URTEKO LEHEN KONTZERTUA AUDITORIO NAZIONALEAN
Asteartea, Urtarrila 8, 2013

Orfeoiak aurten emango duen lehen kontzertua bihar, asteazkena, hilak 9, izango da Auditorio nazionaleko areto sinfonikoan, Ciclo de Juventudes Musicales zikloaren barruan, Madrilen. Orfeoiak Beethoven-en Fantasia Korala eta Bederatzigarrena interpretatuko ditu Orquesta de Cámara Andrés Segovia-rekin batera, Michael Francis maisu britainiarraren zuzendaritzapean. Urteroko ziklo honetan 16 kontzertu emango dira, iraila eta ekaina bitartean, eta hor parte hartuko dute munduko bakarlari, zuzendari eta orkestrarik onenek.

Michael Francis da Norrkoping-eko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia eta aholkulari artistikoa. Azken urte hauetan Londresko Orkestra Sinfonikoa zuzendu du, Komische Oper Berlin Orkestra, Radio Sinfonierorchester Stuttgart, Radio France-ko Orkestra Filarmonikoa, Luxenburgeko Orkestra Filarmonikoa, Herbehereetako Filarmonika, BBCko Galeseko Nazionala, Essener Philharmoniker, Hanburgoko Sinfonikoa, Cincinnati-ko Sinfonikoa eta Mariinski Antzokiko Orkestra. Asian, Tokioko hiriko Filarmonikoarekin lan egin du, Taiwango Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin eta Seulgo Filarmonikoarekin.

Orquesta de Cámara Andrés Segovia 1989. urtean eratu zuen haren kontzertino eta zuzendari artistikoak, Víctor Ambroak, eta ez dauka zuzendari titularrik eta hasieratik zuzendu dute espainiar maisu askok, esaterako Enrique García Asensio, Manuel Galduf, José de Eusebio, José Luis García Asensio, Ángel Gil Ordóñez maisuek eta abar, eta baita belaunaldi berrikoek ere, Pedro Haffter, Lorenzo Ramos, Ignacio Yepes, José Luis Novo, Pablo González, Ernest Martínez-Izquierdo eta Miguel Romea zuzendariek, eta baita mundu mailako zuzendari nabarmenetako batzuek ere, esaterako Arild Remerit edo Michael Francis zuzendariek.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.