Royal Albert Hall
Friday, May 5, 2017

Orfeoiaren 120. urteurrena urtean zehar ospatuko da nazioartean eta hirian eskainiko diren bi kontzerturen bitartez:

  • Uztailaren 21ean Orfeoiak debuta egingo du Londresko Royal Albert Hall deituko Prom ospetsuetan, non Beethovenen Fidelio operaren kontzerturako bertsioa interpretatuko baitu BBC Philharmonic-ekin batera, Juanjo Mena zuzendari dela.
  • Hiriko ospakizun-kontzertua, berriz, azaroaren 23an emango da Kursaal Auditorioan, Errege Antzokiko orkestra titularra den Madrilgo Sinfonikoarekin. Era horretan, bi urteurren ospatuko dira: antzokiarena, 200 urte betetzen baititu, eta Orfeoiarena, zeinak lotura estuak izan baititu aipatutako eraikin enblematikoarekin hainbat une erabakigarritan. Gainera, datorren urtean, Orfeoia Errege Antzokira joango da Madrilgo Sinfonokoaren bisita itzultzera.

Dena dela, musika gehiago ere izango da aurten:

  • Maiatzaren 14an, Auditorio Nazionalera itzuliko da Orfeoia A+Música zikloan parte hartzera Andres Segovia Ganbera-orkestrarekin, Puccini eta Verdiren lanak eskaintzera, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.
  • Abuztuan, bi kontzertu emango ditu nazioarteko orkestrekin Musika Hamabostaldiaren 78. edizioan: Beethovenen Fidelio, berriro BBCren Orkestra Filarmonikoarekin, Juanjo Mena zuzendari dela (hilaren 4an) eta Verdiren Réquiem, Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin, Gustavo Gimenoren zuzendaritzapean.
  • Abuztuaren 27an, Santanderreko 66. Nazioarteko Jaialdian hartuko du parte, berriro Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoarekin eta Gustavo Gimeno zuzendari dutela, Verdiren Réquiem interpretatzeko.
  • Urrian, Goya Orkestraren denboraldia irekiko du Zaragozako Auditorioan, Carmina Burana obrarekin.
  • Hainbat herri kontzertu ere emango ditu Donostian, Lekeition, Getarian, Zarautzen, Legazpin eta Durangon; Euskaditik kanpo, berriz, Boadilla del Monten (Madrilgo erkidegoa) eta Laredon.

Bestelako ekimenak ere antolatu dira:

  • Givenchyk diseinatutako emakumeentzako uniforme berriaren estreinaldia. Jantzi horren patroiak Lorenzo Caprilek egin zituen, eta Donostiako tailerretan eta CEMEIren laborategi-tailerrean ari dira josten, Donostiako Sustapenaren Modaren Klusterrarekin sinatutako hitzarmenari esker.
  • Esate baterako, Givenchyk diseinatutako emakumeen uniforme berriaren estreinaldia, zeina maiatzaren 26an Orfeoiko kide batzuek soinean erakutsiko baitute Balenciaga Museoan eskainiko den kontzertu batean, Cristóbal Balenciagak Donostian lehen negozioa ireki zuela ehun urte bete izanaren harira.
  • Argazki erakusketa bat, «Hiru mendetan zeharreko bidaia».
  • 120. urteurreneko argitalpen baten edizioa, DVD bat atxikita duela.
  • Excelentia Fundazioak emandako 2017ko Excelentia Kultur Saria jasotzea, «Efemerideak» kategorian, 120. urteurrenarengatik. Saria ekainaren 6an emango da Auditorium Nazionalean. Edizio honetan saritutako besteak: Ainhoa Arteta, Fernando Velázquez, Daniel Lozakovitj eta Bartzelonako Lizeoa.

