Antxon Ayestarán
Tuesday, December 20, 2011

Abenduaren 22an 25 urte betetzen dira Antxon Ayestaran hil zela, Orfeoiko zuzendari izan zena 1968 eta 1986 urteen artean. Etapa horretan, koruak jauzia egin zuen nazioarteko agertokietara, mundu mailako entzutea zuten orkestra eta zuzendariekin lan eginda, errepertorio sinfoniko-korala zabaldu zuen eta grabazioak hasi ziren nazioarteko diskografia etxeekin. Gainera, maisu añorgatarrak zimenduak jarrita utzi zituen koruaren ahots berriak sartzeko, eta helburu horrekin haurrentzako kantu tailer eta eskola bat eratu zuen. Gauza horiek guztiak utzi zituelako eta orfeoilari askori musikarekiko zeukan grina eta hobetze nahia erantsi zielako, Orfeoiak omenaldi xume bat egin nahi dio, joan zela mende laurdena betetzen den garaiotan.

Omenaldi saioak abenduaren 22an egingo dira, egun horretan gertatu baitzen zoritxarreko istripua, hari bizia kendu ziona, heldutasun artistiko betean zegoenean. Hiru jarduera programatu dira: Zaragoza Plazan hiriak egin zion monumentuaren aurrean kontzentrazio bat, mahai-inguru bat bizipen asko eta asko gogora ekartzeko, eta, Orfeoiak kantaturiko meza bat

Orfeoiak triptiko bat argitaratu du eta hilaren 22ko mahai-ingurura doazen pertsonei banatuko zaie, eta baita haren bazkide eta lagunei ere. Bertan laburtzen da koruaren engranaje barruan orfeoilariek duten betekizunari buruz zituen ideiak, haurren musika heziketaz zuen ikuspegia, urrutiragoko asmoa (Berlin, Londres, Estatu Batuak, Israel edo SESB ohia), diskografia eta haren dizipulu eta zuzendaritzan ondorengo izan denaren iritzia, José Antonio Sainz Alfaro-rena.

Jarduera horiez gain, zuzendaritzak behar diren zuzemenak egin ditu Donostiako Alkatetzarekin kale bat eskain dakion hiriaren izena beste lurralde batzuetara hedatzeko hainbeste lan egin zuenaren omenez eta eskatu egin du Zaragozako plazako eskultura multzoa zaharberritzea, 1988an inauguratu zena, geroztik zenbait kalte jasan dituenez gero.

Egitaraua - Osteguna, 2011ko abenduak 22

13: 30etan lore eskaintza egingo da Zaragoza plazan haren omenez dagoen monumentuaren aurrean, gonbidatuta daude orfeoilari eta lehenagoko kantariak. Ekitaldia amaitzeko Agur Jaunak kantatuko da.

17:30etan Orfeoiaren egoitzan mahai-inguru bat egingo da, Jose Antonio Echenique zuzentzaile dela eta bertan parte hartzaile izango dira hauek: Luchy Mancisidor, haurrentzako Musika tailerra martxan nola jarri zen adieraziko du, Antxonen ekimenez sortu baitzen proiektua; Herminia Laborde, bere iritzia emango du harekin batera orfeoilariak prestatzen egindako lanaz; Ricardo Salaverria, abeslari, haren lagun eta Zuzendaritza batzordeko kide, mugaz haraindiko lehen bidaia haiek nolakoak izan ziren gogoratuko du; Gonzalo Trevijano, piano-jotzailea eta kantorea, honek osatuko du garai hartako kontzertu, maisu eta orkestrei buruzko oroitzapenen multzoa, Jon Bagüések aztertuko ditu nazioarteko etxeen ateak ireki zituzten grabazio diskografikoak eta Ramon Comendadorek barne antolaketari buruz hitz egingo du.

Ekitaldia publikoari zabalik egongo da dauden lekuak bete arte.

19:15etan meza bat egingo da ondoko San Bizente elizan Antxonen arimaren alde, eta Orfeoiak zenbait lan sakratu emango ditu.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.