DEBUT DEL ORFEÓN DONOSTIARRA EN MILÁN
Osteguna, Azaroa 14, 2013

Orfeoiak Milango Giuseppe Verdi Orkestra Sinfonikoaren gonbitea jaso du haren abesbatza sinfonikoarekin batera Mahlerren Zortzigarrena interpretatzeko, “Milakoen sinfonia” izenez ezaguna dena. Bi kontzertu izango dira: azaroaren 21ean lehena, eta 23an, berriz, bestea. Kontzertuak Kongresu Jauregian (MICO) antolatuko dira, eta abesbatza Riccardo Chailly milandar maisuaren esanetara arituko da. Solista-taldea osatuko dute Marina Shaguch, Manuela Uhl eta Malin Hartelius sopranoek, Lioba Braun eta Annely Peebo mezzosopranoek, Brenden Gunnel tenoreak, Markus Werba baritonoak eta Samuel Youn baxuak.

Sinfonia distiratsua eta optimista

Orfeoiak obra bikain hau Espainian estreinatzeko zortea izan zuen, Iruñeko Orfeoiarekin, Donostiako Mariaren Bihotzaren eta Aita Erredentoristen eskolaniekin eta Guadixeko katedraleko haur kantariekin elkarlanean. 1970eko XIX. Granadako Jaialdian eskaini zuten emanaldi hura, Rafael Frühbeck de Burgos zuzendariaren gidaritzapean eta Espainiako Orkestra Nazionalak lagunduta. Geroago, Orfeoiak beste bederatzi alditan baino ez du interpretatu. Horietan azkenekoa 2005eko Musika Hamabostaldian izan zen. Andra Mari abesbatzarekin eta Easo Eskolaniarekin batera aritu ziren orduan, Galiziako Orkestra Sinfonikoak lagunduta eta Victor Pabloren aginduetara. Lehen aldia izan zen sinfonia hori Donostian zuzenean entzuten zela.

Zortzigarrena ez da oso ohikoa musika-zirkuituetan, musikatresna eta ahots talde oso indartsua behar duelako eszenatokian, eta horregatik deitzen diote “Milakoen sinfonia”, izan ere. Haren sortzaileak adierazi zuen partitura interpretatzeko bi SATB abesbatza (akronimoak soprano, kontralto, tenorea eta baxua esan nahi du, eta abesbatzak ahots-osaeraren arabera sailkatzeko erabiltzen da), haur-abesbatza bat eta zortzi solista behar direla: hiru soprano, bi kontralto, tenorea, baritonoa eta baxua.

Mahlerrek apenas bi hilabetetan konposatu zuen, eta zendu aurretik estreinatu zuen azken obra da. Estreinaldi nagusia Munichen izan zen, 1910eko irailaren 12an. Maisuak berak zuzendu zuen, eta harrera bikaina egin zioten. Haren Bederatzigarren Sinfonia eta amaitu gabe dagoen Hamargarren Sinfonia hil ostean estreinatu ziren. Zortzigarrena da, agian, maisuaren partiturarik distiratsuena eta optimistena, eta hala uste zuen egileak berak ere. “Idatzi ditudan beste obrak tragikoak eta subjektiboak dira, baina honek alaitasuna barra-barra zabaltzen du”, adierazi zion gutun batean haren lagun Richard Specht-i, 1906an.

