Pariseko Philharmonien hiru kontzertuetarako sarrerak agortu dira
Asteazkena, Otsaila 13, 2019

Orfeoia Parisera joango da larunbatean. Hiru kontzertu, eta beste hainbeste programa, eskainiko ditu Philharmonien: Hilaren 17an, Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko du Municheko Filarmonikarekin eta haren abesbatzarekin, Valery Gergieven zuzendaritzapean; hilaren 20an eta 21ean, Berliozen requiema kantatuko du Pariseko Orkestrarekin eta haren abesbatzarekin eta Pariseko Kontserbatorioko Orkestrarekin, Pablo Heras-Casadoren zuzendaritzapean. Hiru emanaldietarako sarrerak orain dela aste batzuk agortu ziren.

Orfeoiak, Municheko Orkestra Filarmonikoak eta Gergievek orkestraren 125. urteurrena ospatzeko Munichen eman zuten kontzertuan arrakasta izugarria lortu zuten Mahlerren Zortzigarrena interpretatuz, eta horixe errepikatuko dute Frantziako hiriburuan. Oraingoan, berriz, honako hauek izango dira solistak: Simone Schneider Jacquelyn Wagner eta Regula Mühlemann sopranoak, Claudia Mahnke eta Katharina Magiera altuak, Simon O'Neill tenorea, Michael Nagy baritonoa eta Evgeny Nikitin baxua.

Mezzo tv eta Radio France Musique hedabideek emango dute kontzertua.

Munduan lehen aldiz Municheko Orkestra Filarmonikoak interpretatu zuen sinfonia hori, Mahler konpositorearen beraren zuzendaritzapean, eta ez da musika-zirkuituetan programatu ohi agertokian instrumentu eta ahots kopuru handia beharrezko izaten delako. Zerbaitegatik esaten zaio «Milen sinfonia». Orfeoiarentzat ere bada partitura berezia. Izan ere, abesbatzak estreinatu zuen Espainian, 1970eko XIX. Granadako Jaialdian, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin.

Otsailaren 20 eta 21eko Philharmonieko kontzertuen programa Berliozen Requiema izango da. Agertokian, Parisko Orkestra eta haren abesbatza, Parisko Kontserbatorioko Orkestra, Orfeoia eta Frédéric Antoun tenore solista gisa, horiek guztiak Pablo Heras-Casadok zuzenduta (Granada, 1977). Hilaren 20ko emanaldia zuzenean emango dute Arte Conterten bidez, eta Arte TVn, ondoren, urte osoan zehar.

Zuzendari gazte horrek lehendabizikoz zuzenduko ditu orfeoilariak. Egundoko abiada hartu du haren karrera profesionalak azken hamarkadan. 2011n debut egin zuen Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin; 2016an Vienako Orkestra Filarmonikoaren buru jarri zen, eta urte horretan bertan zuzendari aritu zen Carnegie Hall areto ospetsuaren 125 urteak ospatzeko. Munduan barrena ibili da orkestraz orkestra.

Orfeoiak eta Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak Berliozen Requiema interpretatuz inauguratu zuten, hain zuzen ere, Cité de la Musiquen dagoen auditorium hau. Lanak musikari eta kantari kopuru handia behar du. Berliozek Grand messe des morts izendatu zuen eta, haren estreinaldian, 1837ko abenduaren 5ean Parisko San Louis des Invalides elizan, 400 instrumentistak eta abesbatzako kidek parte hartu zuten.

Fernando Carderera Soler Espainiaren Pariseko enbaxadorea 20ko emanaldian izango da eta, hori baino lehen, enbaxadan bazkaltzera gonbidatu ditu orfeoilariak.

 

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.