José Ramón García López Musikeneko ikasleak lortu du III. Donostiako Orfeoia-Musikene saria, ikasketen amaierako lan honengatik: «Bideo-jokoetarako musika-konposizioa. Indie konpositore baten ikuspegitik egindako hurbilpen bat». Saria hilaren 30ean emango da, asteartea, 12:00etan, Musikeneko Organo aretoan jende guztiarentzako ekitaldi batean.
Musikenek eta Donostiako Orfeoiak 2015ean sortu zuten sari hori, 2014an sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondotik, Euskal Herrian musika-arloko ikerketa laguntzeko eta bultzatzeko Musikeneko ikasleen artean. Saria lortu ahal izateko, 9ko kalifikazioa edo hobea eskuratu behar da ikasketa-amaierako lanean, eta ebaluazio-epaimahaiak proposatu behar ditu hautagaiak, txosten justifikatu baten bitartez.
Hirugarren edizio hau irabazi duen Bideo-jokoetarako musika-konposizioa. Indie konpositore baten ikuspegitik egindako hurbilpen bat ikerketa-lanaren bidez, bideo-jokoetako musika, horien duela gutxiko historia eta ezaugarri berezi nagusiak hurbildu nahi zaizkie bai esparru horrekiko interesa duten musikariei bai jakin-mina duten ez-musikariei. Hurbilpen hori bideo-jokoen indie industriaren sektoreko esperientzia pertsonalean oinarrituta dago, baita ibilbide akademikoan bereganatutako ezagutza musikalean ere.
José Ramón García López (1996) Málagako konpositore eta soinu-diseinatzailea da. Konposizioko karrerako lehenengo bi urteak Málagako Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen eta, espedientea lekualdatu ondoren, azken bi urteak Musikenen, honako irakasle hauekin, besteak beste: Gabriel Erkoreka, Ramón Lazkano, Stefano Scarani eta María Eugenia Luc. Bere garapen akademikoan, hainbat obra estreinatzeko aukera izan zuen, adibidez: Exodoa, klarinete bakarlarirako eta ensemblerako 2017an, Kuraia ensemblearen eskutik, Errenterian eta Hasperenak hutsunean flauta, klarinete eta fagoterako, Xare Laborategiaren eskutik, Donostiako San Telmo Museoan, aurten bertan.
Zinemaren esparruan, film labur batzuetarako soinu-banda konposatu du, adibidez: Euskal Herrian zenbait sari irabazi dituen Kreba lanerako. Bideo-jokoetarako musikaren konposatzaile gisa egin duen ibilbideari dagokionez, 2014tik hainbat plataformetan zabaldutako jokoetarako lan egin du. Honakoetarako, adibidez: Depths of Limbo, Zeroptian Invasion eta Rise to Ruins.
2016an, soinu-atal onenaren saria irabazi zuen MálagaJam topaketan, Doitean bideo-jokoaren musikagatik eta soinu-diseinuagatik –urte bereko urtarrileko Global GameJam-erako egin zen–. 2019ko urtarrilean, musika onenaren saria irabazi zuen GameJam.es-k antolatutako Global Game Jam topaketan, Abaya bideo-jokoarekin.
Musika garaikidea eta ikus-entzunezkoetarako musika konposatzeaz gain, musika elektronikoko zenbait proiektu egin ditu –adibidez, Almost Pure (2019) izeneko azkena– eta musika prozeduraleko beste batzuk –esaterako, A day of solitude (2019)–.
Gaur egun, Katarina Gurskaren ikus-entzunezko bitartekoetarako konposizio masterra egiten ari da eta, horrekin batera, zenbait bideo-jokoetarako –Burning Knight eta Pushy&Pully, esaterako– konpositore eta soinu-diseinatzaile lana egiten.