Teatro Campoamor Fundazioaren Saria jasoko du Orfeoiak, oviedon lirikaren munduari egindako ekarpenagatik
Ostirala, Abuztua 22, 2008

Datorren asteartean, hilak 26, Orfeoiak Teatro Canpoamor Fundazioaren sarietako bat jasoko du, Oviedon, «lirikaren munduari egindako ekarpen garrantzitsuagatik».

Esandako sariak –2005ean sortu ziren, opera eta zartzuelako jarduera sendo eta aipagarriak saritzeko– beste hamar kategoriatan ere ematen dira, eta kategoria bakoitza 12.000 euroz hornitua dago. Sari-emate ekitaldia Campoamor antzokian izango da, saritu gehienek, Oviedoko Filarmonia Orkestra lagun dutela, beren artea zuzenean erakutsiz parte hartuko duten galaren barruan. Ordu eta laurden inguru iraungo duen ekitaldira, udal agintariak, Asturiasko printze-printzesen ordezkariak, eta kulturaren eta artearen munduko pertsonak ez ezik, epaimahaiko kideak ere etorriko dira, guztiak ere aldizkari eta egunkarietako kritika espezializatuko izen nabarmenak.

Aurkezle eginkizunetan Isabel Rey sopranoa, Aquiles Machado tenorra eta Boris Izagirre idazlea eta telebistako aurkezlea arituko dira.

Musika zuzendaritzako saria Antonio Floriori eman diote, Domenico Scarlattiren L’Ottavia restituita al trono lanagatik (2007ko Donostiako Musika Hamabostaldian eskaini zuten). Eszena zuzendaritzakoa Giancarlo del Monacorentzat izan da, Mascagniren Cavalleria Rusticana eta R. Leoncavalloren I Pagiacci lanengatik, biak ere Teatro Realeko ekoizpenak. Opera edo zartzuelako produkzio berri onenaren saria Valentziako Palau de Les Arts-eko Wagnerren tetralogia berriari egokitu zaio. Operako abeslari onenarena, gizonezkoetan, Carlos Chaussonentzat da; operako abeslari onenarena, emakumezkoetan, Natalie Dessayrentzat; abeslari errebelazioarena, Gabriel Bermúdezentzat; zartzuelako abeslari onenarena, Nancy Fabiola Herrerarentzat; zartzuelako aktore onenarena, Enrique del Portalentzat; karrera osoari eskainitako sari berezia Teresa Berganzari eman zaio eta, azkenik, epaimahaiaren sari berezia in memoria, Luis Gracia Ibernirentzat izan da, operaren eta zartzuelaren munduari egin dion ekarpen bereziagatik, musikologia ikerkuntzan, kritika musikalean, irakaskuntzan eta jarduera lirikoen antolakuntzan eta bultzatze lanetan.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.