LA VIDA BREVE EN TOULOUSE
Asteazkena, Ekaina 19, 2013

Aurten, bigarren aldia da Orfeoia Toulousera joaten dela. Kontzertua ekainaren 22an izango da, eta, bertan, Falla Granadako konpositoreak sortutako opera edo drama lirikoa eskainiko dute.

Josep Pons izango da Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalaren musikariak, bakarlariak eta orfeoilariak Halle aux Grains aretoan koordinatzeko arduraduna. Entzunaretoa zereal-merkatu zaharraren eraikinean kokatuta dago, eta gaur egun, orkestraren egoitza da. Bakarlari moduan arituko dira Nancy Fabiola Herrera sopranoa, Marina Pardo eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak, Jose Ferrero tenorea eta Angel Odena eta Jose Antonio Lopez baritonoak. Juan Manuel Cañizares gitarristak ere parte hartuko du.

Obra bi ekitaldiz osatuta dago, eta gaur egun, oso gutxitan interpretatzen da. Abesbatzak 1965ean grabatu zuen konposizio hau, EMI disko-etxearentzat. Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera abestu zuten orduan, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean eta Victoria de los Ángeles Salud pertsonaiaren paperean aritzen zela. CDa 1990ean editatu zen berriro. Obra hau Orfeoiaren ibilbideari estu lotuta dago, 33 alditan antzeztu eta interpretatu baitu. Horietan azkena Lisboako Expo erakusketan izan zen (1998), Espainiako pabiloiak antolatutako kultur jardueren programari amaiera emateko ekitaldian. Espainiako Orkestra Nazionalarekin aritu zen Orfeoia, Rafael Frühbeck de Burgos maisuaren zuzendaritzapean.

Maisu katalanak askotan zuzendu du Orfeoia. Horietan lehenbizikoa 1997ko Granadako Jaialdian izan zen, eta Beethovenen Bederatzigarrena eskaini zuten, Granadako Orkestrarekin batera. 2008ko Musika Hamabostaldian ere Orfeoiaren gidari izan zen, eta Brahms-en Requiema interpretatu zuten, Espainiako Orkestra Nazionalarekin. 2012an, berriz, bi kontzertu eman zituzten Lyonen bertako Orkestra Nazionalarekin batera, eta Fauré-ren Requiema eta Poulenc-en Stabat Mater eskaini zituzten.

Montserrateko Eskolania haur-abesbatza ospetsuan hasi zuen musika-prestakuntza, eta horrek musika sinfoniko-koralarekiko sentikortasun berezia eman dio. Gero, Montserraten bertan, polifoniaren eta musika garaikidearen gaineko ikasketak egin zituen, koru-musikarekiko grina are gehiago bizitu zena. 1999an, Kultura Ministerioaren Musika Sari Nazionala jaso zuen, XX. mendeko musikaren alde egindako lanaren aitorpen moduan eta interpretazioetan erakutsitako kalitateagatik. Lankidetzan aritu izan da munduko hainbat orkestrarekin, besteak beste: Frantziako Orkestra Nazionala, Rotterdameko Filarmonika, Tokioko Filarmonika, Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionala, Stockholmeko Errege Filarmonika, Belgikako Orkestra Nazionala, BBCren Orkestra Sinfonikoa, Parisko Orkestra, Gulbenkian Orkestra, Lyongo Orkestra Nazionala, Toulouseko Kapitolioaren Orkestra, Suisse Romande Orkestra eta Gotteborgeko Orkestra Sinfonikoa.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.