Datorren larunbata 29an, Orfeoia eta Berlingo Filarmonika Entzunareto Nazionalaren eszenatokian arituko dira Simón Rattle maisuaren zuzendaritzapean, Fauré-ren Requiema interpretatzeko. Gero, orkestrak bakarka eskainiko du Schumann-en Do maiorreko bigarren sinfonia. Bakarlari gisa izango dira Camilla Tilling sopranoa eta Andrè Schuen baritonoa.
Fauré-ren Requiema kantu itxaropentsua da bizitzaren amaieran, eta heriotza gauza naturaltzat eta lasaigarritzat ikusten du. Orfeoiaren errepertorioan dago 1925etik, eta hainbatetan interpretatu du. Azkenekoetako bat 2012an izan zen, eta Lyongo Entzunaretoan aritu ziren, bertako Orkestra Nazionalarekin batera eta Josep Pons zuzendariaren gidaritzapean.
Fauré-k berak honela esan zuen bere obrarik garrantzitsuenaren gainean: “Esan ohi dute nire Requiemak ez duela heriotzarekiko beldurra adierazten, eta bada heriotzaren urruma ere deitu izan dionik. Egian esan, horrelaxe ikusten dut nik heriotza. Niretzat askapen pozgarria da, zoriontasun handiago baten itxaropena, eta ez esperientzia penagarria”.
Orfeoiak hamabi kontzertu historikotan parte hartu du Berlingo Filarmonikarekin batera. Azkeneko biek amaiera eman zioten 2007ko Kanarietako Musika Jaialdiari. Rattle maisuaren gidaritzapean aritu ziren, eta Mahler-en Bigarren Sinfonia eskaini zuten. Horiek izan dira Orfeoiak maisu horren zuzendaritzapean eskaini dituen emanaldi bakarrak.
Aitzitik, beste hainbat kontzertu eman ditu orkestra famatu honekin. Mahler-en Bigarren Sinfonia eskaini zuen Abbado maisuaren gidaritzapean Madrilgo Auditorio Nazionalean, 1997an, eta urte horretan bertan, Berlinen izan zen Silvesterkonzert delako emanaldietan (Filarmonikak bere egoitzan egiten dituen urte amaierako kontzertuak). 2001ean, Verdiren bi Requiem gogoangarri abestu zituen, Abbado maisuaren zuzendaritzapean, Suediar Irratiaren abesbatza profesionalarekin eta Eric Ericson Ganbera-abesbatzarekin. Bi kontzertu horiek Grammy sarietarako proposatua izan zen CD batean jaso ziren. 2001ean, Orfeoia Berlinera bueltatu zen, Bruckner-en Fa minorreko Meza eskaintzeko, eta hiru kontzertutan interpretatu zuten, Daniel Barenboim maisuaren zuzendaritzapean.