Stefano Cuccik Orfeoiarekin batera entseatuko ditu Ennio Morriconek Madrilen eta Zaragozako Expoan zuzenduko dituen bi kontzertuak
Asteartea, Ekaina 3, 2008

Hurrengo ostegunean, ekainak 5, Stefano Cucci koru-zuzendari italiarra Orfeoiaren egoitzan izango dugu, Ennio Morriconek Estatu espainiarrean zuzenduko dituen bi kontzertu bakarrak entseatzeko; lehenengoa ekainak 14an Madrileko Parque Juan Carlos I Auditorioan eta bigarrena ekainak 15an Expoa dela eta Zaragozako Príncipe Felipe Udal Kirol-pabiloian izango direlarik. Bi emanaldietan, Orfeoiaz gain, Roma Sinfonietta Orkestrak hartuko du parte, Morriconeren filmeetako musika bikainen sorta bat interpretatzeko.

Stefano Cucci, musikagile erromatarraren ezinbesteko laguntzaile bereizezina, Mexikotik dator zuzenean, non Morriconek eta Roma Sinfonietta Orkestrak zenbait hirietan "Musica per il cinema" programa aurkeztu duten Mexikoko Koruarekin batera. Elkarlan estu hau 2001 urtean hasi zuten. Ordutik aurrera kontzertu hauek munduko foru ospetsuenetan interpretatuak izan dira lurraldeetako haietako hainbat koruekin batera. Bestalde, Cuccik kontzertu-jarduera bizia garatu du kamara-musika arloan, instituzio garrantzitsuetan joaz, esaterako Buenos Aireseko Colón Antzokian, Edinburgoko Queen's Hall, Karslsruheko Unibertsitateko Entzunaretoan, Budapesteko Mom Antzokian, etab. Italian gaur egungo musikaren sustapenean espezializatuak diren hainbat taldeetako partaide aktiboa izan da. Musikagile bezala, bere abestiak maiz interpretatu dira bai atzerrian eta bai Italian.

Koru-errepertorioaren parterik nagusiena Erromako Koru Liriko Sinfonikoarekin elkarlanean burutu du. Honekin grabatu zuen Veronako Arenan Ennio Morriconeren "Ahotsak isiltasunetik", 2006an Urrezko Diskoarekin saritua izan zena.

Autorearen curriculum zabalean, Bolognako Comunalean Daniele Gattik zuzenduriko Wagneren Lohengrinen prestakuntzan, zuzendari moduan eskaini zuen laguntza azpimarra daiteke. Budapesteko Madrigalistiak eta Budapesteko Kamara Orkestra zuzendu ditu. Ostegunean Stefano Cuccik, koruak Sainz Alfarokin prestatu dituen partiturak ikuskatuko ditu, Sergio Leoneren zenbait filme ospetsuei dagozkienak, adibidez "Ona, itsusia eta gaiztoa", "Bazen behin mendebaldea"edo "Bazen behin iraultza"; Bertolucciren "Novecento" eta"Denda arrosa" eta Roland Jofferen "Misioa". Donostian egingo den entsegu bakar hau, Ennio Morriconerekin Madrilen burutuko den kontzertu aurreko entsegu orokorrari begira, azken xehetasunak lotzeko erabiliko dute.

Morricone gutxi gorabehera 540 filmeen musikaren eta kamara-musika konposizio batzuen autorea da. Zinemaren munduari egindako aparteko ekarpenarengatik 2007an ohorezko Oscar Sari baten irabazle, azken hamarkadetan sentsibilitatea hoberen adierazten duen konpositoreen artean dago. Zientzia Zinematografikoen Akademiaren Sarietan bost aldiz izendatua izan da "Malena" (2000), "Bugsy" (1991), "Ukiezinak" (1987), "Misioa" (1986) eta "Zeruaren egunak" (1978) konposizioengatik.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.