LA CANTERA DEL ORFEÓN, A PLENO RENDIMIENTO
Asteazkena, Maiatza 29, 2013

Orfeoiaren harrobia osatzen dute Antxon Ayestaran Musika Tailerra, Orfeioi Txikia, Orfeoi Gaztea, ikastetxeetako abesbatzak, Biolin Ikasgela eta Biolontxelo Ikasgela, eta, ikasturte amaierarekin bat etorriz, hainbat jarduera burutuko dituzte ekainean zehar.

Ozeanoen Nazioarteko Egunean

Ekainaren 8an, Nazio Batuek aitortutako Ozeanoen Nazioarteko Eguna dela bide, Antxon Ayestaran Musika Tailerreko irakasleek musika-tresnak eraikitzeko tailer irekia emango dute Itsas Jauregian. Tailerra 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzentzen zaie, eta doakoa izango da aldez aurretik izena ematen dutenentzat. 11:00etatik 12:45era iraungo du, eta amaieran, Orfeoiaren Musika Tailerreko laugarren mailako ikasleek erakustaldia emango dute, “instrumentugile” berriek ere bat egin dezaketelarik. Erakustaldia 12:30ean izango da, eta, bertan, haurrek baschet tresnekin inprobisazioa egingo dute. Antxon Ayestaran Musika Tailerrean erabiltzen den tresna-sorta da, haurrak soinuen mundura gerturatzeko helburua duena. Jarduera biak Itsas Jauregiaren Entzunaretoan burutuko dira, eta senideak zein publikoa joan daitezke erakustaldira. Bertaratuak Pasealeku Berrira ematen duten eskaileretatik sartu beharko dira.

Igandean, 12:00etan, Orfeoi Txikiak kontzertua emango du Itsas Jauregiaren Entzunaretoan. Egitaraua nazioarteko hainbat gai herrikoiz osatuko da, itsasoan inspiratutako zenbait abesti barne. Emanaldi irekia izango da, entzunaretoko edukiera bete arte.

Jarduera horiek Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoak eta Donostiako Orfeoiak 2010ean sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker antolatu dira.

Aita Donostia Astea

Ekainaren 14an, Aita Donostia Musika Astean parte hartuko du Orfeoi Gazteak, Donostiako Kaputxinoen elizan ospatuko dena. Abesbatzak Gerardo Rifon organo-jotzailea edukiko du lagun, eta Fauré-ren Requiema interpretatuko du lehenbizikoz. Bakarlari izango dira Eneko San Sebastián orfeoilaria (baritonoa) eta Orfeoi Txikiko sopranoa, Peru Odriozola. Egitarauaren lehen parteak barne hartzen ditu Casals-en bi obra, Nigra sun eta Tota pulchra, alegia, eta Xabier Anduaga Orfeoi Gaztearen tenoreak parte hartuko du. Horrez gain, abesbatzak Karl Jenkins-en Sacred Songs obrako Ave Verum eta Benedictus interpretatuko ditu.

Ikasturte-amaierako kontzertuak

Urtero bezala, biolontxelo- eta biolin-ikasgeletako ikasleek ikasturte-amaierako entzunaldiak eskainiko dituzte Orfeoiaren egoitzan, eta senideak, lagunak eta publiko orokorra bertara daiteke horietara. Hilaren 17an, biolontxelo-ikasleak arituko dira, eta 21ean, berriz, biolin-ikasleak.

Orfeoi Txikiak ere ikasturte-amaiera ospatuko du, ekainaren 19an kontzertua eskainita. San Vicente elizan izango da emanaldia, eta azken hilabeteotan ikasitako guztiak erakusteko abagunea izango dute bertan. Ekitaldirako, hainbat filmetako abestiak aukeratu dituzte, hala nola Mary Poppins, Les Choristes eta La vita è bella.

Musika Tailerreko ikasleek ere ikasturte-amaierako erakustaldia egingo dute hilaren 20an, Orfeoiaren egoitzan.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.