CONCIERTO CON LA BANDA DE MÚSICA DE ERRENTERIA EN SU 150 ANIVERSARIO
Wednesday, April 2, 2014

Orfeoiak Errenteriako Musika Kultur Elkartea (EMKE)bandaren gonbitea jaso du, haren 150. urteurrenaren ospakizunetan parte hartzeko. Hala, larunbatean, apirilak 5, kontzertua eskainiko dute Fatimako Ama Birjinaren elizan (Kaputxinoak), Errenterian, 20:30ean. Sainz Alfarok zuzenduko du egitaraua, eta zenbait obra bandak bakarrik interpretatuko ditu, hala nola Jesus Guridiren El Caserio zarzuelaren preludioa, Tomas Aragüésen Gallarda eta Hans Zimmer-en Gladiator. Horrez gain, bandak eta abesbatzak Iñaki Urkizuren Kantaldia, Jesus Guridiren Eusko Irudiak, Vicente Behobideren Euskal rapsodia eta Alexander Borodin-en Igor printzea dantza polovtsianoak obrei helduko diete elkarrekin.

Mende eta erdi musikaz blai
Urtean zehar, Errenteriako Musika Bandak 15 kontzertu antolatu ditu beste abesbatza batzuekin elkarlanean, bizkarrean daraman mende eta erdiko musika-ibilbidea omentzeko. Izan ere, Euskal Herriko musika-talde zaharrenetako bat da. Hilaren 5eko kontzertuarekin, bi taldeek 1967an eskainitako emanaldia gogora ekarriko dute. "150. urteurren honetan, EMKEren momenturik onenak oroitu nahi izan ditugu" adierazi dute Josu Mitxelena bandaren lehendakariak eta Javier Pangua musikariak (Errenteriako Musika Kultur Elkartea). "Zalantzarik gabe, Donostiako Orfeoiarekin batera Errenterian,1967an, eskaini genuen emanaldia posturik gorenetan dago. Kontzertu hura Zumardiaren kioskoan izan zen, eta hiru parte eta hiru zuzendari eduki zituen: Juan Gorostidi (Donostiako Orfeoiaren zuzendari titularra), Antxon Ayestarán (Donostiako Orfeoiaren zuzendariordea) eta Valentín Manso (EMKEren zuzendaria). Oraingo honetan, bi parte egongo dira, eta zuzendari gonbidatu bakarra izango dugu: Jose Antonio Sainz Alfaro, Donostiako Orfeoiaren titularra".

Mende eta erdiko ibilbide honetan zehar, EMKEk hainbat izen eduki ditu: Hasieran, Sozietate Filarmonikoa izan zen (1864), gero Udal Banda (1923), eta 1948an jaso zuen gaur egungo izena, urte hartan eratu baitzen Errenteriako Musika Kultur Elkartea- EMKE. Gaur egun, bi zuzendari ditu: Aitor Mitxelena eta Carlos Rodríguez.

56 kide dauzka guztira, eta, batez beste, 15 kontzertu ematen ditu urtean, horietako batzuk nazioartekoak direlarik. Musikaten parte hartu ohi du 1995az geroztik, eta, hain zuzen ere, ekitaldi horrekin konpromisoa hartu zuen 2012an, bertan saritutako obra eta euskal konpositoreen artean sailkapenik onena lortu duena Musikagileak Nazioarteko Lehiaketan estreinatzeko, bi urtean behin. Bandak berak antolatzen du azken txapelketa hori, eta bandarako obrak lehiatzen dira bertan. Azken urteotako emanaldien artean, azpimarratzekoak dira Donostiako Musika Hamabostaldian 1995ean eta 1998an egindakoak. Nazioartean, berriz, nabarmendu behar dira Bordeleko Nazioarteko Azokan 1996an eskainitako bi kontzertuak. Horiez aparte, bandak beste kontzertu batzuk eman ditu atzerrian: Lousada- Oporton (Portugal) 2002an, eta Parisko La Cigale aretoan, 2010ean, Solange Añorga sopranoarekin eta Parisko Euskal Etxearen Anaiki Abesbatzarekin batera.

2008an, Oskorri euskal taldearekin aritu zen bi kontzertutan, Astigarragan eta Errenterian, "Oskorri Banda Band" ikuskizuna aurkezteko.

1996z geroztik, EMKEk modu jarraituan antolatzen du Urteroko Banden Alardea, Euskal Herriko lehiaketarik zaharrena, alegia. Bertatik igaro dira Iruñeko "La Pamplonesa" banda, Lousadakoa (Portugal), Wiesbaden-goa (Alemania), L´Harmonie de Tulle (Francia), Irungoa, Debakoa eta Tafallakoa, besteak beste.

Lortutako sarien artean, azpimarratzekoak dira Zaragozako Musika Banden Nazioarteko Lehiaketan izandako 2. Saria (1969) eta Zallan ospatu zen Euskadiko Musika Banden Lehiaketan izandako 1. Saria (1995).

Apirilaren 5eko kontzerturako sarrerak www.emkebanda.com webgunean eros daitezke, 10,90 eurotan, edota Errenteriako Niessen Zentroan, 10 eurotan: asteartea, osteguna eta ostirala, 18:00etatik 20:00etara; asteazkena, 11:00etatik 13:00etara. Gainera, Donostian ere eros daitezke, Conde Arrandengian (Bretxako Merkatua). 600 sarrera izango dira salgai, eta erosteko epemuga apirilaren 4a da, lehenago agortzen ez badira, betiere.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.