PROM-AK, AMETS ARTISTIKO BAT

Uztailaren 21ean, BBCren Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularra den Juanjo Menaren eskutik, Orfeoia lehen aldiz igoko da Royal Albert Halleko agertokira Beethovenen Fidelio interpretatzera. Stuart Skelton, Ricarda Merbeth, Brindley Sherratt, Louise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar izango dira bakarlariak. Abesbatzak, horrela, bere amets artistikoetako bat beteko du, izan ere, Prom horietan debuta egitea kotizazio handiko nazioarteko zirkuitu batean sartzea baita, munduko jaialdi prestigiotsuenekin –Luzerna edo Salzburgokoa, adibidez, non parte hartu baitu Orfeoiak– alderatzeko modukoa.

Musika klasikoko eguneroko kontzertuen ziklo hau uda oro izaten da Londresen, 1895etik hasita, uztailaren erdialdetik irailaren erdialdera. Lurbira osoko orkestra, zuzendari eta bakarlari onenek hartzen dute parte aipatutako zikloan, eta mundu guztira zabaltzen dira BBC1 eta BBC2 britainiar kate publikoen bitartez, Erresuma Batuko eta munduko beste hainbat tokitako ikus-entzuleentzat. Gaur egun, munduko musikari onenak biltzeaz gainera, aukera ematen die musika klasikoaren alorreko hainbat talentu berriri beren burua mundu mailan ezagutzera eman dezaten.

Prom-ak (BBC Henry Wood Promenade Concerts izen ofizialaren laburdura) Henry Wood orkestra-zuzendariak sortu zituen Robert Newman izeneko enpresaburu baten babesarekin, eta musika-ekitaldi arrakastatsu horri esker, publiko guztiek dute kontzertuak entzuteko modua, 5 liberatik hasita lor baitaiteke sarrera pistarako.

Gaur egun kontzertu gehienak Royal Albert Hall-en eskaintzen dira, baina urte batzuetatik hona, aldi berean, beste Prom batzuk antolatzen dira Londresko hainbat puntutan, batzuetan Albert Hall-eko kontzertuarekin sinkronizatuak. Promenade Concerts edo Prom izena kontzertu horietara joaten ziren batzuen antzinako ohituratik dator: auditorioan paseatu ohi ziren musika jotzen ari zen bitartean.

Gaur egun, nolanahi ere, Prommer-ak eremu merkeenetako sarrerak –besaulki-patiokoak– erosten dituztenak dira, alde horretako eserlekuak kendu egiten baitituzte, bi hilabetez, «prommer-ek», zutik, kontzertua giro lasaian entzun dezaten. Egunero, nahitaez, sarrera sorta txiki bat jartzen da salmentan, Royal Albert Hall-ek guztira har ditzakeen 6.000 sarreretatik. Bitxitasun modura, bertaratuek jateko eta edateko aukera dute kontzertuan, baita lurrean etzatekoa ere lekua egonez gero.

Menaren iritzian Prom horietako giroa zirraragarria da: «britainiar entzuleak ez doaz tipikoa den zerbait entzutera; aldiz, gauza berriak bilatzen dituzte, pentsatzera, ezagutzera, gehiago gozatzera bultzatzen duten gauzak. Prom-ak espiritu orokor horren erakusgarri dira, hala musikaren nola kulturaren alorrean».

Ez da Orfeoiak Londresen abesten duen lehenengo aldia, nahiz eta beste agertoki batzuetan izan. 1980an, Royal Festival Hall-en jardun zuen Royal Philharmonic-ekin, Frühbeck de Burgos buru zutela, bi kontzertu emateko: Carmina Burana eta Verdiren Réquiem. 1987an, López Cobosekin eta London Symphony orkestrarekin, oraingoan ere Royal Festival Hall-en, Carmina Burana interpretatu zuen berriro.

Beethovenen opera bakarra

Fidelio da alemaniar konpositorearen opera bakarra; hainbat bertsiotatik igaro zen arrakasta lortu zuen arte. Egileak berak aitortu zuen: «oinaze gogorrenak eman dizkidan semea izan da, nahigabe handienak sortu dizkidana; baina, horrexegatik, maitatuena ere bai».

