Tugan Sokhiev maisua Gipuzkoako hiriburuan da gaurtik, Donostiako Orfeoiarekin batera Verdiren Requiema prestatzeko. Sokhiev maisuak Donostiako Orfeoia eta Tolosako (Frantzia) Kapitolioko Orkestra Nazionala zuzenduko ditu hiru kontzertutan: lehenengoa Kursaalen izango da, abenduaren 12an; bigarrena Tolosako Halle aux Grains aretoan, abenduaren 14an; eta, hirugarrena, Parisko Pleyel aretoan, abenduaren 16an. Azken kontzertu hori Radio Classique irrati kateak emango du zuzenean.
Hiru kontzertuetan Tatiana Serjan sopranoa, Dolora Zajick mezzoa, Stuart Neill tenorra eta Carlo Colombara baxua bakarlari gisa arituko dira.
Verdiren Requiema XIX. mendeko Italiako musikaren gailurra da, eta Donostiako Orfeoiaren errepertorioan dago 1941etik. Orfeoilariek ondo ezagutzen dituzte partitura horren ñabardurak; izan ere, askotan interpretatu dute hainbat zuzendarirekin (Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej, Daniele Gatti, Víctor Pablo eta Claudio Abbado, beste hainbaten artean).
Obra honekin eta Claudio Abbado maisuarekin lortu zuen Donostiako Orfeoiak azken urteetako nazioarteko arrakastarik handiena, Berlingo Orkestra Filarmonikoak lagunduta. Alemaniako hiriburuan 2001ean interpretatutako bi kontzertu izan ziren. Kontzertuak CD batean bildu zituzten eta Grammy sarietako abesbatzarik onenarentzako sarietarako aukeratu zuten.
Alessandro Manzoni nobelagile eta poetaren oroimenez egina, Verdik sinfonia eta korala operarekin, liturgiarekin eta antzerkiarekin konbinatu zituen Requiemean. Lan hori «agnostiko, dramatiko eta herrikoi» gisa definitu dute. Ez da, beraz, hildakoei eskaini ohi zaien musika. Hara hemen horren adibide garbiena: Milango San Marko elizan estreinatu zuten, 1873ko apirilaren 22an eta, bi egun geroago, Milango Scalan interpretatu zuten.
Sokhiev maisu gaztea «Errusiako eskolako produktu argia» dela esaten dute, eta Ilia Musin maisuaren ikasle gogoko izan zen Leningradon. Donostiako Orfeoia behin baino gehiagotan zuzendu du Sokhievek. Abesbatzak Stravinskiren Salmoen Sinfonia interpretatu zuen Frantziako Tolosan eta Santandergo Jaialdian. Tolosan egindako beste kontzertu batean, berriz, Prokofiev, Borodine eta Ratxmaninov musikarien obrak interpretatu zituen. Prokofiev Nazioarteko Saria jaso zuen 2000. urtean. Lau urte geroago, Michel Plasson ordezkatu zuen Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalaren zuzendaritza artistikoan. Donostiako Orfeoiaren eta orkestraren arteko harremanak 1973an hasi ziren.