Otsailean, lau kontzertu emango ditu: Bartzelonako Mil.lenni jaialdian bi, Madrileko Unibertsitate Autonomoaren Zikloan beste bat eta Kursaalean, Cáritasen alde.
Orfeoiak bi kontzertu emango ditu Bartzelonako Mil.lenni jaialdian, otsailaren 5ean eta 6an, Musika Jauregian. Sainz Alfaro zuzendariarekin eta Patxi Aizpiri pianistarekin, abesbatzak Euskadiko eta Kataluniako obra herrikoietan oinarritutako bi programa eta habaneraz eta zarzuelen zatiz osatutako lehen zati bat eskainiko ditu. Bartzelonako kultura-eskaintzako jarduera ezagunenetako bat den jaialdiaren 17. edizioa egiten ari dira aurten (2015eko azaroaren 17tik 2016ko maiatzaren 21era). Hainbat eszenatoki ditu: Apolo, Bikini, Razzmatazzeko 1. eta 2. aretoak, Auditori, BARTS - Barcelona Arts on Stage, Lizeoko Antzoki Handia eta Kataluniako Musikaren Jauregia.
Orfeoia ez ezik, aurtengo edizioan entzungai izango dira Maceo Parker, Melody Gardot, Raphael, Carlos Núñez, Salvador Adamo, Roger Hodgson, Lila Downs, Maldita Nerea, Supersubmarina, Anni B Sweet, Nacho Vegas, Niña Pastori, Los Secretos & Jove Orquesta InterComarcal, Micah P. Hinson eta Richard Hawley.
Bestalde, Orfeoia Entzunareto Nazionalera itzuliko da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Zikloan kontzertu bat emateko. Zarzuelen eta operen zatiz osatutako programa eskainiko du Patxi Aizpiri pianistak lagunduta eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Kontzertua ETAk hil zuen Tomás y Valiente katedradunaren omenez emango dute, bere heriotzaren hogeigarren urteurrenean.
Otsailaren 26an, Orfeoiak askotariko piezaz osatutako kontzertua emango du Musikeneko Banda Sinfonikoaz, Jose R. Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean. Aiete Ikastetxe Nagusiak antolatu du, eta bildutako dirua Gipuzkoako Cáritas erakundeari emango diote.