ORFEOIA FRANTZIARI ETA ERRUSIARI KANTARI
Tuesday, March 9, 2021

Donostiako Orfeoiak abesbatzak berak antolatutako Kontzertu Klasikoen Zikloaren hirugarren ekitaldia eskainiko du martxoaren 26an. COVID-19aren harira eguneratutako segurtasun neurriek oraingoan sarrera kopurua handitzeko aukera eskaini dute, eta 600 eserlekura zabalduko dute aretoa.

Urtarrilaren 17an Brahmsen Requiemarekin estreinatu eta otsailaren 28an Rossiniren Petite Messe Solennellerekin jarraitu ondoren, Donostiako Orfeoia erronka berri baterako prestatzen ari da Kursaalen egingo duen Kontzertu Klasikoen Zikloaren barruan.

Martxoko kontzertu honetarako aukeratu den errepertorioa energiaz beteta dago; Francis Poulencen Gloriarekin hasiko dira, Orfeoiak dozena bat aldiz interpretatutako lana, azkena 2015ean Jun Märkl zuzendariarekin batera. Ana Otxoa Pando sopranoak kantatuko du abesbatzarekin batera, Pedro Jose Rodriguezekin pianoan eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.

Jarraian, sobietar giroko gaualdi bati ekingo diote; hala, Orfeoiak hiru obra estreinatuko ditu Donostian: Sergei Rachmaninoven Six Choral Songs, Modest Mussorsgkiren Joshua "Iisus Navin" eta Sergei Prokofieven Zdravitsa. Lan hauek interpretatzeko orduan, erronkarik handiena hizkuntza behar bezala ahoskatzera iristea izan da, eta, aldi berean, obraren erritmo frenetikoa jarraitzea. Iazko konfinamenduaren ondorengo hilabeteetan burubelarri prestatu ondoren, Donostiako Orfeoiak urtarrilaren 30ean kantatu zituen lehen aldiz obra horiek Zaragozako Auditorioan; ondoren, errepertorioa errepikatu zuen Madrilgo Auditorio Nazionalean, otsailaren 11n.

Kontzertua martxoaren 26an izango da, 19:00etan, Kursaal Auditorioan. Juncal Baroja mezzo-sopranoak bakarlari gisa abestuko du Mussorsgkiren obran. Obra guztiak Pedro Jose Rodriguez piano-jotzaileak lagunduko ditu eta Sainz Alfarok zuzenduko ditu.

SARRERAK EROSI 

EGITARAUA:

  • GLORIA (Francis Poulenc) - Ana Otxoa Pando, soprano / sopranoa
  • SIX CHOEURS, op. 15 (Sergei Rachmaninov)
    1. (Slav’sya) / Gloria
    2. (Nóchka) / Noche
    3.  (Sosná) / El pino
    4. (Zadremali volny) / Las olas dormidas
    5. (Nevolya) / Exclavitud
    6. (Angel) / El ángel
  • JOSHUA “IisusNavin” (Modest Mussorgski) - Juncal Baroja, mezzosoprano / mezzosoprano
  • ZDRAVITSA, op 85 (Sergei Prokofiev)

 


KONTZERTU KLASIKOEN ZIKLOA
Bost kontzertu izango dira guztira, hilabete bakoitzeko bat, urtarrilean hasi eta ekainera arte. Hiriak hilabete askotan ezin izan duenez bere abesbatza entzun, zikloko kontzertu guztiak Donostiako Kursaal Auditorioan eskainiko dira, eta abesbatzak hainbat bakarlari izango ditu lagun, pianoaz, organoaz eta perkusioaz gain. Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiaren zuzendariak zuzenduko ditu kontzertuak.


CEMENTOS REZOLA- HEILDELBERG CEMENT GROUP kontzertuen babeslea da.
x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.