Orfeoiaren irakaskuntza-jardueretan matrikulatzeko epea zabalik
Ostirala, Maiatza 10, 2019

Maiatzaren 6tik aurrera, epemugarik gabe, Orfeoiak eskaintzen dituen udalekuetako eta ikasturteko irakaskuntza-jardueretako matrikulak formaliza daitezke. Honako hauek dira hain zuen ere: 4 urtetik gorakoentzako musika-tailerra; Orfeoiko Abeslari Txikiak, 8 eta 11 urte bitartekoentzat; Orfeoi Txikia, 12-14 urtekoentzat; Orfeoi Gaztea, 14 eta 18 urte bitartekoentzat; eta biolin eta biolontxelo ikasgelak, 6 urtetik gorako haurrentzat. 

Maiatzaren 17an, ate irekiko jardunaldiak antolatu ditugu interesa duten familiek Orfeoiak eskolako ordutegitik kanpo, 17:30etik 19:00etara, eskaintzen dituen jardueretako irakaskuntza-metodoak zuzenean ezagut ditzaten.

Jarduera hauen helburua abeslariak prestatzea ez ezik, umeei musikaz gozatzen irakastea da, etorkizunean abestuko edo musika-tresnarik joko ez badute ere.   

Udalekuak

Haurren udalekuen hamaikagarren edizioa egingo da aurten, ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitartean. Aisialdia eta musika uztartzen dituen jarduera hori 4 eta 8 urteko haurrei zuzenduta dago, eta talde txikietan egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz. Astero aldatuko da jarduera mota, eta, beraz, udalekuen lau asteetatik bakarrean, bitan, hirutan eta guztietan eman ahalko da izena. Egun horietan, ikasleek soinuak bereizten, abesten eta dantzatzen ikasiko dute. Gainera, haurrek beren musika-tresnak sortuko dituzte material birziklatuak erabiliz, eta margotu ere egingo dituzte, instrumentarium bascheta ezagutzeaz gain. Hala, Orfeoiaren antzokiko oholtza gainean senideen eta lagunen aurrean erakutsiko dute aste bakoitzean ikasitakoa.  Aurtengo udan, mundu osoko musika izango da jarduera guztiak lotuko dituen haria.

Plan aparta, goiz osorako, 9:30etik 13:30era bitartean. Behar izanez gero, zaintza-zerbitzua eskainiko da 9:00etatik 9:30era eta 13:30etik 14:00etara.

Antxon Ayestaran musika tailerra

Udalekuotan parte hartzeak abantaila emango die haurrei, irailean Orfeoiaren musika-tailerrean izena emanez gero, ez baitira hutsetik hasiko. Antxon Ayestaranek sorturiko tailerra duela 32 urtetik eskaintzen da 4 eta 8 urte bitarteko ikasleentzat, eta Baschet anaiek haurren musika-heziketarako sortutako 14 soinu-egituratan oinarrituta dago.

Txiki eta gazteentzako abesbatzak

Lau ikasturteren ondoren, haur horietako batzuk, tailerrean ikasi dutenarekin pozik, Abeslari txikien taldean sartzen dira. Ondoren, 12 urte betetzean, Orfeoi Txikira igarotzen dira, eta, hortik, 14 urterekin, Orfeoi Gaztera. 18 urte betetzean, ordea, Orfeoiko kide bihurtzen dira.  Trantsizio naturala da, etxeko estiloaz bustitzeko era bat.

Biolin- eta biolontxelo-ikasgelak

Biolinaren irakaskuntza hainbat mailaz osatuta dago: hastapena, oinarrizkoa, tartekoa eta aurreratua. 6 urtetik gorako ikasleak onartzen dira.

Biolontxeloa ikasteko metodologia mistoa erabiltzen da Leeren, Suzukiren, Miedlarren eta beste konposatzaile batzuen teorietan oinarrituta. 6 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dago, adin-mugarik gabe, eta hiru irakaskuntza-maila eskaintzen dira: oinarrizkoa, tartekoa eta aurreratua. 

Informazio gehiago eta matrikula egin nahi izanez gero, hurbildu Orfeoiaren egoitzara (San Juan kalea 6), astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara bitartean; deitu 943 422 239 telefono zenbakira edo sartu www.orfeondonostiarra.org webgunean (matrikula online egiteko aukera ematen du).

 

 

 

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.