Octava Sinfonía de Mahler
Thursday, October 17, 2013

Azaroan, Orfeoiak gonbitea jaso du Mahlerren Zortzigarren Sinfonia interpretatzeko Milanen, bertako Riccardo Chaillymaisuaren agindupean eta Giuseppe Verdi Milango Orkestra Sinfonikoak eta haren abesbatza sinfonikoak lagunduta. Horrela, hitzordu bikoitza izango du Kongresu Jauregiaren (MICO) entzunaretoan, hilaren 21ean eta 23an. Solista taldea osatuko dute Marina Shaguch, Manuela Uhl eta Malin Hartelius sopranoek, Lioba Braun eta Annely Peebo mezzopranoek, Brenden Gunnel tenoreak, Markus Werba baritonoak eta Samuel Youn baxuak. “Milakoen sinfonia” izenez ezaguna den obra hau ez da oso ohikoa musika-zirkuituetan, musikatresna eta ahots talde oso indartsua behar duelako eszenatokian. Orfeoiak obra izugarri hau Espainian estreinatzeko zoria izan zuen, Iruñeko Orfeoiarekin, Donostiako Mariaren Bihotzaren eta Aita Erredentoristen eskolaniekin eta Guadixeko katedraleko haur kantariekin anaituta. 1970eko XIX. Granadako Jaialdian eskaini zuten emanaldi hura, Rafael Frühbeck de Burgos zuzendariaren gidaritzapean eta Espainiako Orkestra Nazionalak lagunduta. Geroago, Orfeoiak beste bederatzi alditan baino ez du interpretatu. Horietan azkenekoa 2005eko Musika Hamabostaldian izan zen. Andra Mari abesbatzarekin eta Easo Eskolaniarekin batera aritu ziren orduan, Galiziako Orkestra Sinfonikoak lagunduta eta Victor Pabloren aginduetara. Lehen aldia izan zen sinfonia hori Donostian zuzenean entzuten zela.

Alabaina, Milanera nazioarteko bidaia egin aurretik, hilaren 15ean abesbatzak ongintzako kontzertua emango du Proyde-Proega Fundazioaren (La Salle Anaien GGKE) alde, Bidebietako San Frantzisko Xabier parrokia donostiarrean. Abesti-aukera bat interpretatuko dute, Sain Alfaroren zuzendaritzapean eta organoan Gerardo Rifon lagun dutela. Sarrera askea izango da edukiera bete arte.

Hurrengo egunean, Fernando Etxepare Ametsa Abesbatzaren sortzailearen eta zuzendariaren omenaldian parte hartuko du Orfeoiak, haren heriotzaren urteurrena baita aurten. Kontzertua eliz obrez osatuko da, eta Irungo Junkaleko Andre Maria elizan eskainiko dute. Oraingo honetan ere, Gerardo Rifon organo-jotzaileak parte hartuko du. Sarrera askea izango da edukiera bete arte.

Hilabetea amaitzeko, hilaren 27an Orfeoiak beste ongintzazko kontzertu batean parte hartuko du. Gipuzkoako Gurutze Gorriaren aldekoa dugu emanaldi hori, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da. Egitaraua abesti herrikoiez, zarzuela-zatiez eta habanerez osatuta egongo da, eta Amaia Zipitria piano-jotzailearen laguntzarekin interpretatuko dute. Sarrerak salgai daude jada.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.