Orfeón Donostiarra
Wednesday, August 3, 2016

Orfeoiak Luzernako Jaialdiaren 78. edizioa inauguratuko du Luzernako Jaialdiko Orkestrarekin, Riccardo Chailly titularrarekin eta hiru korurekin batera: Bavariako Irratiko korua, Letoniako Irratiko korua eta Tölzeko haurren korua. Bi kontzertu emango ditu, bata abuztuaren 12an eta bestea 13an, eta Mahlerren Zortzigarren sinfonia interpretatuko du. Obra hori «Mila musikarien sinfonia» izenez ere ezagutzen da, musikari asko behar baitira hori interpretatzeko. Gainera, Ricarda Merbeth, Christine Goerke, Anna Lucia Richter, Sara Mingardo, Mihoko Fujimura, Andreas Schager, Peter Mattei eta Samuel Youn solistek hartuko dute parte.

Jaialdiaren 78. edizioko lehen bi emanaldi horiekin egingo du debuta Chailly maisuak Suitzako jaialdiaren orkestrako zuzendari titular moduan. Aurretik ere aritu da Orfeoiarekin; hain zuzen ere, 2013an, Milanen, lan hori bera zuzentzen.

Bi kontzertuetako sarrera guztiak salduta daude martxoaz geroztik, baina 12ko kontzertua doan jarraitzeko aukera izango da, pantaila erraldoi bat jarriko baitute Inseli parkean, Luzerna lakuaren eta entzunaretoaren ondoan. Gainera, SRF2 Kultur/live irratiak zuzenean emango du kontzertua, eta Accentus disko-etxe alemaniarrak filmatu egingo du, gero DVD bat ekoitzi eta saltzeko.

Mila musikarien sinfonia

Riccardo Chaillyk apropos hautatu zuen Mahlerren Zortzigarrena orkestraren etapa berriari hasiera emateko. Izan ere, karguan bere aurretik izan zen Claudio Abbado sinfonia zoragarri hori zuzendu baino lehen hil zen, eta ezin izan zuen Mahlerren obra guztia zuzendu orkestra horrekin. Hori dela eta, balio bikoitza dute kontzertu biek.

Ez da ohikoa Mila musikarien sinfonia musika-zirkuituetan programatzea, musika-tresna eta ahots-baliabide ugari eskatzen baititu. Orfeoiak hamaika aldiz interpretatu du sinfonia hori; azkenengo aldiz, 2013an, Milanen, Giuseppe Verdi orkestra eta abesbatza sinfonikoekin, Chaillyren beraren zuzendaritzapean.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.