Milan, eszenatoki desiratua

Oraingo honetan, Ricardo Chailly maisuaren aginduetara aurre egingo dio abesbatzak partiturari. Italiar zuzendaria Mahlerren aditua da, eta haren hamar sinfoniak grabatu ditu. Azaroan emango dituen bi kontzertu horiekin, Orfeoiak debuta egingo du Milanen, nahiz eta Italian lehenago ere izan den, abesbatzak herrialde horretako hainbat hiritan eta jaialditan abestu baitu 1950etik. Aurten bertan, hiru egitarau desberdin interpretatu ditu Erromako beste hainbeste eszenatokitan: Arte Ederretako Espainiar Akademian, Unibertsitate Gregorianoan eta San Pedro Basilikan, Claret aitaren kanonizazioa dela medio. Umbrako Sagra Musikale jaialdian (Perugia) bi kontzertu eman zituen 1958an, eta beste bi emanaldi 1987an: Brahms-en Alemaniar requiema interpretatu zuen, Lorin Maazel maisuak eta Londresko Sinfonikoak lagunduta, eta Orfeoiaren haur-abesbatzak abesti herrikoiak eskaini zituen, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Urte horretan, Beethovenen Bederatzigarrena abestu zuen Erromako Operaren Antzokian, Londresko Sinfonikoarekin batera. 1991ean, Ravennako Jaialdian parte hartu zuen, Toulouseko Kapitolioaren Orkestra Nazionalak lagunduta eta Michel Plasson maisuaren esanetara (Fauré-en eta Poulen-en obrekin). Horrez gain, Salernoko Katedralean Berliozen Faustoren kondenazioa obraren bertsio bat eskaini zuen, Frantziako Irratiaren Orkestra Filarmonikoarekin batera eta Marek Janowski zuzendari zutela.

Riccardo Chailly (Milan, 1953)

Titularra da Leipzig-eko Gewandhaus orkestran, munduko orkestra pribaturik zaharrena, alegia, 1743an sortutakoa. Opera italiarrean espezialista da (Rossini, Verdi…) eta baita XX. mendeko errepertorioan ere, hala nola Mahler (haren sinfonia guztiak grabatu ditu), Schönberg, Messiaen eta Berio.

Hogei urte zituela, Claudio Abbado maisuaren zuzendari-laguntzaile bilakatu zen, Scala Antzokian, eta bertan izan zuen debuta zuzendari gisa, 1978an. Laster, kontratu ugari hartu behar izan zituen bere gain: Vienako Opera, Metropolitan Opera, Coven Garden abesbatza, Salzburgoko Jaialdia eta Bavariako Opera Estatala zuzendu zituen.

1982 eta 1988 artean, Berlingo Irratiaren Orkestra Sinfonikoaren buru izan zen. 1988tik 2004ra, zuzendari nagusia izan zen, eta orduz geroztik, Amsterdameko Concertgebouw Errege Orkestraren zuzendari emeritua da. 1999an, Giuseppe Verdi Milango Sinfonikoaren zuzendari titular izendatu zuten. Karguan izan zen 2005era arte, eta harrezkero, ohorezko zuzendari da. Urte horretan bertan, Leipzig-eko Gewandhaus Kontzertu Aretoko Orkestraren titular izendatu zuten.

Milandar maisuaren iritziz, “orkestra-zuzendari izatea lanbide liluragarria eta obsesiboa da, ez duzulako inoiz amaitzen, ez ikasteaz, ez obra bat hobetzeaz. Musikaren gai amaigabera bereganatzeko ahaleginean zabiltza etengabe”.

Verdiren bigarren mendeurrena dela medio, Milango Scala Antzokiko Filarmonikarekin batera “Biba Verdi, oberturak eta preludioak” izeneko lana grabatu zuen, eta Verdirik sinfonikoa bildu zuten bertan.

Riccardo Chailly-k Mahlerren sinfonia guztiak erregistratuta zituen jada, Amsterdameko Concertgebouworkest orkestrarekin, eta 2011n Beethovenen sinfonia eta hamaika oberturak grabatu zituen Gewandhaus orkestrarekin. Azken proiektu horretan, Chailly-k 30 urtetan zehar Beethovenen gainean egindako lana jasotzen da, eta Gewandhaus orkestrak 200 urtez konpositoreari emandako dedikazioa ere bai, konpositorearen garaitik musika jotzen baitu.

“La Verdi”

Vladimir Delman-ek 1993an sortu zuen “la Verdi” ezizenez ezaguna den orkestra gazte hau, erakunde independentea eta autonomoa eratzeko asmoz, eta gaur egun, tokiko eta eskualdeko instituzioen eta bazkide pribatuen babesa dauka.

