Orfeón Donostiarra
Wednesday, May 28, 2014

Orfeoiak hiru irteera artistiko egingo ditu ekainean: Madrilera, Tolosara eta Toulousera (Frantzia). 13an eta 14an, A+Música zikloan parte hartuko du, irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek antolatutako zikloan, Auditorium Nazionaleko ganbera-aretoan. Amaia Zipitria pianistak lagunduta, abesbatzak bi kontzertu emango ditu, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean; zarzuela ezagunenak eta hainbat euskal kanta interpretatuko dituzte.

21ean, Tolosako jaien hasierarekin batera, Orfeoiak ongintzazko kontzertu bat emango du udalerriko Leidor aretoan. Bildutako dirua Stop San Filippo Fundazioarentzat izango da, haurrei eragiten dien endekapenezko gaixotasun genetiko horren aurka borroka egiteko, eta, bereziki, Oierrentzat, sindrome hori duen Ibarrako haurrarentzat.

Hilaren 28, Tugan Sokhiev izango da Orfeoiko ahots zurien zuzendaria, Mahler-en 3. Sinfonian. Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak eta Toulouseko Les éclats choeurshaur-abesbatzak parte hartuko dute bertan; azken horretako kide gehienak La Lauzeta abesbatzean ibili ziren aurrez. Anna Larsson mezzosoprano suediarra izango da solista. Mahler-en obraren interprete ezagunenetako bat da Larsson. Musikagileari eskainitako abesti-ziklo guztietan kantatu du, eta mezzosopranoen errepertorio zabaleko ia abesti guztiak ere bai. Horren adibide dira Haendelen Mesías, Elgar-en Sea Pictures, edota Giuseppe Verdiren Requiem. Musika garaikidea ere abesten du.

Bestalde, Orfeoi Txikiak kontzertua emango du ekainaren 6an, Donostiako Aquariumeko auditoriumean. Jendeari zabaldutako kontzertua izango da, egitarau zabalekoa. Amaia Zipitria pianistak ere parte hartuko du. Ekainaren 8an Ozeanoen Nazioarteko Eguna izango delako emango du Orfeoiak kontzertua; izan ere, Donostiako Orfeoiak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2010ean.

Orfeoi Txikia eta Orfeoi Gaztea bira batean izango dira EOSekin eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin batera, «Sentitu, pentsatu, ekin!» ikuskizunean. Kantak CD batean grabatu zituzten 2012an, taldearen 25. urteurrena ospatzeko. Kontzertuak egunotan izango dira: Gasteizko Principal antzokian, ekainaren 13an; Bilboko Euskalduna auditoriumean, ekainaren 14an; Iruñeko Baluarten, ekainaren 17an; Donostiako Kursaalean, ekainaren 20an (bi saio). Donostiako kontzertuak EiTBk grabatu eta emango ditu.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.