Udazkena Munichen, Bilbon, Donostian eta Burgosen
Ostirala, Iraila 28, 2018

Urrian lau kontzertu emango ditu Orfeoiak: lehena Municheko MPHIL 360° jaialdian izango da, non hiri bavariar horretako Filarmonikaren 125. urteurrena ospatuko den; bigarren kontzertua Bilboko Euskalduna jauregian izango da; hirugarrena, kontzertu solidario bat, Opus Liricaren alde, Donostian; eta, azkena, Burgosen, hiri horretako katedralaren 8. mendeurrena eta Burgosko Orfeoiaren 125. urteurrena ospatzeko.

Urriaren 13an, Municheko MPHIL 360° jaialdian parte hartuko du Orfeoiak. Bertan, Municheko Filarmonikaren 125. urteurrena ospatzeko kontzertua emango du, eta Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko du, orkestra filarmonikoarekin, bere abesbatzarekin eta Augsburgoren haur abesbatzarekin batera eta Valeri Gergiev zuzendariaren batutapean. Honako hauek izango dira solistak: Simone Schneider (sopranoa), Jacquelyn Wagner (sopranoa), Regula Mühlemann (sopranoa), Wiebke Lehmkuhl (altua), Gerhild Romberger (altua), Stephen Gould (tenorra), Boaz Daniel (baritonoa) eta Dmitri Ivastxenko (baxua). Kontzertuko lehenengo zatian, Municheko orkestra eta koruak Strawinskyren Salmoen Sinfonia interpretatuko dute. Kontzertua Gasteig kultura-zentroko Philharmonie auditoriumean izango da (Munich).

Municheko Filarmonikak 8. sinfonia aukeratu du obraren estreinaldian eta Mahler konpositorearen beraren zuzendaritzapean parte hartu zuela gogoratzeko. Ez da ohikoa obra hori musika-zirkuituetan programatzea, agertokian musika-tresna eta ahots-baliabide ugari biltzea eskatzen baitu. Zerbaitegatik esaten zaio «Milen sinfonia». Sortzaileak adierazi zuen partitura hori bi SATB korurentzat (soprano, altu, tenor eta baxu esan nahi duen akronimoa. Koruak ahotsen konposizioaren arabera sailkatzeko erabiltzen da), haurren koru batentzat eta zortzi bakarlarirentzat (hiru soprano, bi altu, eta tenor, baritono eta baxu bana) egina dagoela.

Mahlerren 8. sinfonia Orfeoiaren historiarekin ere lotuta dago, Espainian estreinatzeko zortea izan baitzuen, Iruñeko Orfeoiarekin, Donostiako Mariaren Bihotza eta Aita Erredentziotarrak eskolaniekin, eta Guadixko katedraleko Haur Kantariekin batera. Estreinaldia 1970ean izan zen, Granadako XIX. Jaialdian, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Horren ostean, Orfeoiak beste hamaika aldiz interpretatu du obra. Azkena 2016an izan zen, Luzernako Jaialdiaren 78. edizioan, Luzernako Jaialdiko Orkestrarekin, Riccardo Chailly titularrarekin eta hiru korurekin batera: Bavariako Irratiko korua, Letoniako Irratiko korua eta Tölzeko haurren korua.

2005eko Musika Hamabostaldian ere izan zuen hura interpretatzeko ohorea, Andra Mari koruarekin eta Easo Eskolaniarekin eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin, Víctor Pabloren zuzendaritzapean. Orduantxe izan zen sinfonia hori Donostian zuzenean lehen aldiz entzuteko aukera.

Orfeoiak bitan abestu du Gergiev maisuarekin, eta Mariinski antzokiko orkestrarekin batera izan ziren biak: 2010ean, Berliozen Romeo eta Julieta interpretatu zuen Musika Hamabostaldian; eta, 2015ean, Beethovenen 9. sinfonia, Auditorium Nazionalean. Hala ere, orain arte ez zuen inoiz Municheko Filarmonikarekin kantatu.

Municheko Filarmonika 1893. urtean sortu zen, funts pribatuekin, eta Lehen Mundu Gerrak eragin zuen geldialdiaren ondoren, hiriak hartu zuen bere gain. Orkestrak beste geldialdi bat izan zuen, Bigarren Mundu Gerran egoitza suntsitu baitzuten. Filarmonikaren gertakari garrantzitsuenak bi estreinaldirekin lotuta daude: batetik, Mahlerren 4. sinfonia eta 8. sinfonia, konpositoreak berak zuzendu zituenak; eta, bestetik, Das Lied von der Erde (Lurraren kantua), Mahlerrek berak konposatua. Orkestraren errepertorioari dagokionez, oso garrantzitsuak izan ziren Brucknerren obrak Sergiu Celibidacheren etapan. Zuzendari horri zor zaio munduko orkestrarik onenetarikoa izatea. 1985. urtetik, Gasteig kultura-zentroan du egoitza orkestrak, eta, 2015az geroztik, Valeri Gergiev da zuzendari titularra.

Bilbo, Donostia eta Burgos

Urriaren 17an, Hauts Metalurgiaren Europako Batzarrekoei zuzendutako kontzertu pribatu bat emango du Orfeoiak, Bilboko Euskalduna jauregian. Programa askotarikoa izango da; Pedro José Rodríguez pianistak lagunduko du eta Sainz Alfarok zuzendu.

Bi egun geroago, Kursaal auditoriumean, zenbait opera-koru interpretatuko ditu Orfeoiak, Opus Liricaren eta Donostiako opera-denboraldiaren alde. Verdi, Wagner, Bizet eta Pucciniren opera-zatiak izango dira, eta Opus Liricako orkestrarekin eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean abestuko dituzte. Kontzertura joan ezin dutenentzat eta diru-laguntza eman nahi dutenentzat, 0 lerroa jarriko da martxan.

Urriaren 26an, Burgosko katedraleko kontzertu batean parte hartuko du Orfeoiak, Burgosko Orfeoiarekin batera, Burgosko katedralaren 8. mendeurrena eta Burgosko Orfeoiaren 125. urteurrena ospatzeko. Bi abesbatzek Fauréren requiema interpretatuko dute, eta, horren aurretik, Donostiako Orfeoiak hainbat konpositoreren obrak kantatuko ditu, Gerardo Rifón organo-jotzaileak lagunduta.

 

 

 

 

 

 

 

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.