EN OCTUBRE, DOS CONCIERTOS PARTICIPATIVOS EN MADRID Y UNO PARA SOCIOS
Osteguna, Urria 2, 2014

Bi kontzertu parte-hartzaile emango ditu Orfeoiak urrian Auditorium Nazionalean, eta beste bat bere bazkide eta lagunentzat Kursaalen.

Carl Orff-en Carmina Burana interpretatuko dute Donostiako Orfeoiak eta 400 ahots gehiagok Auditorium Nazionalean, urriaren 10ean eta 11n, Madrilgo Orkestra Filarmonikoarekin eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Honako hauek izango dira solistak: Elena Barbé (sopranoa), Enrique Sánchez-Ramos (baritonoa) eta Luis Calero (kontratenorra).

Orfeoiari batuko zaizkion ahotsek Nuria Fernándezen prestakuntza jaso dute Madrilen. Fernández KoralArs taldearen sortzailea eta zuzendaria da, eta Espainiako abesbatzen panoraman erreferente bilakatu diren hainbat proiektu garatu ditu taldearekin Madrilgo Carlos III.a unibertsitatean; esaterako, Unibertsitateko Abesbatza, Haurrentzako Musika Eszenikoko Programa eta Koru Zuzendaritzako ikastaroa.

Pascual Osa zuzendariak 2000. urtean sorturiko Madrilgo Orkestra Filarmonikoa finantzazio eta kudeaketa erabat pribatuak dituen Espainiako orkestra sinfoniko egonkor eta profesional bakarra da. Bizirik dauden Espainiako konpositoreekiko duen konpromisoari esker haien lanak biltzen ditu ia bere programa guztietan. Bederatzi urtez izan zen Fernando Argentak TVEn zuzentzen zuen "El conciertazo" programaren protagonista.

Orfeoiak Madrilgo Filarmonikarekin batera laugarren urtez jarraian antolatu dituen kontzertu parte-hartzaile horien helburua koru-musika maite duten pertsonei Orfeoiarekin batera abesteko aukera eskaintzea da. Aurreko urtean Wagnerri eskaini zioten programa, 2012an Verdiri, eta 2011n Beethovenen Bederatzigarrena izan zen protagonista.

Orfeoiak urtero eskaintzen die kontzertu bat beren lagun eta bazkideei, eta aurten urrian 30ean izango da, Donostiako Kursaal Auditoriumean. Okasio horretarako Brahmsen Requiem Alemana aukeratu dute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Elena Barbé (sopranoa) eta Garry Magee (baritonoa) solistek lagunduko diote koruari kantataren eta oratorioaren artean kokatzen den lan horretan. Jainkoari eginiko aipamen urriak direla eta -zuzenean behintzat- "requiem ateoa" deitu izan diote, Brahmsen helburua ez baitzen izan kutsu liturgikoko requiem bat konposatzea. Zazpi zatitan banaturiko obra honetan, testua Lutherrek eginiko Bibliaren itzulpen alemanetik dago hartuta, eta ez latinetik, ohikoa zen bezala.

Obra Orfeoiaren errepertorioan dago 1913tik, eta ordutik, honako zuzendari hauen gidaritzapean interpretatu du: Lorin Maazel, Frühbeck de Burgos, López Cobos, Ataúlfo Argenta, Víctor Pablo Pérez, Michel Plasson, Fernández Arbós eta Ramón Usandizaga, besteak beste, eta honako orkestra hauekin: Berlingo eta Londreseko Orkestra Sinfonikoak, Hanburgoko irratiko orkestra, Galiziakoa, Espainiako Orkestra Nazionala eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Euskadiko Orkestrarekin abestu zuen azken aldia 2004an izan zen, Musika Hamabostaldian. Aldi hartan bi kontzertu eskaini zituzten bi taldeek Gilbert Vargaren zuzendaritzapean.  

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.