Maiatzean, Víctor Pablo, Musikene Orkestra eta Nafarroako Abesbatzen Elkartea
Wednesday, May 2, 2018

Maiatzean, Orfeoiak hiru kontzertu interpretatuko ditu: bi Víctor Pablo maisuaren gidaritzapean eta Musikene Orkestrarekin; eta hirugarren kontzertu bat, Tafallan, Nafarroako Abesbatzen Elkartearen 30. urteurrena ospatzeko.

Orfeoia eta Musikene Orkestra Víctor Pablo Pérez maisuaren aginduetara jarriko dira Cherubiniren Requiem obra interpretatzeko; lan hori hileta-meza ezohikoenetako bat da, ez baitu kantari solistarik eskatzen. Bi kontzertu izango dira: maiatzaren 12an, Donostian, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiko (Musikene) auditoriumean, eta, hurrengo egunean, Bilboko Arriaga Antzokian. Bi ekitaldiak Béla Bartóken Biolarentzako eta Orkestrarentzako Kontzertuarekin irekiko dira, protagonistatzat Musikenen hezitako Yana Kucherova gazte errusiarra izango duena. 

Donostiako Orfeoia-Musikene II. saria

Bi kontzertu horiek bi erakundeek –Musikene eta Donostiako Orfeoia– 2014an izenpetutako hitzarmenaren emaitza dira; halaber, hitzarmen horretan adostu zen Musikeneko ikasleen artean Euskadin ikerkuntza musikala sustatzea eta bultzatzea helburu duen urteko saria ematea. Hain zuzen, bigarren edizioko sari hori lehen kontzertuaren atsedenaldian emango da. Irabazlea Inga Freyrsdóttir Lorenzo da, eta hau da saritutako lana: «Felix Ibarrondoren Urruntz obraren azterlana: flauta-orkestrarako gaur egungo errepertorio baten adibidea».

Lehen kontzertuko etekinak Minbiziaren kontrako Gipuzkoako Elkarteari (AECC) emango zaizkio, zeinak «Soinubakarrean, minbiziaren aurkako ikerkuntza bultzatzen» lema erabili baitu.  Sarrerak, 15 euroko prezioan, salgai daude AECC Gipuzkoak Donostian duen egoitzan (Zarautz hiribidea, 58. zk, 1.solairua), bai eta lurralde osoko gainerako egoitzetan ere (Irun, Eibar, Zarautz, Tolosa eta Zumarraga).

Tafallan

Maiatzaren 26an, Orfeoia Tafallara (Nafarroa) joango da, eta hango Kultura Zentroan euskal konposizioak, latinoamerikarrak eta nazioarteko poparen kantuak eskainiko ditu askotariko programa baten barruan, Pedro José Rodríguez piano-jotzailearen laguntzaz eta Sainz Alfaroren gidaritzapean.

x

We use own and third party cookies to improve our services and show related advertising to your preferences by analyzing your browsing habits. If you continue browsing, we consider that you accept the use.
You can change the settings or get more information here.