Orfeoia Riccardo Muti maisuaren gidaritzapean arituko da Verdiren Requiema interpretatzen Philharmonia Orchestrarekin batera. Bi kontzertu izango dira eta biak Kanarietako 24. Musika Jaialdian emango dituzte datorren asteartean, hilak 26, eta ostegunean, hilak 28. Ekitaldiak Jaialdiko bi egoitzatan izango dira: Las Palmaseko Alfredo Kraus auditorioan eta Tenerifeko auditorioan. Hain zuzen ere, azkeneko auditorio hori inauguratzeko ohorea izan zuen abesbatzak 2003an.
Bi kontzertuetan hartuko dute parte bakarlari hauek: Tatiana Serjan (sopranoa), Ekaterina Gubanova (mezzosopranoa), Giuseppe Sabbatini (tenorea) eta Petri Lindroos (baxua).
Italiar maisuak bitan zuzendu du Orfeoia. 1997an izan zen bietan, Santanderko Jaialdian eta Musika Hamabostaldian zuzendu baitzuen. Philharmonia Orchestra ere oso ongi ezagutzen du, 1973tik 1982ra zuzendari nagusia izan baitzen.
Milango Scala opera-antzokiko musika zuzendari gisa egindako lanagatik nazioartean ezaguna da Muti –kargu hori izan baitzuen 1986tik 2005era- eta maisu zorrotza eta zehatza dela diote. Munduko orkestrarik eta jaialdirik garrantzitsuenetariko batzuetako zuzendari nagusia izan da. Maggio Musicale Fiorentino zuzendu zuen 1968tik 1980ra eta Filadelfiako orkestra 1980tik 1992ra. Berlingo Filarmonikak, Vienako Filarmonikak eta Salzburgok Jaialdiak (1971z geroztik) ere gonbidatu izan dute, eta Mozarten operekin egindako lana aitortzen zaio. Askotan egin du lana Filadelfia, Munich, Viena eta Londreseko opera-antzokiekin eta Ravenako Jaialdian ere bai.
Philharmonia Londresko orkestra sinfonikoa 1945ean sortu zen eta funtsean EMI zigiluko grabazioak egitea zen bere zeregina. Gaur egun, mila grabazio baino gehiago ditu, baina, aldi berean, 80 musikariko orkestra honek 40 kontzertu baino gehiago ematen ditu Londresen eta 60 ekitaldi urtean Erresuma Batuan, mundu osoan eskaintzen dituenez gain. Bere hezkuntza programaren bidez milaka gazte gerturatzen da programa horretako kontzertuetara. Historian zenbait musika zuzendari izan ditu: Herbert von Karajan, Otto Klemperer, Ricardo Muti, Giuseppe Sinopoli, Christoph von Dohnányi eta Esa-Pekka Salonen; 2008a amaitu baino lehen hartuko du kargua azkeneko honek.
Aurreko Jaialdian Orfeoiak Mahlerren 2. sinfonia “Berpizkundea” interpretatu zuen Berlingo Filarmonikarekin batera; Simon Rattlek zuzendu zituen eta jaialdi honen historian itu hutsa izan zen. Itxiera ekitaldia izan zen eta kanariar zaletuak gustura geratu ziren.