El Orfeón en Lucerna
Friday, January 15, 2016

Aurten, Orfeoiak presentzia nabarmena izango du Europako hiru jaialditan: Luzernakoan, Carcasonakoan eta Orangekoan. Halaber, atzerriko emanaldiekin jarraituz, kontzertu bat emango du Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalaren denboraldiaren barruan. Bestalde hurrengo hauetan ere hartuko du parte: Donostiaren Europako Kultura Hiriburutzaren egitarauko zenbait ekitaldi garrantzitsutan, Musika Hamabostaldian –bi kontzertu emango ditu, programak zehazteko daude–, Santanderreko Jaialdian, eta Bartzelonako Mil.lenni Jaialdian. Madrilgo Entzunareto Nazionaleko hainbat ziklo musikalen barruan desberdin emanaldi izango ditu eta EOSekin film luze bateko soinu banda grabatuko du. Orain arte: 26 kontzertu programatu dira


2016KO LUZERNAKO JAIALDIAREN INAUGURAZIOA

Luzernako jaialdiaren 78. edizioa inauguratzeko gonbidapena egin diote. Luzernako Jaialdiko Orkestrarekin arituko da, duela gutxi izendatu duten Riccardo Chailly zuzendariaren gidaritzapean, eta Bavarian Radio Choir eta Latvian Radio Choir abesbatzekin batera. Bi kontzertu emango ditu, bata abuztuaren 12an eta bestea 13an, eta Mahlerren Zortzigarren sinfonia interpretatuko du. Obra hori «Mila musikarien sinfonia» izenez ere ezagutzen da, musikari kopuru handi batek jo behar baitu. Gainera, Ricarda Merbeth, Christine Goerke, Anna Lucia Richter, Sara Mingardo, Mihoko Fujimura, Andreas Schager, Peter Mattei eta Samuel Youn solistek hartuko dute parte.

Jaialdiko 78. edizioko lehen bi emanaldi horiekin egingo du debuta Chailly maisuak Suitzako jaialdiaren orkestrako zuzendari titular moduan. Aurretik ere aritua da Orfeoiarekin, hain zuzen ere, 2013an, Milanen, lan bera zuzentzen.


Mila musikarien sinfonia

Ez da ohikoa Zortzigarren sinfonia musika zirkuituetan programatzea, eszenatokian musika-tresna eta ahots-baliabide ugari behar baititu. Orfeoiak hamaika aldiz interpretatu du, azkenengo aldiz, 2013an, Milanen, Milango Giuseppe Verdi Orkestra Sinfonikoarekin eta abesbatza sinfonikoarekin, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean.

Sinfonia hau Orfeoiaren historiarekin lotuta dago. Izan ere, Orfeoiak estreinatu zuen Espainian, 1970eko Granadako Jaialdian, Iruñeko abesbatzarekin eta hiru eskolaniarekin, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin. 2005eko Musika Hamabostaldian interpretatzeko ohorea ere izan zuen, Andra Mari abesbatzarekin, Easo Eskolaniarekin eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, Víctor Pabloren zuzendaritzapean. Hori izan zen Zortzigarren sinfonia Donostian zuzenean entzun zen lehen aldia.


Orfeoia Luzernan

Hirugarren aldiz hartuko du parte Orfeoiak Europako jaialdi ospetsuenetako bat den honetan. 1964. urtean hartu zuen parte lehen aldiz, Juan Gorostidi zuzendari zenean. Kontzertu hura Rafael Frühbeck de Burgosek zuzendu zuen, eta Luzernako Jaialdiko Orkestrak ere hartu zuen parte. Programa zabala eskaini zuten, besteak beste, Carl Orffen Carmina Burana eta Manuel de Fallaren El sombrero de tres picos. Orff bera izan zen kontzertuan, ikus-entzule arrunt bat bailitzan, suitzarrek uda horretan entzun zuten lanaren bertsioa Rafael Frühbeck de Burgos zuzendariarekin lantzen aritu ondoren.

