Mahlerren «hirugarren» desiratua, Kursaalen
Asteartea, Martxoa 5, 2019

Datorren ostegunean, Orfeoiko ahots zuriek eta Orfeoi Txikikoek bat egingo dute Gustav Mahler Jugendorchester  (GMJO) orkestrarekin, Kursaalen, Jonathan Nott zuzendari britainiarrarekin batera Mahlerren 3. sinfonia interpretatzeko. Bakarlaria Elena Zhidkova izango da. Kontzertua Kursaal Eszenaren programazioaren barruan dago, eta 20:00etan hasiko da.

Austriako musikariak konposatu zuen sinfoniarik luzeenean, naturarekiko zuen maitasuna erakutsi zuen. Ahots zuriek eta Orfeoi Txikiko ahotsek 2016an interpretatu zuten azkenekoz sinfonia hau, Budapest Festival Orchestrarekin eta Iván Fischerren zuzendaritzapean, Musika Hamabostaldian eta Santanderreko jaialdian.

Claudio Abbadok sortu zuen  Gustav Mahler Jugendorchester orkestra, 1986. urtean, bi mundu-gerren ostean muga politikoek banatutako kultura-aberastasun hori etorkizuneko belaunaldientzat biltzeko. Abbadok berebiziko lana egin zuen austriar gazteek errepublika sozialista ohietako kideekin jotzeko aukera izan zezaten. Gaur egun, 20 nazionalitatetako 100 musikari baino gehiago ditu orkestrak. Hautaketa-irizpideek ez dituzte kontuan hartzen ez nazionalitatea ez generoa; aldiz, artisten interpretazioen kalitatea da kontuan hartzen duten bakarra.

Jonathan Nott (Solihull, Ingalaterra, 1962) Mahlerren aditu entzutetsu bilakatu da azken urteotan, Tudor disko etxearentzat haren sinfonia guztiak grabatu baititu,Hamargarrena izan ezik. Gazteen orkestrak atsegin ditu bereziki, Junge Deutsche Philharmonie esate baterako, eta horren titularra da hain justu. Bambergen, zuzendari gazteentzako Gustav Mahler saria sortu zuen. Bamberg Symphony Orchestraren zuzendari nagusia izan da 2000. urteaz geroztik, Tokyo Symphony Orchestraren musika-zuzendaria 2014tik eta Junge Deutsche Philharmonieren zuzendari nagusia 2014tik. 2017an Suisse Romandeko Orkestraren zuzendari izendatu zuten.

 

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.