Diseño del nuevo uniforme de las orfeonistas, firmado por Hubert de Givenchy
Wednesday, June 26, 2013

Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioaren eta Donostiako Orfeoiaren artean gaur sinatuko den lankidetza-hitzarmenak eman du jada lehen fruitua: Hubert de Givenchyk sinatutako uniforme berria Orfeoiko emakumezkoentzat; Lorenzo Caprilek egingo du eta horrela, oraingoaz gainera –Balenciagak sortua– beste uniforme bat izango du Donostiako Orfeoiak. Era horretan, abesbatzaren eta Getariako moda-sortzailearen artean 1945ean hasitako harremanak jarraipena izango du eta beste kultur jarduera batzuetan gauzatuko da.

Beltza eta arrosa

Uniforme berriaren berritasun handiena kolorea da –beltza, zertzelada arrosa batzuekin–, izan ere, abesbatza gizon eta emakumeena denetik (1909), emakumezko abeslariek zenbait uniforme izan badituzte ere, beti zuriak izan dira.

Gaur aurkezten den diseinua, Hubert de Givenchyk sortua, osoki desinteresatua, Getariako goi mailako joskintzaren maisuari egindako omenaldi bat da. Ez da alferrik Givenchy, Balenciagaren laguna eta miresle handia ez ezik, haren Fundazioaren sortzaile eta lehendakari. Beltzaren zorroztasun dotorea arrosarekin konbinatzen da, maisuaren kolore gogokoenetako batekin; kontuan izan behar da, modaren argotaren barruan, «Balenciaga arrosa» terminoa existitzen dela.

Inperio ebakera du, eskote puntaduna, gerria lasai uzten du eta lokarri arrosa batez lotzen da bularpean, begizta batean amaitzen dela; azken hori haren bildumen ezaugarri bat zen ia-ia. Soineko erosoa da, sofistikatua eta dotorea. Atentzioa ematen duen beste xehetasun bat ukondoa baino gorago amaitzen diren mahuka zabalak dira. Poliester-krepez egina dago, hain zuzen ere, bidaia eta lekualdatzeetan gehiegi zimurtu ez dadin; arina da, erorkera dotorekoa, ukimen leunekoa eta distirarik gabea.

Zuria

Orfeoiaren fototekan ikus daitezke abeslarien 1932ko irudiak, soinean uniformea dutela. Hala ere, gerra ondoko argazkietan eta 1932 baino lehenagokoetan ikusten da modelo desberdina daramala emakume bakoitzak, hori bai, izendatzaile komun batekin: kolore zuria. Antzinako orfeoilariekin izandako elkarrizketetan, Pepita Zabaleguik (1920-1930 artean abestu zuen orfeoian) eta Lola Garcíak (1934-1981) ez zuten gogoratzen 1940 ingurura arte uniformerik izan zutenik. Orduan bai, soineko zuri luze bat izan zuten, eskotea puntan zuena, mahuka luzeak eta inolako apaingarririk gabe. Ordura arte, soineko zuria eta kolore bereko zapatak jantzita eramatea lehen lerroan kokatzeko –han kantatzen zuten onenak– berme moduko bat zen.

María Ángeles Esnaola Iturrizagak (Esnaola maisuaren alaba zen eta Mexikon hil zen, joan zen otsailaren 24an), 1997an Orfeoiaren egoitzara egin zuen bisita batean, 1933an neskentzat egindako modelo baten diseinua gogoratu eta aurkeztu zuen; prentsak ekitaldiari buruzko aipamena eta argazki bat argitaratu zituen.

1945ean, Cristóbal Balenciagaren tailerrean lan egiten zuten Orfeoiko abeslari jostunek patroi berezi bat lortu zuten diseinatzailearengandik, urte hartan Orfeoiak Portugala egin zuen bidaiarako. Do, mi, sol, do argitalpenaren 5. zenbakian agertzen da eta Joaquini Belaustegui orfeoilaria –Gorostidi maisuaren iloba– ikus daiteke modelo lana egiten.

Modelo horren tokia Balenciagak berak diseinatutako beste soineko minimalistago batek hartu zuen, 1964an. Bularreko begizta kendu zion eta, eskote puntadunaren ordez, lepo biribila egin zion. Gerriko zuria eta mahuka luzeak lehenean utzi zituen. 1963an, garai hartako Orfeoiko lehendakariak, Jose Maria Aguirre Gonzalok, 100.000 pezeta eman zituen «andereñoen» jantzitegia berritzeko; hala, Madrilgo Musika Jauregiko kontzertuetan estreinatu ahal izango zituzten soineko berriak, Bachen Pasioa San Mateoren arabera abestu behar baitzuten, Orkestra Nazionalarekin batera, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean.

Diruarena konponduta bazegoen ere, prozesu luzea geratzen zen uniforme berria estreinatu arte: moda-sortzailea konbentzitu, patroien probak egin eta soineko bakoitza josi. Gorostidi maisua bildu zen Balenciagarekin haren Igeldoko villan: Hona lehen bilera horren ondorengo aktetan jasotako irudipen batzuk: «Artista bakan hau begikotasun pertsona egina da, Donostiako Orfeoiko andereñoen zerbitzuan».

Handik laster, zuzendaritza-batzordeak honako hau erabaki zuen: «Balenciaga jaunari eskerrak ematea abesbatzako emakumezkoen uniforme berriaren sorkuntzan eskainitako lankidetza eskuzabalagatik». Gorostidi txundituta utzi zuen goi mailako joskintzako maisuaren «sentiberatasunak, fintasunak, arteak eta emozioak». Esan behar da, Orfeoiko artxiboetan jasota dagoenez, moda-sortzaileak Parisa egitekoa zuen bidaietako bat atzeratu zuela, diseinuaren azken xehetasunak amaitzeagatik. Hurrengo urtean (1964), Cristóbal Balenciaga ohorezko zuzendaritzako kide izendatu zuten, «emandako laguntza distiratsuagatik».

Uniforme haiek 2000. urtera arte erabili ziren. Urte hartan, soineko berriak egin ziren, oihala aldatuta; gainerakoan, Balenciagaren diseinu soila errespetatu zen. Uniforme hori erabiltzen dute, gaur egun, Orfeoiko emakumezko abeslariek.

Beste lankidetza-hitzarmen batzuk

Donostiako Orfeoiak, artea eta kultura sustatzen duten beste erakunde batzuekin gero eta lotura estuagoak eratzeko borondatez, hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu ditu, kasu batzuetan, bere proiektu artistikoa garatzeko baliabideak lortzeko xedez, eta, beste batzuetan, horrelako lankidetzetatik sortzen diren sinergiak baliatzeko.

Hona lankidetza horietako zenbait: EHU, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioa (Aquariuma), Espainiako UNICEF, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioa eta Eureka! Zientzia museoa.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.