Orfeoiari eman diote Oviedoko Premios Líricos Teatro Campoamor Fundazioaren sarietako bat lirika munduari egindako ekarpen esanguratsuagatik. Sari hauek 2005ean hasi ziren ematen operako eta zartzuelako jarduerak aintzatesteko, goraka doazen jarduera tinkoak baitira. Beste hamar kategoria ere baditu eta denek 12.000 euroko saria dute.
Musika zuzendaritza saria Antonio Florio-ri eman zitzaion, Domenico Scarlattiren L’Ottavia restituita al trono lanagatik, Donostiako Musika Hamabostaldian gozatzeko aukera izan genuen 2007an. Eszena zuzendariaren saria Giancarlo del Monacori eman zitzaion Mascagniren Cavalleria Rusticana eta R. Leoncavalloren I Pagiacci lanengatik, Teatro Realaren produkzioak biak. Opera edo zartzuela ekoizpen berri onenaren saria Wagnerren tetralogia berriarentzat izan zen, Valentziako Palau de Les Arts-ena. Operako gizonezko abeslari onenaren saria Carlos Chausson-entzat izan zen eta emakumezko onenarena Matalie Dessay-rentzat; abeslari errebelazioaren saria Gabriel Bermúdezentzat; zartzuelako abeslari onenarena Nancy Fabiola Herrerarentzat; zartzuelako aktore onenarena Enrique del Portalentzat; bizi osoari ematen zaion sari berezia Teresa Berganzarentzat izan zen eta, azkenik, epaimahaiaren In Memoria sari berezia Luis Gracia Ibernirentzat izan zen, opera eta zartzuela munduari egindako ekarpen bereziagatik ikerketa musikologikotik, kritika musikaletik, irakaskuntzatik eta jarduera lirikoak antolatzetik eta sustatzetik.
Sari hauetako epaimahaian aldizkarietako eta egunkarietako kritika espezializatuko jende nabarmena egon da.
Sariak abuztuaren amaieran emango dira Oviedoko Campoamor antzokian egingo den gala-kontzertu batean. Oviedo Filarmonía orkestrak eta Capilla Polifónica Ciudad de Oviedok hartuko dute parte kontzertu horretan.