpretatuko da; eta han polifonia obrak, nazioarteko folklorea, opera eta zarzuela zatiak entzungo dira, José Antonio Sainz Alfarok zuzenduta. Kontzertua zuzenean emango du Radio Maríak.

Hilaren 20an, koruak Bezperan parte hartuko du Aita Santuarekin Cuatro Vientos aerodromoan. Mozarten Ave Verum eta Busca de Sagastizábal-enCantemos al amor de los amores kantatuko du organoak lagunduta. Ondoren JMJko Orkestra Gaztea eta honen Gazte Korua gehituko zaie JMJ 2011 Ereserkia interpretatzeko.

Hurrengo egunean, eszenatoki berean parte hartuko dute Aita Santuaren mezan, eta berriz kantatuko dute ereserkia eta Bartolucci-ren Tu es Petrus.  

 

Hilaren 30ean, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan,  “Hamarkada bat lankidetzan Donostiako Orfeoiak eta EHUk” jardunaldia José Antonio Sainz Alfarok zuzenduko du eta bertan aurkeztuko da bi erakundeek deitutako sariaren hamargarren urteurrena dela-eta ateratako argitalpena. Gainera, José Luis Pérez de Arteaga kritikariak “García Abrilen Lurkantak, hamalau urteren buruan: Donostiako Orfeoia Musika Hamabostaldian” hitzaldia aurkeztuko du. Azkenik mahai inguru bat egingo da, José Ignacio Ansorenak gidatuta. Sarrera doan izango da.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.