Bi kontzertu emango ditu Orfeoiak aurtengo irailean: Donostiako Zinemaldian zinemako musikarekin lotutakoa bata eta XXIV Otoño Musical Soriano jaialdian bestea.
Irailaren 17an, 12:00etan, Anoetako belodromoa auditorium bihurtuko da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Orfeoia elkartuko ditu. Zinemarekin lotura estua duen programa interpretatuko dute: Espainiako zinemak azken urteetan eman dituen film ezagunenetako soinu bandez osatutakoa. David Hernando Rico arituko da zuzendari. 400 metro koadroko pantaila batean, Carlos Rodríguez de Morgan Creak filmen zatiekin kontzertu honetarako bereziki sortu duen muntaia emango dute. Gainera, belodromoko eszenatokian obren konpositoreetako batzuk egongo dira.
Programa honako film hauetako soinu banden egokitzapenez osatuta egongo da: Agustín Díaz Yanesen Alatriste (Roque Bañosen musika), Álex de la Iglesiaren Mi gran noche (Joan Valenten musika), Juan Martínez Morenoren Lobos de Arga (Sergio Moureren musika), Ángel Alonsoren El ladrón de sueños (Pascal Gaigneren musika), Vicente Arandaren Libertarias (José Nietoren musika) eta Julio Medemen La pelota vasca (Mikel Laboaren musika).
Irailaren 23an, Orfeoiko kideek XXIV Otoño Musical Soriano jaialdian parte hartuko dute, Patxi Aizpiri piano-jolearen laguntzaz eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Programa zarzuelen zatiez, operako koruez, habanerez eta Euskadiko eta atzerriko musikako piezez osatuta egongo da. Kontzertua Soriako Palacio de la Audiencia eraikineko Odón Alonso auditoriumean izango da.
Soriako Udalak antolatutako jaialdia irailaren 9tik 29ra bitartean egingo dute, eta askotariko musika motak bilduko ditu (ganbera, orkestra, bandak, jazza, flamenkoa, antzinakoa eta errezitaldiak). Orfeoiak ez du jaialdi honetan lehen aldiz parte hartuko: 2001ean bederatzigarren edizioa inauguratu zuen, Vallèseko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertu horretan eta hurrengo egunean emandako beste batean, Verdiren operen zatiak interpretatu zituzten.