Orfeoi Gaztea eta Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Gasteizen, Madrilen, Donostian, Bilbon eta Zaragozan izango dira, apirilaren 22tik maiatzaren 4ra bitartean egingo duten biran. «Afrika Durunba» ikuskizuna eskainiko dute, honako hauek biltzen dituena: Donato Goyenecheren África lana, Shostakovichen Jazz suite 2 zk., Saint-Saënsen Introduction and Rondo Capriccioso op. 28; eta Dvoráken Te Deum. Ikuskizunean, halaber, Kenyako Bloko del Valle Junior's Band perkusio-taldeak parte hartuko du, jaioterrian bertan trebatutako hamaika umez osatua.
Guztira, 185 gazte izango dira oholtza gainean: EIOren zuzendari Iker Sánchezen esanetara jardungo dira EIOko 90 musikariak, Esteban Urzelaik eta Leticia Vergarak trebatutako Orfeoi Gazteko 84 kideak eta perkusio-taldeko hamaika haurrak. Hilaren 22an emango dute lehendabiziko kontzertua, Jesús Guridi Kontserbatorioan. Hurrengo egunean, Madrilgo Monumental Antzokian izango dira. Apirilaren 26an, berriz, Donostiako Kursaaleko auditoriumean, 27an Bilboko Euskalduna jauregian eta maiatzaren 4an Zaragozako Kongresu Jauregiko auditoriumean.
Proiektu hau Anidan GKEaren Tenerifeko atalak sustatu du, Kenyako, Euskadiko eta Kanarietako gazteen eta kulturen arteko bizikidetza hobetzeko esperientzia aberasgarria izateko asmoz. Anidan erakundeak urtean 18.000 gazteri eskaintzen die arreta Kenyako Lamu uhartean. Bestalde, 250 haurri ematen dio babesa bere abegi-etxean, eta, hain zuzen ere, ume horietako hamaikak osatzen dute danborrak eta musika klasikoa uztartuko dituen perkusio-taldea.
Deia egunkariak ikuskizunaren 2.500 DVD "Bizikidetasunerako Danborretako" izenarekin argitaratuko ditu. Igandean, 27a, agertuko den kupoiaz lortu ahal izango dira.