Mehta, la Sinfónica del Maggio Musicale Fiorentino y el Orfeón en Santander en 2008
Asteartea, Iraila 8, 2015

Ekitaldiz betetako udaren ostean, Orfeoiak bi kontzertu emango ditu irailean: bata Madrilen eta bestea Donostia Zinemaldian.

Hilaren 16an, Orfeoiko ahots zuriek eta Maggio Musicale Fiorentinoko orkestra sinfonikoak Ibermúsica zikloairekiko dute Madrileko Auditorium Nazionalean Mahler-en Hirugarren sinfonia interpretatuko dute Zubin Mehtaren zuzendaritzapean. Lioba Braun mezzosopranoa arituko da solista, eta abesbatzak interpretatutako zatian, JORCAMeko kantari txikiak (Madrileko Komunitateko Orkestra eta Abesbatza Gaztea) entzuteko aukera izango da.


Jaialdi bati lotutako orkestra

Vittorio Gui-k sortu zuen 1928an, Stabile Orchestrale Fiorentina izenarekin, eta hasiera-hasieratik eman izan ditu kontzertu ugari. Salzburgoko Jaialdiaren atzetik, Europako bigarren jaialdirik zaharrena eta ospetsuena dena sortzen lagundu zuen 1933an: Maggio Musicale Fiorentino. 1985. urteaz geroztik Zubin Mehta da Maggio Musicale Fiorentinoko zuzendari nagusia, baita biziarteko ohorezko zuzendaria ere.

1954tik, Orfeoiak lau kontzertu eman ditu Maggio Musicale Fiorentinoko orkestrarekin. Lehengo bietan, Musika Hamabostaldian, Verdiren Otello opera interpretatu zuten, Emidio Tieriren zuzendaritzapean. Handik lau urtera, Orfeoiak Perugiara bidaiatu zuen eta, hango antzokian, Mozarti eskainitako programa bat interpretatu zuten, Lovro von Matacic maisuaren zuzendaritzapean. 2008an eman zuten azkenengo kontzertua Orfeoiak eta orkestrak elkarrekin. Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak Ataúlfo Argentari eginiko omenaldian: Beethovenen Bederatzigarren sinfonia interpretatu zuten, Zubin Mehtak zuzenduta.

Baina, Mehtak beste batzuetan ere zuzendu du abesbatza: 1992an, Auditorium Nazionalean Mahlerren Hirugarren sinfonia interpretatu zuten Israelgo Orkestra Sinfonikoarekin; hurrengo urtean, leku berean eta orkestra berarekin, Mahlerren Bigarren sinfonia, eta 1998an, Musika Hamabostaldian eta Santanderreko Jaialdian, Israelgo Filarmonikarekin, Mahlerren Hirugarren sinfonia berriz ere. Santanderreko Jaialdiko edizio hartan Orfeoi Txikiak ere hartu zuen parte.


Zinemaldian

Irailaren 19an, Zinemaldiak filmetako musikaren inguruan antolatutako kontzertuan parte hartuko du Orfeoiko talde batek. Emanaldia Belodromoan izango da eta 2.500 entzulerentzako tokia izango da bertan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa arduratuko da musikaz, Roman Gottwald-en zuzendaritzapean. Orfeoiak bi abesti abestuko ditu: Mikel Laboaren «Baga, biga», Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi filmean agertu zena, batetik, eta «Por siempre», Oskar Santosen Zipi y Zape y el club de la canica filmekoa, bestetik. Zuzeneko musika osatzeko, interpretatuko diren soinu-bandei dagozkien filmen eszenei buruzko muntaketa bat proiektatuko dute. Kontzertu honetarako bereziki muntatutako irudiak 400 metro koadroko pantaila batean ikusi ahal izango dira. Gainera, obren konpositoreetako batzuk belodromoko eszenatokitik igaroko dira.

Kontzertua doakoa izango da eta 12:00etan hasiko da. Kontzertura joateko, ezinbestekoa izango da gonbidapena jasotzea, irailaren 12tik 18ra, Donostia Zinemaldiaren informazio-puntuetan, Kursaalen edo Okendo plazan, 9:00etatik 20:00etara, edo Donostia Turismoko bulegoan, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 19:00etara.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.