Lorin Maazelek zuzenduko du Orfeoia Oviedon
Asteazkena, Maiatza 13, 2009

Oviedoko Príncipe Felipe auditoriumak hamargarren urteurrena ospatuko du hilaren 16an eta Orfeoia bertan izango da. Abesbatzak eta Toscanini Sinfonikoak Beethovenen Bederatzigarrena interpretatuko dute sinfonikoko zuzendari titularrak, Lorin Maazelek, zuzenduta. Nancy Gustafson (sopranoa), Verónica Simeón (mezzosopranoa), Roberto Saccà (tenorea) eta Attila Jun (baxua) bakarlariak ere arituko dira.

Kontzertuak interes handia sortu du Oviedon eta 1.196 sarrera jarri ziren arren saltzen, berehala agortu ziren eta auditoriumeko erabilera anitzeko areto bateko beste 255 eserleku jartzea erabaki dute antolatzaileek, Asturiasko ikus-entzuleen eskariak artatzeko.

Abesbatzak joan den astean arrakasta bikoitza izan zuen Frankfurteko Alte Oper delakoan, Mahlerren Bigarrenarekin. Kontzertu hauek Paavo Järvik zuzendu zituen eta Orfeoiarekin batera HR-Sinfonieorchester aritu zen. Bihar, ostirala, Oviedora abiatuko da eta larunbatean bertan, kontzertuaren aurretik, izango dute entsegu orokorra maisuarekin, orkestrarekin eta bakarlariekin. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta amaitutakoan, Oviedoko alkateak, Gabino de Lorenzo jaunak, Príncipe Felipe auditoriumeko Urrezko Giltza emango dio Lorin Maazel zuzendariari, auditoriumarekin duen loturagatik.

Maazelek eta Orfeoiak harremana dute 1987az geroztik; urte horretan zuzendu zuen maisuak Orfeoia lehenbiziko aldiz London Symphonyrekin batera, Perugiako Musika Sakro Jaialdian eta Brahmsen Requiem alemaniar bat interpretatu zuten; Erroman, aldiz, operako antzokian, Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuen. Iaz obra horrekin itxi zuten Cap Roig-eko Jaialdia (Girona) eta maisuak zuzendu zituen Orfeoia eta Toscanini Sinfonikoa. Gehiagotan ere aritu dira batera Orfeoia eta Maazel maisua: 1989ko Santanderko Jaialdian Frantziako Orkestra Nazionalarekin Beethovenen Fidelio interpretatu zuten; Sevillako Maestranza antzokian 92an Mahlerren II. sinfonia Pittsburgeko Sinfonikoarekin eta obra bera interpretatu zuten Israelgo Filarmonikarekin Donostiako Musika Hamabostaldian eta Santanderko 2000ko Jaialdian.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.