2003an, Abbadok, Jaialdiko orkestra birsortu berri zuenak, Orfeoiari Mahlerren Bigarren sinfonia, «Berpizkundea», interpretatzeko deia egin zion. Obra horrekin sortu zen Orfeoiaren eta maisu italiarraren arteko harremana, Madrilgo Entzunareto Nazionalean, 1997an. Orfeoiak bi kontzertu eman zituen jaialdiaren 65. edizioan, eta maisuak, orkestrak, Anna Larsson eta Eteri Gvazava solistek eta Orfeoiak kritika bikainak jaso zituzten.


Riccardo Chailly (Milan, 1953)

Aurten jaialdiko zuzendari izendatu duten Milango maisua Leipzigeko Gewandhaus orkestraren titularra ere bada. 2015etik Milango La Scalako musika-zuzendaria da. Antzoki horretan egin zuen zuzendari debuta 1978an.

Claudio Abbadok zuzendari laguntzaile moduan hautatu zuen 18 urte zuenean, eta harreman estua izan dute. Kontratu ugari lortu zituen laster: zuzendari aritu da Vienako Operan, Metropolitan Operan, Covent Gardenen, Salzburgeko Jaialdian eta Bavariako Estatu Operan.


Orkestra

Jaialdiko Orkestra 1938an sortu zuten, baina hamar urtez jarduerarik gabe egon ondoren, Claudio Abbadok berrantolatu zuen berak hautatutako musikariekin, nazioarteko bakarlariekin, irakasle ospetsuekin eta Mahler Chamber Orchestrako kideekin. Udako jaialdia inauguratzeaz arduratuko zen lehen mailako talde bihurtu zuen. Abbadoren heriotzaren ostean, ez dituzte orkestrako kideak aldatu, eta 2014 eta 2015eko udako jaialdietan berriz elkartu ziren Andris Nelsons-en eta Bernard Haitink-en zuzendaritzapean. Jaialdiko jardueraz gain, solistez osatutako orkestra bikain honek hainbat bira egin ditu Erroman, Parisen, Madrilen, Baden-Badenen, Londresen, Moskun, New Yorken, Tokion eta Pekinen. Uda honetatik aurrera, Riccardo Chaillyk gidatuko du gutxienez bost urtez.


 CARCASONAKO ETA ORANGEKO JAIALDIETAN

Uztailean, Orfeoiak Carcasonako eta Choregies d'Orange jaialdietan parte hartuko du, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera, Tugan Sokhiev-en zuzendaritzapean.

Carcasonan, Verdiren Requiema interpretatuko dute abesbatzak eta orkestrak uztailaren 13an, Frantziako jai nazionalaren bezperan. Ibilaldi laburreko jaialdia izan arren –hiriko udalak 2005ean sortu baitzuen–, urtero 120 ikuskizun eta kontzertu baino gehiago biltzen ditu, eta 80 inguru doakoak izaten dira: Frantziako eta nazioarteko artisten antzerki-, dantza- eta musika-ikuskizunek (klasikoa eta garaikidea) ikusle ugari erakartzen dituzte Erdi Aroko hirira.

Uztailaren 16an, programa bera interpretatuko dute Orangeko Antique antzokian. Orfeoiarentzako ez da eszenatoki ezezaguna, orkestra eta zuzendari berberekin parte hartu baitzuen Festival Choregies d'Orange jaialdiaren 2008ko eta 2011ko edizioetan.
 
1869. urtean, Erromatarren garaiko antzoki ikusgarri baten babesean sortutako jaialdi hau Frantziako zaharrena da. Lirikaren historiako nazioarteko figurarik garrantzitsuenen partaidetza izan du, gainera. Antique antzokia, Augustoren garaian eraiki zuten, eta udako jaialdi honetako kontzertu aipagarrienak hartzen ditu. 8.600 ikuslerentzako lekua duen aire zabaleko antzokiak akustika bikaina du horma akustikoaren kontserbazio egoera ezin hobea dela-eta. Unescok Gizateriaren ondare izendatu zuen. 


TOULOUSEKO KAPITOLIOKO ORKESTRA NAZIONALAREKIN

Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak Berliozen Romeo eta Julieta lana interpretatzera gonbidatu du Orfeoia, bere egoitzara, la Halle aux Grains aretora, Tugan Sokhiev zuzendariarekin aritzeko. Konposatzaile frantziarrari bereziki gustatzen zitzaion lan hau, eta bere bizitzako drama gorena izan zela idatzi zuen bere memorietan. Kontzertua apirilaren 29an izango da, eta maiatzaren 31n, bi taldeak berriz elkartuko dira zuzendari berarekin Donostiako Kursaalen Berliozen Requiema interpretatzeko.


