La Fura dels Bauseko eszena zuzendaria, Carlus Padrissa, pasaden ostirala Orfeoiaren saioan egon zen “Veris Leta Facies” (Udaberriaren aurpegi alaia) ikuskizuna gainbegiratzeko. Ikuskizun hori Carl Orff konposatzailearen Carmina Burana lanean oinarrituta dago eta Orfeoiak eta Kataluniako taldeak taularatuko dute apirilaren 16an Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Ekitaldia pribatua izango da eta hainbat taldetako musikariz osatutako orkestra bat ere arituko da.
La Fura dels Bausen ekoizpen honek zuzen errespetatzen du alemaniar konposatzailearen musika, eta eszenaratzea zirraragarria da pantaila erraldoietan proiektatzen diren irudiak ere badituelako. Bertsio honetan bizitza eta zentzumenak omendu dira eta adin guztietako ikus-entzuleentzako ikuskizuna da: sentsazioz, argiz eta kolorez beteta dago; ikus-entzunezko alderdiak obraren zentzua nabarmendu egiten du eta indar izugarria ematen dio.
Bilboko Elkarte Filarmonikoko esperientzia honen ondoren “Veris Leta Facies” datorren urtean antzeztuko da berriro oraindik zehaztu gabeko beste eszenatoki batzuetan. La Fura eta Orfeoia 1999an hasi ziren lankidetzan, Berliozen La damnation de Faust ekoizpenaren bidez. Lan hori Salzburgeko Jaialdian (1999) eta Bochumen (Alemanian) taularatu zen 2004an.