Urtero bezala, Orfeoiak ahots berriak erakartzeko kanpaina hasi du, korua handitzeko eta Donostiatik kanpo luze egotea eskatzen duten proiektuei aurre egiteko. Iaz bezala, ikastetxeetan, unibertsitateetan, musika-eskoletan, institutuetan eta lanbide-heziketako ikastetxeetan bilatuko dituzte ahotsak. Etorkizun hurbilean berrehun ahotsetik gora izatea du helburu Orfeoiak.
Kanpaina 16 urtetik gorako pertsonentzat da. Hau soilik eskatzen zaie: abesteko gogoa izatea eta denbora libre gehiena kantatzen emateko prest egotea. Horrek astean hiru aldiz entseatzea eskatzen du. Entseguak astearte, asteazken eta ostiraletan egiten dira, arratsaldeko zortzietatik gaueko hamarretara. Horren ordainetan, Orfeoiak, doako prestakuntza eskaintzeaz gain, zuzendaririk onenen zuzendaritzapean, ospe handiko lekuetan eta orkestra famatuekin abesteko aukera bermatzen du. Halaber, beste hiri eta herrialde batzuk ezagutzeko aukera ematen du, eta gazteenek, batik bat, beste gazte batzuekin egoten ikasi eta lagunak egingo dituzte.
Orfeoiaren ehun urtetik gorako historian parte izateko interesatuta dauden pertsonak 943 42 22 39 telefono-zenbakian eska dezakete informazioa, edo Orfeoiaren egoitzara hurbil daitezke, helbide honetara: San Juan kalea 16, Donostia.