Bere bilakaera pertsonaleko trantsizio-etapa batean sortu zuen; formula berrietan barneratu zen bere musikan hainbat sentimendu txertatzea lortzeko. Sentimendu eta balio horiek –maitasuna eta askatasuna, gezurra prestutasunaren aurrez aurre, edo onberatasuna instintu txarren aurka– giza dualtasunari buruz gogoeta egiteko baliagarri dira. Xehetasun berritzaileetako bat da oso rol garrantzitsua ematen diola koruari. Beethovenengan espezialista den Hartmut Hanchen-ek dio oso zaila dela obra hau abestea, «benetako erronka bat, Beethovenek ez baitzuen abesteko konposatu ohi».

Jean-Nicolas Bouilly-ren libretoa du; XVIII. mendean girotua dago eta Florestan-en istorio tragikoa kontatzen du: arrazoi ideologikoak zirela medio bidegabeki espetxeratua izan eta, hainbat gorabehera igaro ostean, bere emazte Leonor-ek askatuko du.

Orfeoiak sei alditan interpretatu du Fidelio, guztiak kontzertu bertsioan: bi aldiz 1984ko Musika Hamabostaldian, EOSekin eta Miguel Ángel Gómez Martínez zuzendari zela; 1989ko Santanderreko Jaialdian, Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Lorin Maazel buruan zela; 2000n, Castell de Peralada Jaialdian, Gómez Martínezen batutapean; 2005ean maisu berbera eta EOSekin, Musika Hamabostaldiaren barruan, eta azkeneko aldiz, Sevillako Maestranza Antzokian, 2009an, West Eastern Divan Orchestrarekin Daniel Barenboim zuzendari zela.

BBCren Orkestra Filarmonikoa

Manchester-en sortu zen 1934an BBC Northern Orchestra izenarekin, eta 1982an hartu zuen oraingoa. Salford-eko MediaCityUK-n oinarria duela, BBCren sei multzoetako bat da. Horregatik, orkestraren kontzertu asko BBC Radio 3tik ematen dira. Bere kontzertu-denboraldia Manchester-eko Bridgewater Hall-en eskaintzen du eta erregulartasunez ematen ditu kontzertuak Hanley, Leeds, Kendal eta Ingalaterraren iparraldeko beste hainbat aretotan. Nazioartean ospe handiko orkestra denez, noiznahi egiten ditu birak Europan eta Asian. 130 grabazio baino gehiago egin ditu britainiar zinemako musika-serieak, Georges Enesco-ren musika eta Bach-en musikari buruzko Stokowskiren transkripzioak oinarri hartuta. 2011tik, Juanjo Mena da zuzendari titularra.

Juanjo Mena

Musika klasikoaren nazioarteko zirkuituan ospe handienetakoa duen espainiar zuzendarietako bat da. Gaur egun BBC Philharmonic-en zuzendari titularra da eta presentzia egonkorra du Londresko Prom-etan.

Bergen Filharmoniske Orkester-eko zuzendari gonbidatu printzipala izan da eta kargu bera izan du Genovako Carlo Felice Antzokian. Izen handiko formazioak zuzendu ditu, hala nola Berlingo Filarmonika, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Orchestre Capitole de Toulouse, Orchestra Filarmónica della Scala, Milan, Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI, Münchner Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie, Goteborg Symphoniker, Royal Stockholm Philharmonic, eta Danish National Symphony Orchestra, bai eta, aldizka, Espainiako orkestra nagusiak ere.

Iaz, Musikako Sari Nazionala jaso zuen interpretazioaren modalitatean. Bere azken sarietako bat ibilbide profesionalari emandako XVI. Orfeoia-UPV/EHU Saria da.

Nazioarteko orkestren zuzendaritzara jauzi egin baino lehen, Menak Euskal Herrian garatu zuen bere karrera musikala. 1997an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) eratzeko enkargua eman zion eta, gerora, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari elkartu izendatu zuten. 1999 eta 2008 artean, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari artistikoa eta printzipala izan zen.

