Director británico Simon Halsey
Ostirala, Ekaina 21, 2013

Hurrengo astelehenean, ekainak 24, Simon Rattle maisuaren lankide den Simon Halsey britainiar zuzendaria izango dugu Orfeoiaren egoitzan, abesbatzaren entsegua zuzentzeko. Fauréren Requiema berrikusiko dute, hurrengo larunbatean (ekainak 29) Madrilgo Entzunareto Nazionalean interpretatzeko, Berlingo Filarmonikarekin batera eta Simon Rattle zuzendariaren aginduetara. Entsegua 20:00etan hasiko da.

Simon Halsey abesbatza-zuzendari garrantzitsuenetako bat da mundu osoan. Nazioartean ospea duten orkestra eta abesbatza askorekin lan egiten du maiz, eta hainbat zuzendarirekin lankidetzan aritu ohi da, hala nola Sir Simon Rattle, Claudio Abbado, Valery Gergiev eta Marek Janowski. 2001. urtetik, zuzendari titularra da Berlingo Irratiaren Abesbatzan, munduko abesbatza profesional onenetako bat, alegia. Horrez gain, London Symphony Orchestra-ren abesbatzaren zuzendaria da eta Berlingo Filarmonikaren Abebatza Gaztea programaren zuzendari artistikoa, BBC Proms abesbatzaren zuzendaria eta Birminghamgo Unibertsitatearen abesbatza-jardueren zuzendaria eta irakaslea ere bai.

Halsey-k Berlingo Irratiaren Abesbatzarekin batera berriki burututako proiektuen artean, nabarmentzekoa da Bizet musikagilearen Carmen, Salzburgoko Pazko-jaialdian 2012an interpretatu zutena, Berlingo Filarmonikarekin eta Sir Simon Rattle maisuarekin batera.

Hainbat golardo jaso ditu, besteak beste: hainbat Gramophone sari eta Preis der Deutschen Schallplattenkritik. 2011ko otsailean, Grammy saria jaso zuen Abesbatza Interpretaziorik Onenari, Kaija Saariaho finlandiar konpositorearen L'Amour de Loin obraren grabazioarengatik. Aurretik ere beste bi Grammy irabaziak zituen 2008an eta 2009an Berlingo Irratiaren Abesbatzaren grabazioengatik, Brahms eta Stravinsky konpositoreen obrekin, hurrenez hurren. Grammy saria lortu zuten hiru grabazioez gain, Halsey-k beste lau egin ditu abesbatza berarekin, eta Brahms, Tallis, Bach, Kodály, Harvey, Britten, Copland, Barber eta Tippett maisuen obrak interpretatu dituzte horietan.

2011ko urtarrilean, Simon Halsey-k Alemaniako Merituaren Ordena jaso zuen, bertako abesbatza-musikari emandako zerbitzuaren aitorpenez.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.