DONOSTIA 2016N

Orfeoiak eta Orfeoi Txikiak Europako Kultur Hiriburutza inauguratzeko ekintzetako batzuetan parte hartuko dute, urtarrilaren 20tik 24ra bitartean. Urtarrilaren 19tik 20rako gauean, Donostiako Konstituzio plazako bandera igotzean Orfeoiak Sarriegiren San Sebastian martxa eta beste obra ezagun batzuk eta Juan Jose Santestebanen Donostiako Antzinako Himnoa interpretatuko ditu, Gaztelubide elkarteko danborradarekin eta EMKEbanda Errenteriako Musika Kultur Elkartearekin batera.

Urtarrilaren 23an, inaugurazio-ekitaldien egun nagusian, Orfeoiak kontzertua emango du Santa Maria basilikan 22:00etan. Organoaz lagunduko den askotariko programa Sainz Alfarok zuzenduko du.

Egun berean, Orfeoi Txikiak Eureka! Zientzia Museoan antolatutako jardueretan hartuko du parte, Donostia-Wroclaw ikus-entzunezko lanaren emanaldiaren ondoren. Ikusirudiak biltzen dira, zeruko magiak elkartuta; hala, Orfeoi Txikiak gai horrekin loturiko hainbat lan interpretatuko ditu. Bi emanaldi izango dira, 17:30ean eta 18:30ean.

Bestalde, Donostia 2016ko programazioaren barruan, Orfeoi Txikiak Altzoko Haundia txotxongiloen operan parte hartuko du. Martxoaren 20an Victoria Eugenia antzokian izango da ikusgai; maiatzaren 15ean Barakaldoko antzokian; ekainaren 5ean Tolosako TOPICen eta maiatzaren 31n Victoria Eugenian berriz ere. Azken bi emanaldiak Txotxongiloen Mundu Jaialdiaren parte izango dira.


ESTATUKO BESTE JAIALDI BATZUETAN

Abuztuan, Luzernan aritu ondoren, Orfeoiak Musika Hamabostaldiko bi ekitalditan hartuko du parte. Hamabostaldiko antolatzaileek laster emango dute horien berri. Bestalde, Santanderko Jaialdian ere hartuko du parte.

Orfeoiak bi kontzertu emango dituBartzelonako Mil.lenni jaialdiaren barruan, Palau de la Música Catalana delakoan, otsailaren 5ean eta 6an. Abesbatzak Euskadiko eta Kataluniako obra herrikoietan oinarritutako bi programa eta habaneraz eta zarzuelen zatiz osatutako lehen zati bat eskainiko ditu Sainz Alfaro zuzendariaren batutapean eta Patxi Aizpiri pianistaren laguntzaz.


ENTZUNARETO NAZIONALEAN

Orfeoiak Entzunareto Nazionalean emango dituen emanaldietako lehena urtarrilaren 26an izango da, Madrilgo Juventudes Musicales zikloan eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, . Andrés Segovia ganbera-orkestrarekin batera, Mozarten Koroatze meza eta Requiema interpretatuko ditu.

Otsailean, eszenatoki horretara itzuliko da abesbatza, Patxi Aizpiri pianistaz lagunduta hainbat zarzuelaren eta operaren zatiak interpretatzeko, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren zikloan. Kontzertua Tomás y Valiente katedradunaren omenez emango dute, ETAk hil zuela hogei urte beteko direnean.

>Maiatzaren 7an, Beethovenen Fantasia korala eta Wagnerren lanen hainbat zati interpretatuko dituzte Andrés Segovia Ganbera Orkestrarekin, A+música zikloaren barruan.


 ZINEMARAKO SOINU BANDA BAT GRABATZEA

Urtarrilaren 24an, Orfeoiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Juan Antonio Bayonak zuzendu duen “Un monstruo viene a verme” soinu-banda grabatuko du. Filma Patrick Ness-en izen bereko liburuan dago oinarrituta, eta Nessek berak idatzi du gidoia. Fellicity Jones, Sigourney Weaver, Liam Neeson, Lewis MacDougall aktoreek hartzen dute parte. Aurreikusitakoaren arabera 2016ko urrian estreinatuko da.


