Uztailean, Orfeoiak eta Orfeoi Txikiak Bizitzaren Sinfoniaren (Kuzma Bodrow eta Carlos Criadok konposatua) grabazio bat egingo dute, Gazteen Munduko Jardunaldiko orkestra, abesbatza eta eskolaniarekin batera. Kursaaleko auditoriumean izango da estreinaldia. Gainera, Donostiako Orfeoiak Verdiren Requiema interpretatutako du Frantziako Choregies d’Orange jaialdian, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera eta Tugan Sokhiev maisuak zuzenduta.
Bizitzaren Sinfoniaren grabazioa Iruñean egingo da, hilaren 9an, Nafarroako Unibertsitateko auditoriumean, eta obraren estreinaldia hurrengo egunean izango da, Kursaaleko auditoriumean, Borja Quintasen zuzendaritzapean. Konposizio hori bost mugimendutan banatuta dago eta Kuzma Bodrov eta Carlos Criadok sortu zuten orkestra sinfoniko batentzat, ahots mistoko abesbatza batentzat, haurren abesbatza batentzat eta hiru bakarlarirentzat.
Nazioarteko ekimen hau Donostiako Elizbarrutiak antolatu du, Jêrome Lejeune fundazioaren laguntzarekin. Fundazio horrek jatorri genetikoko desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatzen ditu. Fundatzailea, Frantziako mediku genetista, genetika modernoaren aitatzat jotzen da. Beste gauza batzuen artean, Down-en sindromea gehiegizko kromosoma batek eragiten duela aurkitu zuen.
Uztailaren 16an, abesbatza Frantziako Orange hirira joango da. Bertako antzoki erromatarrean, Tugan Sokhieven zuzendaritzapean, Verdiren Requiema abestuko du Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Krassimira Stoyanova (sopranoa), Ekaterina Gubanova (mezzosopranoa), Joseph Calleja (tenorea) eta Vitalij Kowaljow (baxua) bakarlariekin batera.
Kontzertua Choregies d’Orange jaialdiaren parte da, Frantziako zaharrena. Aire zabaleko eszenatokia, 8.600 ikusle hartzeko edukiera duena, ezaguna da Orfeoiarentzat, 2008ko eta 2011ko jaialdietako edizioetan parte hartu baitzuen, orkestra berarekin eta zuzendari berarekin.
Verdiren Requiema 1941az geroztik dago abesbatzaren errepertorioan, eta Orfeoiko kideek xehetasun osoz ezagutzen dute; izan ere, hainbat orkestrarekin interpretatu dute, eta Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej, Nézet-Séguin eta Víctor Pablo Pérez zuzendariekin, besteak beste. Gogoangarria izan zen Berlinen 2001ean eskainitako bertsioa, Claudio Abbado zuzendariaren eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Suediako Irratiko abesbatzarekin eta Eric Ericson ganbera-abesbatzarekin. EMIk kontzertu horren diskoa grabatu zuen, eta Grammy sarietarako izendatu zuten Best Choral Performance kategorian –izendapena kontzertuan parte hartu zuten beste bi abesbatzekin partekatu zuten–.