Michael Tilson Thomas
Osteguna, Ekaina 2, 2011

Hurrengo igandean, hilak 5, Orfeoiak Mahlerren 2. sinfonia interpretatuko du San Frantzisko Orkestra Sinfonikoarekin batera, zuzendari Michael Tilson Thomas duela, Madrileko Auditorio Nazionalean. Bakarlari gisa ariko dira Laura Claycomb sopranoa eta Katerina Marnéus mezzosopranoa. Kontzertu hori Ibermúsica zikloa izenekoaren barnean dago.

2. Sinfonía Mahlerren obrarik adierazgarriena dela esan ohi da. Sei urte eman zituen hura konposatzen eta lehen aldiz osorik Berlingo Filarmonikak eman zuen koru eta bakarlariekin 1895eko abenduaren 13an Alemaniako hiriburuan. 1924tik lan horren ehun bertsio eta gehiago grabatu dira. Haietako bat, Orfeoiak 2003an Claudio Abbado eta Lucernako Jaialdiko Orkestrarekin batera grabatutakoa.

Tilson Thomas maisu estatubatuarrak Orfeoia zuzendu zuen 1995ean Beethovenen Bederatzigarren bat emateko Auditorio berean, baina orduan Philharmonia Orchestraren buru zegoen. Orkestra zuzendari izateaz gain, Tilson Thomas piano-jotzailea eta konpositorea da eta 1995etik San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoaren musika zuzendaria da, horrekin grabazio garrantzizkoak egin ditu; besteak beste Gustav Mahlerren sinfonia guztiak. Haren diskografia lanek sari ugari jaso dute, horien artean Grammya, Mahlerren 3, 4, 7 eta 8. sinfonien grabazioengatik.

Estatu Batuetako obra modernoen defendatzailea da eta musika askotarikoa zuzendu du. Haren konposizioen artean daude From the Diary of Anne Frank; Shówa/Shoáh; Poems of Emily Dickinson; Urban Legend; Island Music eta Notturno.

Zuzendari gonbidatu nagusi izan da Bostongo Sinfonikoan, Los Angeleseko Filarmonikoan eta Londreseko Sinfonikoan, azken honen zuzendari titular izendatu zuten 1988an. 2000. urtera arte Pacific Music Festival jaialdiko zuzendari kide artistiko izan zen, eta oraindik ere New World Symphony-ko zuzendari titularra da, akademia hori berak fundatu baitzuen 1987an.

Frantziako Arte eta Letren Zalduna da, American Academy of Arts and Sciences akademiako kide hautatu zuten eta zuzendari amerikarrik onenetako izendatu zuen U.S. News & World Report aldizkariak. Oraindik orain, Arteetako Domina Nazionala eman zion Obama presidenteak.

San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoa, denboraldi honetan ehun urte betetzen baitu, Kaliforniako orkestrarik garrantzitsuenetakoa da, eta hala onetsi eta balioetsi dute Konpositore, Egile eta Publizista Amerikarren Sozietateak emandako hamaika sariek, musika estatubatuarrarekin duen konpromisoagatik, eta nazioartean jasotako hainbat sarirengatik, zenbait Grammy besteak beste.

Koruak lehenengo lankidetza artistikoa du orkestra horrekin.

Haren Mahler zikloak, haren zigiluak grabatu eta 2001ean hasi baitzen, zenbait Grammy jaso ditu, Album Klasikorik Onenarena barne (3, 7 eta 8. sinfoniak), Koru Interpretaziorik Onenarena eta Grabazio Klasikorik Onenarena (8. sinfonia) eta Orkestra Interpretaziorik Onenarena (6 eta 7. sinfoniak).

Gonbidatu izan ditu lehengo eta oraingo zuzendaririk nagusienetako batzuk, horien artean Bruno Walter, Leopold Stokowski, Leonard Bernstein eta Sir Georg Solti. Konpositore entzutetsuek ere zuzendu dute, horien artean daude Stravinski, Ravel, Copland eta John Adams.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.