Orkestra horrekin jarri zen Orfeoia, lehenbiziko aldiz, zuzendariaren aginduetara, Zestoako Foruen Plazan aire librean eman zen kontzertu batean, 1996ko Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Polifonia, zartzuela eta opera zatien kontzertuak lehen mailako bi bakarlari izan zituen: Calos Álvarez eta María Bayo. Urte berean, Menak EOSeko musikariak eta Orfeoiko kideak zuzendu zituen Francisco Escuderoren Illeta oratorioan, Zarautzeko Kiroldegian. Hamar urte geroago, maisuak berriro bildu zituen Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Orfeoia Mozarten Requiem eta Arriagaren Stabat Mater zuzentzeko hiru agertokitan: Salamancako Centro de las Artes Escénicas y de la Música deituan, Auditorio Nazionalean eta Santanderreko Jaialdien Jauregian.

EMAKUMEZKOEN UNIFORMEAREN ESTREINALDIA

Maiatzaren 26an, Hubert de Givenchy Cristóbal Balenciaga Museora etorriko dela baliaturik, Rachel Lowe Lambert Melon-en janzki- eta dokumentu-bildumari buruzko erakusketa inauguratzera, Orfeoiko emakume abeslari talde batek frantses diseinatzaileak sortutako uniforme berria estreinatuko du. Horrek ez du esan nahi oraingo uniformea, Getariko jostun handiak 1945ean sinatua, bazterrera utziko denik. Soinekoen patroiak Lorenzo Caprile moda-sortzaileak egin ditu eta Donostiako tailerretan eta CEMEIren laborategi-tailerrean ari dira josten, Donostiako Sustapenaren Modaren Klusterrarekin sinatutako hitzarmenari esker.

Orfeoiaren Bazkide eta Lagunentzako kontzertuan –abenduaren 14an izango da Kursaal-en–, Orfeoiko emakumezko guztiek uniforme berria jantziko dute.

Hubert de Givenchyk –Balenciagaren laguna eta miresle handia ez ezik, haren Fundazioaren lehendakaria– diseinatu ditu, eskuzabalki, jantzi berriak; Getariako goi mailako joskintzaren maisua omendu nahi izan du horrela. Beltzaren zorroztasun dotorea arrosarekin konbinatzen da, maisuaren kolore gogokoenetako batekin; kontuan izan behar da, modaren argotaren barruan, «Balenciaga arrosa» terminoa existitzen dela.

Abesbatza 1909an mistoa bihurtu zenetik, emakumezko abeslarien uniformea –hori bai, beti zuria– behin baino gehiagotan aldatu izan da; horregatik, uniforme berriaren berezitasun handiena haren koloreak dira.

Maiatzaren 26an Getariko kontzertuan parte hartuko duten 15 abeslari emakumezko inguruk Givenchyren modeloa jantziko dute, eta, soinekoak amaitzen doazen neurrian, gertaera berezietan jantziko dituzte, betiere aurrekoa baztertu gabe.

120 URTE IRUDIETAN

Hiriko hainbat aretotan ikusi ahal izango den argazki-erakusketa batek abesbatzaren historia jasoko du irudien bidez. Orfeoiaren artxibo historikoan gordetzen diren 19.000 argazki baino gehiagoren artetik hautatutako erakuskari txiki bat izango da.

Erakusketa horretan hauteman ahal izango dira abesbatzaren zedarri nagusiak, abeslari talde batek –guztiak gizonezkoak– bere lehen emanaldia eskaini zuenetik Arrasateko euskal jaietan. Abesbatzaren bilakaera irudi horietan islatzen da, lehenengoak sepia kolorekoak, hurrengoak zuri-beltzean, eta gerora koloretan: herri kontzertuak banda eta txarangekin eta aire libreko emanaldiak; «andereñoak» gehitu zirenekoa; lehiaketak; orkestrekin batera antzoki eta agertokietara igarotzea; Europako mugak zeharkatzea; Ameriketarako jauzia; nazioarteko jaialdietako parte hartzeak... 120 urteko historian guztietarako baita lekua.

ARGITALPEN BAT OROITZAPENERAKO

Urtean zehar argitalpen bat ere argitaratuko da eta bertan Orfeoiak aurrez ateratako argitalpenetan jaso gabeko azken hamarraldia azpimarratuko da; argitalpenarekin batera, DVD bat ere bai, 120 urteko historiari eta protagonistei buruzkoa.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.