HIRU EKITALDI MUSIKA HAMABOSTALDIAN
Astelehena, Abuztua 2, 2010

Orfeoiak urtero parte hartu du Musika Hamabostaldian (lehenengo ediziotik gaur arte) eta aurten, hiru kontzertu eskainiko ditu. 71. edizio honetako protagonista nagusia musika errusiarra izango da eta zentzu horretan, Orfeoiaren hiru kontzertuak musika horrekin lotuta egongo dira, bai hautatutako obrengatik, obra horiek interpretatuko dituzten orkestrengatik edota horiek zuzenduko dituzten maisuengatik. 

Abuztuaren 9an, Orfeoiak Berliozen Romeo eta Julieta lana interpretatuko du Marisky Antzokiko Orkestra eta bakarlariekin, Valery Gergiev-en zuzendaritzapean. Musika erromantikoan erreferentziatzat jotzen den obra honetan leku esanguratsua dauka abesbatzak.

Mariinsky Antzokiko Orkestra Sinfonikoa Errusiako musika erakunderik zaharrenetakoa da. Izan ere, Antzokiaren historia XVIII. mendearen hasieran hasten da. 1988tik Valery Gerfiev-ek zuzentzen du orkestra hau. 2008an, Gramophone aldizkariak argitaratzen duen munduko 20 orkestrarik onenen zerrendan agertu zen. Zuzendariaren lorpen handienetako bat Mariinsky Antzokiaren eta munduko operarik garrantzitsuenen arteko lankidetza artistikoa izan da: Metropolitan Opera, Royal Opera House, Teatro Carlo Felice, San Francisco Opera, La Scala, Israelgo Opera Berria eta Théâtre du Châtelet. Lehen aldia izango da Orfeoiak Gergievekin eta Errusiako Orkestrarekin arituko dela. 

Abuztuaren 22an, Orfeoioko kideek Rachmaninov-en Kanpaiak poema sinfonikoa abestuko dute Errusiako Orkestra Nazionalarekin, Mikhail Pletnev-en zuzendaritzapean eta Ekaterina Scherbachenko (sopranoa), Georgy Vassiliev (tenorea) eta Vasily Ladyuk (baritonoa) bakarlariekin. Programari hasiera emateko Rimsky-Korsakov-ek balletarentzat sortu zituen obra hauek hautatu dira: Elurretako dontzeila, Kitezh-en Hiri Ikusezina eta Saltan Zar-aren suiteak. 

Haren fundatzaile eta zuzendari artistikoa den Mikhail Pletnev-en eta zuzendari gonbidatu nagusia den Vladimir Jurowski-ren zuzendaritzapean, Errusiako Orkestra Nazionalak arte eszenikoentzako egitura berri bat ezarri du, baita musika programatzeko modu berri bat ere. Lehen aldia da Orfeoiak orkestra honekin eta Pletnev-ekin abestuko duela.

Kontzertu honetara joateko sarrerak agortu dira. Edonola ere, kontzertua entzuteko bi aukera daude: Zuzenean, Radio Clásicaren bidez, eta EITBek eskainiko duen aurrez grabatutako emanaldiaren bidez.

Irailaren 3an, Hamabostaldiari itxiera emateko Sergei Prokofiev-en Alexander Nevsky obra aukeratu du Orfeoiak. Egun horretan, Orfeoia Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta haren zuzendari den Tugan Sokhiev errusiarrarekin batera arituko da. Abesbatzari dagokion zatian Ewa Podles kontraltoak parte hartuko du. Programa Tchaikovsky-ren sinfoniarik entzutetsuenenarekin osatuko da (5.sinfonia). 

Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala XIX. mendearen hasieran sortu zen Toulouseko Kapitolioko Antzokiko operatan jotzeko. Orfeoiak harreman artistikoa dauka orkestra honekin Michel Plasson bertan egon zen garaitik. Izan ere, abesbatzak kontzertu ugari interpretatu eta nazioartean arrakasta handia lortu duten hainbat disko grabatu ditu haren zuzendaritzapean. Sokhiev zuzendari nagusi izendatu ondoren ere, bi abesbatzek harremana mantendu dute. 

Era berean, Orfeoiak harremana dauka Hamabostaldiari itxiera emateko kontzertuan parte hartuko duen Ewa Podles poloniarrarekin 1997tik hainbatetan elkarrekin abestu baitute. Ahots nahastezin eta dramatikoari esker, Podles-ek kontraltoentzako idatzitako papera nagusiak interpreta ditzake.

Hamabostaldiari itxiera emateko kontzertu honetara joateko sarrerak agortu dira.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.