Orfeoiko Musika Tailerrak 25 urte ospatzeko haurrentzako udalekuak antolatu ditu
Osteguna, Maiatza 14, 2009

Antxon Ayestarán Musika Tailerrak 25 urte beteko dituela eta, lau eta zortzi urte arteko haurrentzako jarduera bat antolatuko du udan. Horren bidez Orfeoiak hasieratik buruan zuen ideia indartu nahi du: txikienei modu ludikoan erakutsi behar zaie musika, gero musikaz gozatu ahal dezaten.

Duela mende laurden bat, Orfeoiko garai hartako zuzendaria, Antxon Ayestarán, txikienei zuzendutako musika irakaskuntzan zegoen hutsuneaz ohartu zen eta Luchy Mancisidor irakaslearekin harremanetan jarri zen, hutsune hori betetzeko proiektu pedagogiko bat sustatzeko. Mancisidor Afrikan izandako esperientzia batetik zetorren eta han musika eguneroko bizitzan sartuta dutenez, “bateratzea, komunikazioa eta emozioa” berekin zituen ikuspegia jorratu zuen. Hori gogoan izanda, Mancisidor eta beste sei irakasle –denak Orfeoiko kideak- ezagutza horiek bost eta zortzi urte arteko haurrei ematen hasi ziren Arrasate kaleko lokaletan. 25 urte hauetan talde pedagogikoa berrituz joan da eta beti punta-puntako metodoak erabilita ehunka ikasleren belarriak hezi dituzte. Ikasle horiek guztiak eskolaz kanpoko orduetan etorri izan dira Orfeoira.

Udalekuak

“Udak uraren soinua du” gai nagusi hartuta, Tailerreko irakasleek haurrentzako udalekuak antolatu dituzte zenbait tailerretan garatuko diren jarduerekin. Bat musika-tresnen eta perkusioaren tailerra izango da, objektuen bidez soinuak aurkitzen saiatuko gara eta horrela objektu horiek musika-tresna txiki bihurtuko dira; beste baten xedea ohiko ikastaroan erabiltzen den instrumentarium baschet delakora gerturatzea izango da, hau da, Baschet anaiek sortu eta txikienak musikan hezteko erabiltzen diren soinuzko 14 egituretara gerturatuko gara. Hirugarren tailerra kantuarena izango da eta soinudun opor hauek osatzeko gorputz adierazpenaren tailerra izango dugu. Ikasitako guztia familiei eskainiko diegun kontzertuan erakutsiko dugu.

Udalekuetan bi txanda egongo dira: lehenengoa ekainaren 29tik uztailaren 10era eta bigarrena uztailaren 13tik 23ra. Bi kasuetan jarduerak Orfeoiko geletan egingo dira 9:30etik 13:30era.

Kuota 110 euro da. %15eko deskontua izango dute bi senideren izena ematen duten familiek. Izena emateko epea ekainaren 5ean amaituko da.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.