Stabat Mater by Rossini
Tuesday, February 26, 2013

Martxoan zehar, Orfeoiak zazpi kontzertu eskainiko ditu: horietako bost Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin izango dira, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, eta beste bi Cuencako 52. Erlijio Astean, Salzburgoko Mozarteum Orkestrarekin batera eta Leopold Hager-en zuzendaritzapean.

Jose Miguel Perez Sierrak zuzenduko ditu Orfeoiak Euskadiko Sinfonikoarekin eskainiko dituen kontzertuak, eta emanaldiek bi konpositoreren Stabat Mater-ak izango dituzte ardatz: Rossini eta Arriaga. Kontzertuak honako leku eta data hauetan izango dira: Donostiako Kursaalaren entzunaretoan, martxoaren 2an eta 4an; Bilboko Euskalduna Jauregian, martxoaren 5ean; Gasteizko Principal Antzokian, martxoaren 7an; eta Iruñako Baluarte Entzunaretoan, martxoaren 9an. Solista izango dira Carmen Romeu sopranoa, Adriana Di Paola mezzosopranoa, Shi Yijie tenorea eta Sávio Sperandio baxua.

Arriagaren Stabat Mater-a oso obra zaila da; izan ere, ahots-bitarte handiak dituenez, kolokazio-aldaketak egiteko kontrol tekniko handia behar da.

Orfeoiak 2006an abestu zuen lehenbiziko aldiz, bilbotar konpositorearen bigarren mendeurrenean, alegia, eta Salamancako Arte Eszenikoen eta Musikaren Zentroan eskainitako egitarauaren parte izan zen. Gerora, beste bi eszenatokitan errepikatu zuten egitaraua: Madrileko Entzunareto Nazionalean eta Santanderreko Jaialdi Jauregian.

Rossinik hamar urte behar izan zituen Stabat Mater-a osatzeko, baina ahaleginak izan zuen bere emaitza: Petite Messe Solennelle obrarekin batera, hau da haren operarik onenen maila berean dagoen eliz obra bakarra.

Rossiniren Stabat Mater-a Orfeoiaren errepertorioan izan da 1907tik, Esnaola zuzendari zen garaitik, hain zuzen ere, eta urte hauetan zehar 21 aldiz eskaini dute, hainbat zuzendarik eta orkestrak lagunduta eta askotariko eszenatokitan. 2007an interpretatu zuten azkenekoz, Errege Teatroaren berrirekitzearen hamargarren urteurrenean, Madrileko Sinfonikoarekin batera eta Lopez Cobosen zuzendaritzapean. Horrez gain, birritan interpretatu zuen 2005ean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta Kursaal Entzunaretoan eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean emanaldi biak.

Orfeoiak obraren bertsio bat eskainiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñan, eta etorkizun oparoa duen maisu gazte baten aginduetara izango da: Jose Miguel Perez Sierra. Madrildar zuzendariak 2005 egin zuen debuta Galiziako Sinfonikoarekin, eta Barrokotik musika garaikideraino doan errepertorio sinfoniko eta liriko zabala menderatzen du. Sarritan lan egiten du Oviedoko eta Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoekin, Espainiako Orkestra Klasikoarekin eta Madrileko, Gaztela eta Leongo, Kordobako eta Balearretako sinfonikoekin.

Programa honek gainera, entzulego orori zuzendutako doako entsegu irekia izango du martxoaren 2an goizeko 11etatik 14etara Kursaal Auditorioan, nahiz eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoko ikastetxe publiko zein pribatutako, musika eta dantza eskoletako, kontserbatorioetako edo Musikeneko ikaslego zein irakaslegoari eta Unibertsitateko ikasleei zuzenduta egon eta, urtero bezala, hauek preferentzia eduki. Interesaturik daudenek educativos@orquestadeeuskadi.es posta elektronikoaren bidez eman behar dute izena.

Bi egitarau desberdin Cuencako 52. Erlijio Asterako

Musika-ekitaldi honen barruan, Orfeoiak bi obra eskainiko ditu martxoaren 29an, Cuencako Entzunaretoan: batetik, ahots hutsean interpretatuko du Poulenc musikagilearen Quatre Motets pour un temps de pénitence, Sainz Alfarok zuzenduta, eta bestetik, Mozarten Do minorreko meza eskainiko du, Salzburgoko Mozarteum orkestrarekin eta Leopold Hager-en zuzendaritzapean. Martxoaren 31n, orkestra eta zuzendari berek lagunduta, Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia interpretatuko du katedralean.

Mozarteum Orkestrak 1908an hartu zuen egungo izena, eta Dommusikverein und Mozarteum orkestraren oinordekoa da, 1841 sortu zena Constanze Weber Mozarten alargunaren ekimenez.

Gaur egun, orkestra honen kontzertuak Salzburgoko bizitza musikalaren erreferenterik garrantzitsuenetako bat dira.

Leopold Hager austriar maisuak hainbatean zuzendu izan du Orfeoia. Lehenbiziko aldiz 1991ko Musika Hamabostaldian izan zen, eta Mozarten Requiema irterpretatu zuten Scottish Chamber Orchestra-rekin batera. Hamahiru urte beranduago eta orkestra berak lagunduta, obra bera interpretatu zuten Malagan, Castellonen eta Bartzelonan. 2007an abesbatzaren zuzendaritzapean izan zen berriz ere, baina Weimar-eko Staatskapelle Orkestrarekin oraingoan, eta Mozarten Bederatzigarren sinfonia interpretatu zuten Murtzian, Bartzelonan, Zaragozan eta Gasteizen. Azkeneko aldian, Weimar-eko Staatskapelle Orkestrarekin aritu ziren ere, eta Mendelssohnen Bigarren sinfonia eskaini zuten Donostian, Bartzelonan eta Zaragozan.

San Miguel eta San Pablo elizak eta Cuencako Entzunaretoa izan dira eszenatokirik nagusienak Cuencako jaialdiaren historian zehar, eta orfeoilariek ondo ezagutzen dituzte, zazpigarren aldia baita jaialdira bertaratzen direla. Azkena 2011n izan zen, eta Mahler-en Bigarren Sinfoniaren bertsio bat eskaini zuten, Christian Mandeal maisuaren zuzendaritzapean eta Manchesterreko Hallé Orkestrarekin batera. Horrez gain, 2007ko, 1997ko, 1991ko, 1990eko eta 1971ko edizioetan eliz obrak interpretatu zituzten, hainbat orkestrak lagunduta eta zuzendari desberdinen agindupean.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.