2015 ZENBAKITAN

Kontzertuak guztira: 36
•  Kontzertu sinfoniko-bokalak eta operak: 26
  Polifonia - folklore eta beste kontzertuak: 10
  Mezak eta hainbat eratako ekitaldiak: 15
  Emanaldiak Donostian: 12
  Emanaldiak Gipuzkoan:  1
  Emanaldiak Euskal Herrian: 5
  Emanaldiak beste Autonomi Erkidegoetan: 14
  Emanaldiak atzerrian: 4
  Txikia eta Gaztea: 18

Grabaketak:
  Orfeoi Txikia eta Orfeoi Gaztea: 1

Arduraldiak guztira: 194   
Entseguak egoitza sozialean: 119
Kontzertu, entseguak beste egoitz batzuetan eta bidai egunak: 83
Irakaskuntza-jardueren ikasleei emandako eskola-orduak: 3.203

Orfeoian parte hartzen dute:
>Donostiako Orfeoiaren abeslari kopurua: 208
Orfeoi Txikiaren abeslari kopurua: 120
Orfeoi Gaztearen abeslari kopurua: 68
Eskola-abesbatzen abeslari kopurua: 313
Biolin- eta Biolontxelo-eskoletako ikasle kopurua: 31
Musika-tailerretako ikasle kopurua: 154

OROTARA: 894 pertsona

2015ean, Donostiako Orfeoiak 36 kontzertu eskaini ditu; horietatik lau nazioartean, Frantziako Montpellier, Perpignan eta Paris hirietan; 17 Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, eta beste 15 honako autonomia-erkidego hauetan: Asturiasko Printzerria, Kantabria, Madril, Errioxa eta Gaztela-Mantxa.

Parisko Philharmonie-ren inaugurazio-kontzertuetako batean parte hartu zuen Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin, Sokhiev-en zuzendaritzapean. Orkestra eta zuzendari berarekin beste kontzertu bat eman zuen Toulousen. Bestalde, Radio France-Montpellier jaialdiko amaiera-kontzertua eman zuen Montpellier Languedoc-Roussillon Orkestra Nazionalarekin eta Arming maisuarekin. Gainera, jaialdi beraren barruan, beste kontzertu bat eman zuen Perpignan-en.

Musika Hamabostaldian hiru kontzertu eman zituen. Lehenean, Prokofieven Alexander Nevsky interpretatu zuen, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoarekin eta orkestrako titular Yuri Temirkanov maisuaren zuzendaritzapean. Hamabostaldian egin zuen bigarren emanaldian, Rossiniren Stabat Mater lana interpretatu zuen, Cadaquéseko Orkestrarekin eta Alberto Zeddaren zuzendaritzapean. Rossiniren lanen aditu handienetako bat da aipatutako zuzendaria. Programa bera interpretatu zuten hurrengo egunean, Santanderreko jaialdian. Hirugarren kontzertuan, Brahmsen Requiem alemana interpretatu zuen, Koloniako WDRko Orkestra Sinfonikoarekin eta Jukka-Pekka Sarasteren zuzendaritzapean.

Orfeoiko ahots zuriek eta Maggio Musicale Fiorentinoko orkestrak Ibermúsica zikloa ireki zuten Madrilgo Entzunareto Nazionalean. Mahlerren Hirugarren sinfonia interpretatu zuten Zubin Mehtaren zuzendaritzapeanLioba Braun mezzosopranoa aritu zen solista eta, abesbatzak interpretatutako zatian, JORCAMeko kantari txikiak (Madrilgo Komunitateko Orkestra eta Abesbatza Gaztea) batu zitzaizkion.

José María Usandizagaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko hirian sortutako batzorde bereziak programatutako jardueren barruan hiru kontzertu eman zituen Orfeoiak, azaroan, Victoria Eugenia antzokian. Kontzertu horietan Enarak opera interpretatu zuen, kontzertu-bertsioan, Musikeneko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Antzoki horretan bertan estreinatu zen lan hori Donostiarako 1914an, Donostiako Orkestra Sinfonikoarekin eta Orfeoiarekin berarekin batera.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.