Donostiako Orfeoiaren eta Mondragon Linguaren arteko lankidetza hitzarmena
Asteazkena, Urria 10, 2007

Orfeoiaren eta Mondragón Linguaren artean –hizkuntza irakaskuntzako kooperatiba, MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) taldeko kidea– sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez, enpresa hau Orfeoiaren Lagunak taldean sartu da. Hori dela eta, bai orfeoilariek eta bai Orfeoiarekin elkartutako kideek hainbat zerbitzuren onura jasotzeko aukera dute; esate baterako, Mondragón Linguak ematen dituen ingelesezko eta euskarazko ikastaroetan. Ikastaro horiek 120 orduko iraupena dute eta blended learning sisteman oinarritzen dira. Esandako sistemak teknologia berriak eta ikasgelako irakaskuntza uztartzen ditu eta tutore pertsonal baten etengabeko monitorizazioa bermatzen du. Ikasleek, gainera, irakasleek gidatutako txatetan parte har dezakete, hizkuntza idatziaren kalitatea hobetzearren.

Hitzarmen honek beste abantaila batzuk ere aurreikusten ditu Orfeoiarekin elkartutako kideentzat. Horien artean itzulpen zerbitzuetako deskontuak daude, Mondragón Linguak 40 hizkuntza baino gehiagotan eskaintzen baititu zerbitzu horiek. Era berean, Orfeoi Txikiko neskato eta mutikoentzako deskontuak ere jasotzen ditu Mondragón Linguak Lizarran antolatzen dituen ingelesezko haur kolonietan.

Hizkuntzen irakaskuntzan 30 urtetik gorako ibilbidea bizkarrean duela, Mondragon Lingua da, Europa guztian, kalitatearen urrezko Q-a eskuratu duen hizkuntza ikastegi bakarra.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.