Italia osotik birak egin ditu, baita Frantziatik, Espainiatik eta Portugaldik ere, eta, horrez gain, Txilen, Argetinan eta Brasilen izana da. 2004an, Festival delle Nazioni de Città di Castello jaialdiko orkestra egoiliar bilakatu zen. Errusiatik bira egin zuen iaz, Moskun eta San Petersburgon emanaldiak eskaini zituelarik. Riccardo Chailly izan zuen zuzendari titular 1999tik 2005era, eta gaur egun, John Axelrod estatubatuarra da zuzendari nagusia. Orkestrak Cariplo Fundazioa Entzunaretoan dauka egoitza (Milanen), eta eraikina, haren ezaugarri arkitektonikoei eta akustikoei esker, Italiako kontzertu-areto onenen artean dago.

Hainbat maisuren esanetara aritu da, besteak beste: Riccardo Muti, Valery Gergiev, Rudolf Barshai, Claus Peter Flor, Christipher Hogwood, Helmuth Rilling, Peter Maag, Daniele Gatti, Ivor Bolton, Vladimir Jurowski eta Yakov Kreizberg.

Hogeita hamar grabazio inguru egin ditu, hainbat konpositoreren lanekin, hala nola Verdi, Shostakovich eta Rossini. 2012-2013 denboraldian, 38 egitarau sinfoniko interpretatu zituen iraila eta ekaina artean.

2002ko apirilean, Giuseppe Verdi Milango Orkestra Sinfonikoa eta Abesbatza Sinfonikoa Fundazioa eratu zen. Erakundean parte hartzen dute Milango Herri Bankuak, hiriko Udal-gobernuak, Merkataritza Ganberak, Lombardiako eskualdearen gobernuak eta zenbait marka komertzialek. Bazkide horiek guztiek orkestrari eta abesbatzari babesa ematen diete, aurrera egiten dutela bermatzeko.

“La Verdi” orkestraren abesbatza

1998an, orkestraren mende dagoen Milango Giuseppe Verdi Abesbatza Sinfonikoa sortu zen. Ehun ahots inguru ditu, eta Barrokotik XX. mendera arteko operak, sinfoniak, ganbera-obrak eta polifoniak jasotzen ditu.

Erina Gambarini da oraingo zuzendaria. Verdiren Lau eliz obrak interpretatuz egin zuen debuta, eta orduz geroztik, abesbatzak errepertorioa handitu du. Gaur egun, Italiako jaialdietan maiz parte hartzen du, batzuetan orkestrarekin batera, eta disko ugari grabatu dituzte elkarrekin. Halaber, nazioko eta nazioarteko beste orkestra batzuekin lankidetzan aritu ohi da.

Abesbatza 2001ean egonkortu zen, Claudio Abbado zuzendariarekin eta Verdiren Simon Boccanegra operarekin egindako biran. Ferrara, Parma eta Bolzano izan ziren egitaraua interpretatzearen arduradun. Hurrengo urtean, Spoletoko Jaialdian parte hartu zuten, izena ematen dien konpositorearen beste obra batekin: Macbeth, Riccardo Frizza izan zuten zuzendari orduan.

2006an, Milango Scala Antzokian estreinakoa egin zuen, Prokofiev konpositorearen Alexander Nevsky interpretatzeko, Vladimir Jurowski zuzendariaren aginduetara. Eszenatoki ospetsu horretara itzuli zen 2011n, Benjamin Britten-en Gerrako requiema abestera, Xian Zhang maisuak zuzenduta.

“Verismo Arias” CDa editatu zuten 2010ean, eta lanak ahots-interpretazio klasikorik onenaren Grammy saria lortu zuen. La Verdi orkestrarekin batera grabatu zuten, Marco Armiliato maisuak zuzenduta eta Renée Fleming sopranoak eta Jonas Kaufmann tenoreak lagunduta.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.